Deskontuak garraio publikoan

Garraio publikoaren aldeko apustua

Renfen doan bidaiatzen ahalko da irailetik aurrera, eskuragarri jarritako abonuen bidez. EAE eta Nafarroako garraioan %30 eta %50 bitarteko deskontuak egonen dira

Renfen doan bidaiatzeko abonuak eskuragarri daude jada. GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Ukrainako gerrak agerian utzi du munduak zer-nolako dependentzia duen energiarekin. Behar hori ahal bezainbertze apaltzeko, nazioarteko gobernuek neurriak ezarri dituzte jada hamaika arlotan. Agintariek aurkeztutako azkeneko neurriak garraio publikoaren erabilera sustatzea du helburu. Izan ere, abuztuaren hasieran Espainiako Gobernuak iragarri zuen garraio publikoa doan edo erdi prezioan erabiltzen ahalko dela irailetik aurrera eta urtea amaitu arte.

Errege dekretu bidez ezarri dute neurria. Dokumentuan azaltzen denez, Espainiak berak kudeatzen dituen garraiobideetan doan bidaiatzen ahalko da. Horretarako, Renfek abonu batzuk jarri ditu eskura. Jose Rodriguez aldirikoen eta bertze zerbitzu publikoen arloko zuzendaria: «Abonu horiek maiz bidaiatzen dutenentzat dira». Txartelak joan den asteazkenetik eskuratzen ahal dira, abenduaren 31 bitarte.

Ikusi gehiago:Mario Garcia, RACVNko bozeramailea: «Orduko 30 kilometroko muga ez da eraginkorra: gehiago erretzen da»

Renferen aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan aplikatuko da neurria. Aldirikoen abonua bera doakoa da, baina, eskuratzeko, 10 euroko bermea ordaindu beharko da. Urte amaierarako hamasei bidaia eginez gero, aurreratutako dirua itzuliko zaio erabiltzaileari. Hego Euskal Herrian, zerbitzu hori Bilbon eta Donostian erabiltzen ahalko da, bertzeak bertze.

Distantzia ertaineko zerbitzuaren abonua lortzeko, aldirikoaren baldintza berak jarri ditu Renfek, baina desberdintasun batekin: bermea 20 eurokoa da. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak euren artean eta Mirandarekin, Zaragozarekin eta Santanderrekin lotzen dituen lineak hartzen ditu bere gain. «Irailaren lehenbiziko egunetik aurrera, Avant txartelak ere salgai egongo dira, %50eko deskontuarekin», gehitu zuen Rodriguezek.

Renfek adierazi duenez, webgunean izena emateko epea zabaldu zenetik joan den asteartera bitarte, 300.000 erabiltzailek baino gehiagok eskatu dute abonua.

Autonomia erkidegoen esku

Tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumenaren pean dauden garraiobideek, berriz, %30eko deskontuak ezarriko dituzte. Txartelaren prezioan egonen den desberdintasun hori Espainiako gobernuak berak ordainduko du. Gainera, autonomia erkidegoek eta tokiko erakundeek aukera izanen dute deskontua bertze %20 igotzeko, baina beherapen gehigarri horren kostuak euren gain hartu beharko dituzte.

Hego Euskal Herriko garraio publikoetan ere aplikatuko dira neurriok. Euskotren zerbitzuak, adibidez, baldintza berak izanen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %50eko deskontua. Zerbitzu hauetan aplikatuko da: trenbideko bost lineatan, Bilboko Metroaren hirugarren linean, Bilboko eta Gasteizko tranbietan eta Larrinetako funikularrean. BAT, Barik eta Mugi txartelen bidez automatikoki aplikatuko da beherapena.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua: «Neurri sozial eta ekologikoa da, herritar guztiei mesede egingo diena, batez ere klase ertainei eta langileei». Joan den uztailean izan zen Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkura. Hartan mintzatu zen Arriola sailburua beherapenen inguruan.

La Union enpresak ere beherapenak iragarri ditu Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen autobus linean, Gasteiz eta EHUko Leioako campusa lotzen dituen ibilbidea barne hartuz. Deskontua %50ekoa izanen da. Beherapen hori jada existitzen ziren Bidaide eta 60 Bidaianitza tarifen deskontuen gainean eginen da.

