Urko Ikardo. Ikerlaria

«Ate sinbolikoak eta praktikoak zabaltzeko balio du euskarak»

Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu saria irabazi du Urko Ikardok. Lapurdiko kostaldeko guraso erdaldunekin mintzatuta lan bat egin du: haurrak ikastolan matrikulatzeko zein arrazoi dituzten ikertu du.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun

Lapurdiko guraso erdaldunen motibazioetan, iritzietan eta ibilbideetan arakatu du Urko Ikardok (Irun, Gipuzkoa, 1975), haurrak ikastoletan matrikulatzeko arrazoiak ulertzeko. Gizarte ikerketen arloan egindako master baten barruan egin du lana. Hura laburtzen duen artikuluarekin irabazi du Hausnartu saria.

Hizkuntzaren jarraipena gertaera mekanikoa ez dela uste duzu. Zerk baldintzatzen du?

Hainbat faktorek. Ralph Fasold soziolinguistak dio euskararen jarraipena ez dela gertaera mekanikoa, hiztunen hautuetan oinarrituta dagoela. Belaunaldien arteko transmisioa eten da, eta euskara zokoratua izan da: prestigiorik eza, erakundeen babesik eza eta legitimitaterik eza daude hor. Aldiz, eutsi diotenek hautu kontziente bat egin dute. Badira hainbat eragile hizkuntzaren gizarteratzean zerikusia dutenak: familia, eskola, ingurua... Gu ere bagara aktore hor, eta badugu zer esana. Guk ere badugu gaitasuna eraldaketarako.

Hizkuntza hedatzeko garaian, guraso erdaldunen hautuak zer garrantzi du?

Erabatekoa. Guraso horiek erabaki hori hartzeko inguruko jendearen eragina izan dute, eta eurak ere badira sozializazio horren eragile. Ikastolan euskararekin duten harreman zuzenaz gain, badira beste aktibitate batzuk, eta euskarari buruzko balio baikorretan hezten dituzte haurrak. Eurek ez dute seme-alabekiko harremana euskaraz, ez dakitelako, baina euren egitekoa funtsezkoa da, gizarteratzearen agente direlako.

Euskarazko gaitasun urria edo erabatekoa ez dutenak soilik aztertu dituzu zuk egin duzun azterlanean. Guraso euskaldunen kasuan transmisioa bermatuta dago?

Euskara etxean jaso dutenek zenbaterainoko transmisioa egin duten ez dut ikertu. Hala ere, guraso erdaldun horien artean badaude batzuk, gurasoak eta aitatxi-amatxiak euskaldunak zituztenak. Haien kasuan, ez zen transmisiorik eman, eta badago familiako istorio dramatiko bat, frustrazioa, inpotentzia eta bestelako sentimenduen multzo bat. Era batean, euskararen mintzoa etenarazi izanagatik kaltea osatzeko borondatea dute.

Kaltea osatu nahi hori agertzen da ikerketarako jaso dituzun hainbat gogoetatan, ezta?

Bai. Kuriosoa da, baina ikerketan, kanpotik etorritako batek ere bazuen erreparazioaren ideia hori. Nahiz eta berak ez zuen zuzenean jasan, bazekien Frantziako Estatuaren hizkuntza politikak erregio hizkuntzak nola tratatzen zituen, eta patois gisako kalifikazioen aurka errebelatzen zen. Gero, Euskal Herrira etorrita, kasuak ezagutu ditu, lankideek eta kontatuta, eta asaldatu egiten zen. Ez zuen esperientzia propiorik, baina josi behar hori bere egiten zuen. Bertako guraso erdaldunen kasuan sumatu dudan kontakizuna da, baina besteekin ere konpartitu daitekeena.

Euskal nortasunaren bila joateak badu garrantzirik haurrak eskolaratzeko orduan hartzen diren erabakiekin?

Zalantzarik gabe. Guraso horiei euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua nola izan zen jakiteko, euren bizitzako bideaz galdetu nien: haien harremanak, euskararekiko lehen kontaktua nola egin zuten... Hortik iritsi gara zergatiei buruz hitz egitera. Horrek guztiak funtsezko garrantzia du gurasoen kontakizunetan. Gero, euskaraz eskolatzeko arrazoiak elkarri lotuta doaz askotan. Bereziki, hiru motibazio aurkitu ditut: euskal nortasunarekiko atxikimendua, integrazioa, eta motibazio praktikoa. Maiz, hiru multzo horiek elkarri lotuta daude gurasoen kontakizunetan.

Balio praktikoak aipatu dituzu. Zer-nolakoak aipatu dizkizute ikerketarako elkarrizketatuek?

Besteak beste, elebitasun goiztiarrak gaitasun kognitiboan eta garapen intelektualean laguntzen duela. Hizkuntza gehiago ikastea, eta txikitatik elebidun izanda gero hiru edo laugarren bat ikastea errazago izango zaiela ere aipatzen dute. Horiez gain, balio erantsiaren ideia dago: irakaskuntza aukerak zabaltzeko, adibidez. Bestalde, lanbide aukerak ere aipatu dituzte; adibidez, sektore publikoko eskaera baten lan aukera. Horrez gain, euskara elementu integratzaile gisa ikusten dute Hegoaldearekin.

Elementu integratzaile gisa ere ikusten al da Iparraldean?

Bai, eta hori ere aipatzen digute. Gainera, ezin dira lotu bertakoak motibazio identitariora eta kanpokoak integratzailera. Hori baino konplexuagoa da. Egia da kanpokoek integratzaileena dutela; horiek kontsideratzen dute euskara bertako hizkuntza dela, bertako izatearen eta kulturaren balio funtsezkoena. Balio positiboa eransten diote euskarari, eta gizartean integratzeko lagungarritzat dute. Ate sinboliko nahiz praktikoak zabaltzeko balio du euskarak. Garrantzi handia ematen diote. Batek erdi brometan esaten zidan: «Ni integratzeko nahiagatik integratu dugu alaba ikastolan». Bertako gurasoek Iparraldearen eta Hegoaldearen kohesioari ematen diote integrazio esanahia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.