Garraioa

Astelehenetik aurrera sartuko dira indarrean Renferen doako abonu berriak

Iazko irailetik dago neurria martxan Hego Euskal Herrian; lau hilabetean behin berritu behar dira doako abonuak.

Donostiako tren geltoki bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko apirilaren 28a
15:55
Entzun

Amaitzear da apirila, eta, horrekin batera, iraungitzear dira Renferen deskontu abonuak. Lau hilabete irauten dute abonuek; hortaz, datorren astelehenetik aurrera berriak erabili beharko dira Renferen tren zerbitzuan —abuztu amaierara arte balioko dute—. Renferen webgunean, aplikazioan, geltokietako makinetan edo aurrez aurre berritu daiteke abonua.

Iazko udan iragarri zuen Espainiako Gobernuak garraio publikoa sustatzeko neurri hori, beste hainbaten artean. Energia krisi bete-betean, inflazioari aurre egiteko jaitsiarazi zituen garraio publikoaren prezioak. Lau hilabeterako zen printzipioz, irailetik urte amaierara arte, baina 2023 osora luzatu zituzten deskontuak.

Erabakiak aldiriko trenei eta distantzia erdikoei eragiten diete; horietako abonuak doakoak dira. Ohi gisa, 10 euroko bermea ordaindu behar da aldirikoetan, eta 20 eurokoa distantzia ertainekoetan. Lau hilabetean gutxienez hamasei bidaia eginda, dirua itzultzen zaio erabiltzaileari. Beste zerbitzu batzuetan, erdi prezioan garraiatzeko aukera ematen du Renfek.

Eta harrera ona izan dute doako abonuek urte hasieran, oro har. Hilabeteko epean, Renfek 93.000 abonutik gora banatu zituen —92.236 izan ziren irailean—. Hortaz, ez dira behin-betiko datuak; zenbaketa horietan ez daude lauhileko bakoitzeko gainontzeko hiru hilabeteetan banatu direnak. Dena dela, orokorrean apur bat gora egin du garraio publikoaren erabilerak, Renferi dagokionez.

Abonu horien guztien artean, %91 aldiriko trenei zegozkien (84.677 abonu), eta gainontzeko %9, berriz, distantzia erdikoei (8.356). Aurreko aldian baino 4.000 abonu gehiago banatu zituzten aldirietan; distantzia erdikoetan, berriz, ia 4.000 gutxiago.

Aldirietako bi zerbitzu daude Hegoaldean: Bilbokoa eta Donostiakoa. Urtarrileko datuen arabera, ia bi heren Bilbokoan garraiatzeko eman zituen Renfek (53.850). Nabarmen gehiago izan ziren iraileko abonuekin alderatuta; ordukoekin alderatuz gero, 7.709 gehiago. Gainontzekoak Donostiako aldirietako linearako eman zituen Renfek (30.827). Koska bat behera egin zuten: irailean baino 3.000 inguru gutxiago banatu dira.

Distantzia erdiko trenek Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen dituzte, eta horiek Mirandarekin, Zaragozarekin eta Santanderrekin. Urtarrilean zehar 8.356 abonu banatu zituzten distantzia erdiko zerbitzurako. 4.286 Nafarroan, eta 4.070 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumenaren pean diren garraiobideek %30eko deskontuak dituzte. Espainiako Gobernuak ordaintzen du desberdintasun hori. Horretaz gain, garraioa beste %20 merkatzeko aukera dute tokiko erakundeek eta tokiko erakundeek, haien kontura. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hala egin dute; Nafarroan, oinarrizko %30eko deskontua dute. Zerbitzuen gaineko informazio gehiago, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.