ARABA

Arabako garraio zerbitzuetan, BAT txarteleko tarifen gainean ezarriko da %50eko beherapena. Ohiko txarteletan ez da deskonturik aplikatuko. Prezio egokituak Alavabus autobus lineako zerbitzu guztietan aplikatuko dira -Bilbo eta Iruñea arteko ibilbide luzeko linean izan ezik-, baita landa eremua hiriguneekin konektatzen duten eskualdeko garraio linea guztietan ere.

Arabako Foru Aldundiak espero du orain arte garraio pribatua erabiltzen zutenek zerbitzu publikoen aldeko hautua eginen dutela eta «foru garraio publikoaren abantailak eta kalitatea deskubrituko dituztela». Aurreikusten du, gainera, bidaiari kopuruak %6 eginen duela gora eta BAT txartelaren erabilera %27 handituko dela. Neurri horiekin lotuta, Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eskatu zuen 12 urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan izan zezatela.

BIZKAIA

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) joan den ostegunean iragarri zuen aldi baterako txartelen eta Creditrans tarifen prezioak erdira murriztuko direla irailaren 1etik aurrera. Adierazi zuenez, beherapenak BGPko aldi baterako txarteletan, Creditrans eta giza txarteletan aplikatuko dira. Ez, ordea, joaneko txarteletan. Zerbitzu hauetan izanen du eragina neurriak: Bilboko Metroko hiru lineetan, Sopela eta Leioako autobus zerbitzuetan eta Bizkaibus zein Bilbobusen gazte txarteleko zerbitzuetan. Partzuergoak azaldu zuenez, beherapenaren %30 errege dekretuak berak hartzen du bere gain, eta gainerako %20a Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren artean ordainduko da, erdi bana. 

Bizkaiko gainerako garraiobideak —Bilbobus, Bizkaibus, Etxebarri eta Barakaldoko autobus lineak eta Bilboko funikularra— bertze erakunde batzuen eskumenekoak badira ere, baieztatu dute euren zerbitzuetan %50eko beherapena egonen dela. Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak joan den uztailean adierazi zuen Bizkaibusen zerbitzuetan Barik txartel arruntaren bidez egindako bidaietan ere deskontua aplikatuko dela. Izan ere, zerbitzu hori erabiltzen dutenen %90ek Barik txartel arrunta erabiltzen dute. Gainera, gizarteko talde jakin batzuek dituzten abantailei eutsiko zaie.

GIPUZKOA

Gipuzkoako Lurraldebus zerbitzuetan ere, erdi prezioan bidaiatzen ahalko da Mugi txartelarekin. Deskontuak hainbat mailatan aplikatuko dira. Hilabete batean gehienez hogei bidaia egiten dituzten horiek, %48ko deskontu orokorraz gain, %4 bitarteko beherapen gehigarria izanen dute. Hilabetean 21 eta 50 bidaia bitarte egiten dituztenek %58tik %79ra bitarteko deskontua izanen dute. 51 bidaiatik gora egiten duten horiei, berriz, %90 eta %95 bitarteko beherapena eginen zaie.

Prezio aldaketa horien gainean, abantailak ezarriko dira gazteentzat, adinekoentzat, desgaitasunen bat dutenentzat, familia ugarientzat eta S kategoria sozialekoentzat.

NAFARROA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen neurria joan den astean. Dokumentuaren arabera, errege dekretuak ezarritako gutxieneko beherapena izanen dute Nafarroan: %30. Txartel arrunten eta aldi baterako txartelen gainean eginen da deskontua, Iruñerriko Villavesa autobus zerbitzuaren linea guztietan. Neurria urtearen amaierara arte aplikatuko den arren, arauaren arabera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak laguntza luzatzea erabakiko balu, automatikoki aplikatuko litzateke Nafarroan. EAEn bezala, tarifa bereziak dituzten taldeei lehendik zituzten deskontuen gainean ezarriko zaizkie beherapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.