Hector Fabio Henao Kolonbiako Caritasen Gizarte Pastoraleko zuzendaria da. Kolonbiako Elizaren hainbat ordezkarirekin batera bitartekaritza lana egiten ari da ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren artean, ELNk bahituta dituen zazpi turistak askatzeko.
ELNk iragarri du astebeteko epean aske utziko dituela bahituak. Epe hori bete al daiteke?
Egia esan, astebeteko epea aipatu dute eta beren borondatea hori izan daiteke, baina oraindik hainbat gai ondo lotu behar dira.
Esaterako?
Nazio Batuen Erakundearen partaidetza. ELNk nahi du NBEko kideak egon daitezela bahituak jasoko dituen batzordean, baina NBEk bere jarrera eta ekintzak erabaki behar ditu, New Yorken.
Beraz, bahituak askatzeko prozesuak aste bat baino gehiago iraun dezake, ezta?
Bai. Xehetasun guztiak ahalik eta azkarren lotzea espero dugu, baina prozesuak nahi baino gehiago iraun dezake.
Kolonbiako Gobernuak proposamenaren aurrean jarrera ona izan duela esan du Dario Echeverri batzordekideak. Hala al da?
Bai, hala da. Baina, lehen esan bezala, hainbat xehetasun daude bai alde batekin bai bestearekin lotzeko. Horregatik, aste honetan bertan bilera berri bat egin beharko dugu ELNko kideekin, dena ondo lotzeko.
Itaguiko kartzelan dagoen Francisco Galan ELNko kidea aske uztea al da Kolonbiako gobernuak jar dezakeen eragozpenetako bat?
Ez. Aurretik ere Francisco Galanek egin ditu sartu-irteerak kartzelatik eta ez da inolako arazorik egon.
Bahitutakoen osasun egoeragatik kezkatuta zabaldu zen duela gutxi. Haien osasun egoerari buruzko informaziorik jaso al duzue?
Gezurra da bahituen osasun egoerak kezkatzen gaituenik. Gerrillako ordezkariekin hitz egin dugu eta bahituak ondo daudela esan digute. Sinesten diegu. Kezkatuagoak gaude eguraldiagatik. Lurralde malkartsua eta basatia da Santa Martako Sierra Nevada eta eguraldi txarra eginez gero, zaila izan daiteke janaria, edaria eta bestelako produktuak hara iristea.
ELNko ordezkariekin izan duzuen harreman guztia Itaguiko kartzelatik bideratu duzue. Nolakoak izan dira harremanak?
Itaguiko kartzelan Francisco Galan ELNko kidearekin bildu gara eta Kolonbiako gobernuak emandako irrati baten bidez harremanetan jarri gara Antonio Garcia ELNren Aginte Goreneko (COCE) arduradunarekin. Itaguikoa segurtasun goreneko kartzela da, baina negoziazioak eta harremanak lasai egiteko aukera izan dugu.
ELNk esan du bahituen askapena Kolonbiaren etorkizunari egindako keinua dela. Zer garrantzia dute aurreko astean egindako hauteskundeen emaitzek adierazpen horretan?
Garrantzia handia. ELNk hauteskundeen emaitzak aztertu ondoren egin ditu adierazpenok. ELNk ikusi du ohikoak edo tradizionalak ez diren alderdi politikoetako ordezkariek irabazi dituztela hauteskundeak, eta horrek bultzatu ditu Kolonbiako etorkizunari buruzko aipamena egitera.
Zuek Santa Martan egon zarete. Zer nolako egoera bizi dute?
Beste lurralde batzuetatik ihes egin duten hainbat lagun bizi dira bertan eta guri salatu zigutenez, gerrilla eta ejerzitoa bertan sartu zirenetik asko okertu da beren egoera.
Beharrezkoa al da atzerritarrak joatea egoera hori salatzera?
Oraingoz adostu dugunez, NBEren Kolonbiako kideek parte hartuko dute Santa Martako krisi humanitarioa aztertzeko batzordean.
Ba al duzue inolako harremanik Eusko Jaurlaritzarekin?
Nik behintzat ez. Espainiak Kolonbian duen enbaxadorearekin, berriz, harremanak izan ditugu tarteka.
KOLONBIAKO BAHIKETA. HECTOR FABIO HENAO
«Astebeteko epea aipatu dute, baina hainbat xehetasun lotzea falta da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu