Sortu. Legeztatze prozesua

Astelehenean egingo dute Sorturi buruzko auzi saioa Gorenean

Guardia Zibilaren eta Poliziaren txostenen egileak peritu gisa deklaratzea proposatu dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuakSortuk ETA amaitzeko «ahalmenik ez» duela esan du Conde-Pumpidok

jokin sagarzazu
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenaren eskuetan dago Sorturen etorkizuna. Fiskaltzaren, Estatuaren abokatuaren eta Sorturen abokatuen txostenak jaso ondoren, 61eko Sala osatzen duten hamasei magistratuak hasi dira alderdi politiko berriaren erregistroari buruz deliberatzen. Erabaki bat ere hartu dute dagoeneko. Astelehenean saio publikoa egingo dute Auzitegi Gorenean, eta auzian pertsonatuta dauden alde guztiek parte hartuko dute han. Erabaki horrekin Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak eginiko eskaera onartu du Auzitegiak; defentsak, aldiz, ez zuen auzi saio baten beharra ikusten, froga osoa dokumentala dela argudiatuz.

Auzi publikoa 10:30ean hasiko da. Magistratuek saio horretan erabakiko dute aldeek proposatu dituzten peritu edota lekukoak onartu edo ez. Gauza bera egingo dute osagarri dokumentalekin.

Sorturen defentsak ez du lekukorik aurkezteko eskaerarik egin. Bai ordea akusazioak. Fiskaltzak eta Estaturen abokatuak eskatu dute Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenen egileak peritu gisa deklaratzea. Hitza emango dien erabaki ez duen arren, Auzitegi Gorenak polizia horiei dei egin die auzi saiora bertaratzeko. Defentsak ez du peritu horien beharrik ikusten.

Auzia saioa ez da asko luzatuko, ezta erabakia ere. Carlos Divar Auzitegi Goreneko presidenteak adierazi duenez, maiatzaren 22ko hauteskundeak baino lehen emango dute ebazpena. Horretarako, datozen hiru asteburuak lanerako baliodun izendatu ditu Gorenak.

Hamasei epailek osatzen dute Auzitegi Goreneko 61eko sala, Alderdien Legea ezartzeko zeregina duen sala berezia. Hamasei epaile horietatik ia erdiarentzat lehenengo aldia izango da legez kanporatze prozesu batean parte hartzen dutena. Carlos Lesmes Sorturi buruzko ebazpena idatziko duen epailea da horietako bat—Auzitegi Nazionalean aritu da aurretik—. 2003an legez kanporatze prozesuak hasi zirenetik, lehenengo aldia da, halaber, Auzitegi Gorenean «gehiengo aurrerakoi» bat dagoena.

Akusazioaren eta defentsaren txostenak izango dituzte epaileek mahai gainean. Guardia Zibilaren eta Poliziaren txostenak aztertu ondoren, Fiskaltzak eta Estatuko abokatuak ondorioztatu dute Sortu «Batasunaren jarraipena» dela. Alderdi berriak indarkeriari buruz egindako arbuioa «kosmetikoa, erretorikoa eta instrumentala» dela eta ETAk zehaztua dela argudiatu dute.

Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuen txostenei aurkeztutako alegazioetan, berriz, Sortuk dio bere estatutuak ETAren indarkeria amaitzeko tresna eraginkorra direla eta Sortuk ezker abertzalearen iraganeko beste antolakuntzekin «haustura bat» dakarrela.

Sinesgarritasuna, ezbaian

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak, baina, ez du horren argi. «Sortuk ez du ahalmenik ETAri desegin dadila inposatzeko. Jendaurrean exiji diezaioke desegiteko, baina oraindik ez dio halakorik esan», nabarmendu du.

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak aurkeztutako tesiari jarraiki, Conde-Pumpidok uste du «ETAk ontzat jotako» proiektu politikokoa dela Sortu. «ETArekin hautsi edo hura desegin ezean, ahal dugun guztia egingo dugu Batasunaren jarraipena direnak erakundeetan ez egoteko», gaineratu du.

Fiskal nagusiaren hitzak txalotu dituzte Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Antonio Basagoiti EAEko PPrena. ETA «operatibo» dagoen bitartean ezker abertzaleak ezin izango duela bozetan parte hartu adierazi du Sanzek. Basagoitik, berriz, esan du «orain arte emaitza onak eman dituen estrategia» aldatzeko beharrik ez dagoela. «ETAri ikusarazi behar zaio alor guztietatik, eta politikotik bereziki, desagertu behar duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.