Astelehenean berriz hasiko dira erditzeak egiten Lizarrako Garcia Orkoien erietxean

Abenduaren hasieran itxi zuten zerbitzua, baina orain berriz ere irekitzeko eran direla esan du Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek

(ID_17019514812005) Lizarran, manifestazioa
Manifestazioa Lizarran, erietxean erditzeak ez zirela egingo jakin ostean. BERRIA
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 19a
18:00
Entzun

Abenduaren hasieran Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen Lizarrako Garcia Orkoien erietxeko profesional faltaren ondorioz Iruñera eta Tuterara bideratuko zirela Lizarraldean haurdun ziren emakumeen erditzeak. Astelehen honetan, ordea, berriz hasiko dira zerbitzu hori ematen.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek egin du jakinarazpena, Nafarroako Parlamentuan, UPNk egindako galdera bati erantzunez. Gogora ekarri du «aldi batekoa» izan zela zerbitzuaren itxiera, eta, behin hura berriz eskaintzeko urratsak eginda, arazorik gabe jarriko dela martxan astelehenetik aurrera.

Dominguezek gogoratu du arlo horretan espezializatutako bi osasun profesional behar direla erietxean, eguneko 24 orduz, erditzeak artatu ahal izateko eta Ginekologia zerbitzuan eskaintzen diren gainerako zerbitzuak emateko; eta behar izan diren kontratazioak eta egokitzapenak egin dituztela hori bermatu ahal izateko. 

Azaldu duenez, Lizarrako erietxeko Ginekologia zerbitzurako zortzi lanpostu daude denera, baina horiek betetzen dituzten lau langile, ordea, ez dira lanean ari: gaixo agiriarekin daude bi, eta amatasun baimenarekin beste bi. Horrek sortu ditu arazoak. Nafarroako Unibertsitate Klinikako hainbat profesionalek, «borondatez», zenbait lan txanda betetzeko urratsa egin dutela azaldu du, eta, hartu diren gainerako neurriekin batera, horrek ere lagundu duela oraingo lantaldea indartzen.

Kontseilariak esan du iragan asteotan erditze bakan batzuk egin direla Lizarrako erietxean; atzeratu ezin zirelako artatu dira, edota justu une horretan aski profesional bazelako ospitalean bertan egiteko. Adierazi duenez, Ginekologia zerbitzuko gainerako artetan etenik ez da izan: 200 kontsulta eta hogei ebakuntza egin dituzte, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.