Astebetean zortzi genero indarkeria kasu izan dira

Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza indartu nahi du Jaurlaritzak, Aresek esan duenez

Erredakzioa
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Azken egunotan zortzi genero indarkeria kasu izan dira Hego Euskal Herrian. Azkena, Irunen (Gipuzkoa), astearte iluntzean: 41 urteko gizonezko batek emaztea kolpatu zuen haur-kotxe baten aurka, kalean eztabaidan ari zirela. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, hartutako kolpeek eragindako zauriak sendatzeko.

Gasteizen beste hiru gizon atxilotu dituzte udaltzainek, genero indarkeria egotzita. Igande iluntzean 43 urteko gizon batek bikotekide ohia besoan zauritu zuen, elkarrekin duten haur bat emakumearen etxera zeramala. Biktimak urruntze agindua eskatu du.

Astearte goizaldean, berriz, gizonezko batek bere neska-lagun ohiarekiko zeukan urruntze agindua hautsi eta harekin eztabaidan hasi zen Gasteizko autobus geltokian. Eta astelehenean, 52 urteko gizon batek bere emazte ohiaren ahizpa kalean jazarri zuen. Koinata ohia iraindu eta aurpegian tu egin zion; haren ahizparekiko urruntze agindua zeukan.

Bestalde, Nafarroako Foru Poliziak azken astean gertatu direnkasuei buruzko datuak eman ditu; asteartetik larunbatera bitartean, lau gizonezko atxilotu dituzte foruzainek emakumeei tratu txarrak emateagatik.

Erasotzaileek 29 eta 42 urte bitartean dituzte, eta erasoak Altsasun, Barañainen, Eguesibaren eta Iruñean gertatu dira. Guztietan gizonezkoek bikotea -kasu batean bikotekide ohia- iraindu eta mehatxatu dute, eta emakume batek izan ezik, guztiek salatu dituzte tratu txar fisikoak. Kasu batean, emakumeak adierazi zuen ez zela lehenengo aldia eraso egiten ziona. Dena den, bakarrak eskatu du urruntze agindua.

Laguntza gehiago

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago emango dizkio Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zerbitzuari. Haren iritziz, Mariola Serranoren gidaritzapeko erakundea lan «bikaina» egiten ari da; hori dela eta, langile gehiago kontratatu nahi ditu Jaurlaritzak. Adierazpenok Bilbon egin ditu Aresek, Eusko Jaurlaritzak antolatutako genero indarkeriari buruzko jardunaldietan. Aresek aditzera eman du Herrizaingo Sailaren «lehentasun» bat dela «akats sozial» hori amaitzea. Jaurlaritzak «arreta osoa» eskainikodio arazoari, beste erakunde eta instituzioekin elkarlanean arituz. Biktimentzako arreta zerbitzua mantentzeaz gain, genero indarkeriarekiko sentiberatze eta prebentzio kanpainak nahi ditu abian jarri.

Datu ofizialen arabera, abuztura bitartean 2.780 eraso gertatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina 1.934 baino ez dituzte salatu. Euskal Herri osoan, bost dira genero indarkeriak aurten hil dituen emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.