Astean hiruzpalau etorkinek osasun laguntza galtzen dutela salatu dute

Nafarroako Munduko Medikuek salatu dute murrizketak «heriotza sententzia» izanen direla hainbat kasutan

Osasun Batzordeko lan saioa, atzo. Mahaian, Abortuaren Aldeko Plataformako kideak. I. ZABALETA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Arazoak badaude. Astean hiruzpalau etorkini ukatzen diete lehen mailako osasun arreta Nafarroan; gehiago izanen dira, denek ez baitute egoera salatzen». Horixe nabarmendu du Patricia Ruizek, Nafarroako ParlamentukoOsasun Batzordeko ordezkarien aurrean. Munduko Medikuak elkarteko kidea da, eta Javier Cañada taldekidearekin batera, «hagitz kezkatuta» agertu da: «Murrizketekin, jendea hil eginen da; osasun laguntza jasotzeko ezarri nahi dituzten baldintzak heriotza zigorra izanen dira hainbat kasutan».

Espainiako Gobernuak paperik gabeko etorkinak osasun sistematik at uztea erabaki eta gero, Nafarroako Gobernua dekretu hori ezartzeko araudia prestatzen hasi zen. Oraindik ez du indarrean jarri. Bitartean, Osasun Departamentuak «gaixo guztiak artatzeko» agindua eman duela erran du behin baino gehiagotan Marta Vera Osasun kontseilariak, eta ukatu du arazorik sortu dela.

Munduko Medikuak elkarteko kideek errealitatea bertzelakoa dela argi utzi dute Nafarroako Parlamentuan. Paperik gabeko etorkinek harreran dute muga, Ruizek salatu duenez: «Sendagileek haiek artatzeko borondatea badute, baina kontua da osasun etxeko harreran ez dietela aukerarik ematen sendagileengana ailegatzeko. Ez dituzte hartzen. Administrazioan arazo bat dago».

Nafarroako Gobernua prestatzen ari den araudiak hainbat baldintza ezartzen ditu paperik gabeko etorkinak osasun sisteman artatu ahal izateko. Gutxienez urtebetez erroldatutakoek osasun txartela jasoko dute baldin eta zigor aurrekari edo auzirik ez badute, eta diru baliabiderik ez badute —hilean 533 euroko baino gutxiagoko soldata—. Etorkinek ordaindu egingo dute zerbitzuagatik: 764 euro urtean, 18-64 urte artekoek; 2.676 euro, zaharragoek. Pagatzeko, diru laguntza emango die gobernuak. Urtebete baino gutxiagoz erroldatutakoek, berriz, ez dute diru laguntzarik jasoko zerbitzua ordaintzeko. Ordaindu ezean, soilik larrialdietan artatuko dituzte.

Baldintza horiek ez direla bidezkoak nabarmendu du Cañadak, eta oraindik bertan behera uzteko garaiz dela gogorarazi dio Nafarroako Gobernuari. Gutxienez arindu ditzala eskatu dio. Baldintzak aldatzen ez badira gaixo kronikoak osasun laguntzarik gabe geldituko direla ohartarazi du. «Kasu jakin baten berri jaso dugu guk. Afrikarra da mutila, eta zigor aurrekariak ditu. Buruko gaitz bat du, tratamendua behar du, baina jasotzeko aukerarik gabe geldituko da». Ziur daude ez dela bakarra.

«Osasun arretak ezin du izan luxu bat; herritar guztiek izan behar dute osasun arreta jasotzeko eskubidea eta aukera, berdintasun egoera batean; are gehiago, oraingoa bezalako krisi garaian», erran du Cañadak.

NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak eskatuta agertu dira Munduko Medikuak elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan. Taldeok gogor kritikatu dituzte Nafarroako Gobernuak ezarri nahi dituen baldintzak. «Osasun sistema pribatizatzeko lehen urratsa da», erran du NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek. Gobernuak ezarri nahi dituen neurrien atzean «eskuinaren ideologia» dagoela azpimarratu du Bilduko Bakartxo Ruizek. Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, neurrien «kutsu xenofoboa» salatu du. UPNk eta PPNk Espainiako eta Nafarroako gobernuek hartutako neurriak babestu dituzte.

GIBa dutenen egoera

Osasun arretan ezarriko dituzten murrizketek GIBa (giza immuno-eskasiaren birusa) duten paperik gabeko etorkinei zuzen eraginen diete. «Tratamendurik gabe geldituko dira. Nola erranen diogu pertsona bati birusa duela baina ezin izanen duela jaso tratamendua?». Galdera hori Hiesaren Aurkako Batzordeko kide Asun Roldanek egin du. Nafarroako Parlamentuan egon da hura ere, Osasun Batzordeko kideen aurrean, Sare elkarteko Julia Munarrizekin batera.

Murrizketek etorkinen tratamenduan zer-nolako ondorioak izanen dituzten salatu dute, eta agerian utzi dute, halaber, urte luzez garatu dituzten programak arriskuan direla. «Ez dakigu hurrengo urtean zer gertatuko den». Gaixotasunari aurrea hartzea eta sexu heziketa lantzea funtsezkotzat jo dute Roldanek eta Munarrizek. «Noiz konturatuko da Nafarroako Gobernua sexu heziketak gure seme-alabentzat duen garrantziaz?», galdetu du Munarrizek. Sexu heziketak eskoletan egon behar duela erantsi du. «Ezin dugu onartu sexua arduraz bizitzeko heziketa, oraindik ere, tabu edo bekatu izatea». Hiesaren kasuan, heziketak dirua aurreztuko duela gaineratu du Roldanek.

Sexu heziketaren garrantzia nabarmendu dute, halaber, Abortuaren Aldeko Batzordeko kideek, Nafarroako Parlamentuan. Azpimarratu dute esparru horretan izan diren murrizketek eragina izan dutela abortu kopuruaren igoeran. «Horrek erakusten du gaizki ari garela. Bereziki, gazteen eta etorkinen artean egin du gora», erran du batzordeko kide Oihana Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.