Lizarrako ospitaleko erditzeak Iruñean eta Tuteran egingo dira bihartik aurrera

Nafarroako Gobernuaren arabera, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia espezialitateetako zortzi profesionaletatik bost falta dira.

Garcia Orkoien ospitalea
Lizarrako Garcia Orkoien ospitalea. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko abenduaren 6a
14:04
Entzun

Profesional faltaren ondorioz, bihartik aurrera Iruñeko Unibertsitate Ospitalean eta Tuterako Reina Sofia Ospitalean egingo dituzte Lizarraldean (Nafarroa) haurdun diren emakumeen erditzeak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Lizarrako Garcia Orkoien erietxean, Ginekologia eta Obstetrizia unitateetako zortzi medikutatik bost falta dira, eta «behin-behinean» ezingo da erditzerik egin bertan.

Osasun Departamentuak ez du oraindik argitu noiz itzuliko diren normaltasunera. Egoera «ahalik eta azkarrena» zuzentzea espero dute.

Mediku falta

Azken hilabeteetan, Lizarrako erietxeko espezialitate horren antolamenduan izandako arazoei eutsi ahal izan zaie, «lanean diren profesionalen esfortzuari esker» eta taldean egindako moldaketa baten ondorioz, Gobernuaren arabera. Izan ere, medikuen erdiek gaixo agiria zuten —haietako batek, iraupen luzekoa—. Gainera, Garcia Orkoien ospitalean borondatezko guardiei erantzuteko Iruñeko Unibertsitate Ospitaleko medikuen txandak berrantolatu dira, eta bertako medikuek erantzun diote hutsune horri.

Alta, gobernuaren arabera, azken egunetan Ginekologia eta Obstetrizia unitateko beste mediku batek gaixo agiria hartu behar izan du, eta lanera itzultzekoa zen mediku bati «modu iraunkorrean» luzatuko zaio gaixo agiria. Aldi berean, Osasun Departamentuaren arabera, Iruñeko ospitaleko profesionalak ere ezin dira Lizarrara joan bertako zerbitzuari eragin gabe.

«Gure pazienteen osasuna eta artatze kalitatea beste ezeren gainetik dago. Hori ikusita, beste ospitaleetara bideratzea da erabakirik arduratsuena eta koherenteena».

FERNANDO DOMINGUEZ Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria

Erditu behar diren emakumeei eragingo die egoerak. Izan ere, erditzeak artatzeko egunero bi mediku behar izaten dira. Hilabete honetan, 25 erditze espero ziren Lizarrako Garcia Orkoien ospitalean. Bihartik aurrera, Iruñera bideratuko dituzte, eta Erriberatik gertuago diren eremuetan, Tuterara. Berez, Garcia Orkoien ospitaleak Lizarraldeko herritarrak artatzen ditu: Ameskoa-Antzin, Lizarra, Los Arcos, Lodosa, Allo, Villatuerta, Viana eta Villatuerta osasun barrutietako pazienteak, alegia.

Fernando Dominguez Osasun kontseilaria atsekabetuta agertu da erabaki hori hartu behar izan duelako. Azaldu duenez, azken hilabeteetako arazo horri luzarora nola aurre egin aztertzeko lanean aritu dira ospitaleko espezialitate horretako taldearekin batera. Alta, «bat-batean profesionaletako batek gaixo agiria hartu behar izan duenez eta beste batek berea iraunkorki luzatu, gure asmoak aldatu behar izan ditugu». Era berean, kezka azaldu du gaixo den mediku baten egoeragatik. 

Erabakia gustukoa izan ez arren, Dominguezen arabera, pazienteen segurtasuna eta artatze kalitatea dira lehentasuna: «Hori ikusita, beste ospitaleetara bideratzea da erabakirik arduratsuena eta koherenteena».

UPNren kritika

UPNk, ohar bidez, haserrea agertu du erabakiaren inguruan, eta Osasun Departamentuaren noraeza gaitzetsi du. Alderdi horren arabera, Lizarrako erietxean «aspalditik» dituzte azaroak Ginekologia arloko giza baliabideen kudeaketarekin lotuta, eta gobernuak «ez du ezer egin». 2018tik zerbitzuak «okerrera» egin duela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.