Eusko Legebiltzarra/Auzitegi Gorena

Astelehenean aztertuko du Legebiltzarreko Mahaiak Gorenak helarazitako ebazpena

Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteko Espainiako Auzitegi Gorenak prestaturiko auto judiziala gaur goizean iritsi da Eusko Legebiltzarrera, baina Legebiltzarreko Mahaiak ebazpen hori datorren astelehenean, hilak 30, aztertzea erabaki du. Gorenak helarazitako autoa gaur ez aztertzeko arrazoi nagusia "denbora eza" izan dela esan du Legebiltzarreko Mahaiak.

2003ko ekainaren 24a
18:53
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarrari emandako aginduak eta Estatuko Fiskaltzak jarritako kereilak giro nahasia sortu dute Eusko Jaurlaritza eratzen duten alderdien eta Espainiako Gobernuaren artean. Azkenean, gaur goizean iritsi da Eusko Legebiltzarrera Sozialista Abertzaleak (SA) talde parlamentarioa desegiteko hartu beharreko neurrien ebazpen judiziala. Ordu horretan zen hastekoa Legebiltzarreko Mahaia, eta autoa azken orduan iritsi denez, Gorenaren agindua datorren astelehenean, hilak 30, aztertzea erabaki du Mahaiak, "denborarik ez" zuela egotzita.

Hala, hirukoa osatzen duten alderdietako zuzendaritzek ebazpenaren aurrean momentuz ez dutela neurririk hartuko adierazi dute. Azken egunotan mahai gainean zegoen aukera bat jada baztertu du hirukoak; alegia, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura berezia egitea Auzitegi Gorenaren epaiari buruz jarrera sendoa agertzeko. Hartara, euskal erakundeen aldeko manifestazioa egitea eta Gorenaren aurkako jurisdikzio helegitea aurkeztea dira hirukoak epe laburrean gauza ditzakeen ekimenak.

Erabakiak erabaki, Eusko Legebiltzarrak gaur ordaindu dizkie parlamentario guztiei euren soldatak –SAko sei parlamentarioenak barne–. Soldatak ordaintzea ez du galarazten Fiskaltzaren ebazpenak, baina bai taldeari eman beharreko laguntzak.

Giro nahasi honen aurrean, Auzitegi Goreneko magistratu Jose Antonio Martin Pallin eta Clemente Augerrek "Atutxaren jokabideari babesa emateko" manifestazio bat antolatzea "ezegokia" dela iritzi diote. Jaime Mayor Oreja, aldiz, haratago doa, eta Legebiltzarrak jarrera "erasokor" horrekin jarraituz gero, "Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu" daitekeela esan du, autonomia bertan behera uztea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.