Komunikazio proiektu berriari ateak zabalduko dizkiote, Ateak Ireki atariak Apurtu.org itxi zutenean ordezkatu zuen bezala. "Eraso antidemokratiko honi aurre egiteko asmoa" agertu dute webguneko kideek, daukaten "arma bakarra adierazpen askatasuna" delako.
Jendearen parte hartzea "ezinbestekoa" da horretarako, eta herritarrei dei egin diete gaurko bilerara joan daitezen ekarpenak egitera.
'Etengabe', 2012tik itxita
Espainiako Auzitegi Nazionalak ixteko agindua emandako atarietan www.etengabe.worldpress.com ere agertzen da, www.egindezagunbideadonostia.com eta www.zarauzkoherrira.worldpress.com atariekin batera. Etengabe-ko ordezkariek, ordea, jakinarazi dute 2012ko maiatzetik itxita dagoela. Harrezkero, bi sarrera ditu: Angel Figueroaren heriotza jasotzen duena eta EPPKren adierazpena.
Etengabe ixtea erabaki zuten Herrira sortu eta bere komunikazio baliabideak martxan jarri zituenean, Etengabe-k zuen funtzioa beteta ikusten zutelako. Etengabe sarean mantendu zuten, artxibo modura ordura arte egindakoa sarean mantentzeko.
"Zaila" da ulertzen, atariko ordezkarien arabera, itxita dagoen webgunea ixteko erabakitzea, baina "zapaltzaileen logika ulertu behar da. Bere neurriak arbitrarioak dira. Ez dira ateaz tronpatu. Mezua argia da: gustuko ez duen gaien inguruan informazioa eman dezakeen edozeinen kontra jo dezakete. Helburua informazioa isiltzea eta gertatutakoa ezkutatzea da".