Atentatua balitz

Imanol Murua Uria.
2010eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Martxoak 15
AUTOPSIA


Auzitegiko medikuek egindako autopsiaren ondorioa izan da gorpuak ez zuela indarkeriaren arrastorik, ez barnean ez kanpoan; eta, autopsiaren emaitza publiko egin eta hurrengo egunean, Espainiako Barne ministroak salatu du segurtasun indarren izen ona zikintzeko kanpaina egiten ari direla.

Aste honetako kontua? Ez. 1985eko abenduaren 18an horixe zioen Mikel Zabalzari egindako autopsiak, eta hurrengo egunean Jose Barrionuevo ministro sozialistak, Guardia Zibilaren izen ona zikintzeko kanpaina salatu eta gero, esan zuen bi bertsio besterik ez zegoela: Guardia Zibilarena edo «bahitu, estortsionatu eta hil egiten dutenen lagunena».

Baina auzia berriro zabaldu zen, 1995ean auzitegiko medikuek egindako beste azterketa batek ezeztatu egin zituen 1985eko autopsiaren ondorioak eta, inoiz epaiketarik egin ez bada ere, inor ez da akordatzen 1985eko autopsia hartaz, Barrionuevok behin betikotzat jo eta bertsio ofiziala zalantzan jartzen zutenen aurka jotzeko oinarri nagusitzat hartu zuen autopsia hartaz.

Martxoak 16
BATASUNAK ETA-RI


Koldar deitu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Batasunari, Dammarie-les-Lysenizandako enfrentamenduan ETAk Jean Serge Nerin polizia frantziarra hil izanari emandako erantzunagatik. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, Patxi Lopezek, guztiz gutxietsi ditu Batasunaren hitzak:«Ezer esaten ez duten hitzek ez dute baliorik».

Alderdi abertzaleen artean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusi jeltzaleak Batasunak ETAren menpe jarraitzen duela erakutsi duela esan du, baina alderdiaren ahotsa izan ohi diren burukideek ez dute oraingoz gai honi buruzko ezer esan, akaso nahikoa lan badutelako Araban daukaten saltsarekin. Aralarrek aurrerapausoa sumatu du Batasunaren oharrean, baina nahikoa ez dela gaineratu du. Eta EAk, aldiz, alde positiboari bakarrik begiratu dio, Batasunak ETAri eskatu diona eskatu diolako. Eta egurra jasotzen hasi da, noski, horregatik; El Correo-ren atzoko azaleko bigarren titulu informatiboa: «Ezker abertzaleak nahasmendura eraman du EA».

Batasunak Dammarie-les-Lys-en gertatuaz adierazi duena askorentzat nahikoa ez izatea ulergarria da, baina ukaezina da berritasunik badela adierazpenean, berritasun ondo garrantzitsua gainera. Zutik Euskal Herria agiriaren bidez Batasunak adierazi zuen, beste hitz batzuekin, borroka armatuaren garaia bukatutzat eman duela. Behin agiria plazaratu ondoren, bi zalantza nagusi gelditu ziren airean: batetik, ETAk zer egingo zuen; bestetik, erakunde armatuak atentaturen bat eginez gero, Batasunak zer erantzun emango zuen.

Altsasuko adierazpenean eta Zutik Euskal Herria agirian Mitchellen printzipioak bere egin dituenez, eta ezker abertzalearen militantziaren gehiengoaren babesa daukanez jarrera horrek, atentatu baten ondoren era batera edo bestera desadostasuna agertzea izango litzateke koherentea. Jakina da Batasunak ez dituela ETA edota borroka armatua gaitzetsiko, baina espero izatekoa litzateke, adibidez, une politiko jakin honetan indarkeria baliatzea ezker abertzalearen militantziaren borondatearekin bat ez datorrela adieraztea.

Hori, ETAk atentaturen bat egin izan balu. Baina ez du egin. Dammarie-les-Lyseko enfrentamendua ez da atentatu planifikatua izan, eta horregatik, Batasunak ez dio atentatu bati emango liokeen erantzuna eman. Baina ez da isilik geratu, eta orain arte ia inoiz egin ez zuena egin du. Azken batean, indarkeria albo batera uzteko eskatu dio Batasunak ETAri: «prozesu demokratikoan» inork indarkeriarik baliatu behar ez badu eta ETAri prozesu horrekin bat egiteko eskatu badio, konpromiso zehatzak eta argiak hartzeko eskatu badio, ez dago besterik ulertzerik. Batasuna ez da iritsi ETArekiko desadostasuna agertzera, baina gertaera larria baliatu du erakunde armatuari bidea erakusteko.

Egia da beste noizbait ere egin zuela antzekorik, ez oso aspaldi gainera: 2007ko urtarril hasieran, Barajasko atentatuaren ostean,su-etenari eusteko eskatu zion Batasunak ETAri. Eta biharamunean agiria atera zuen erakunde armatuak, su-etenak indarrean jarraitzen zuela iragartzeko, Barajasen bezala «erantzuteko» aukerari uko ez ziola egiten ohartarazi arren. Gaur egun, ordea, ETAk jarraitu egingo diola jakin gabe egin dio, nonbait, Batasunak eskaera.

Parisko hegoaldean gertatutakoak, ustekabeko enfrentamendua izan denez, ez du askorik argitu ETAren jarrerari eta etorkizuneko asmoei buruz. Baina asko argitu du, erakunde armatuari eskatu diona eskatu diolako, Batasunaren apustuaren seriotasunaz.

Eta Batasunaren erantzunak erakutsi du, batetik, ETAn jardun armatuarekin jarraitu nahi dutenak ez direla inoiz hain bakarrik egon; eta, aldi berean, ETAn armak alde batera uztea erabakitzearen alde direnek ez dutela sekula izan, ezker abertzalearen barruan, orain bezalako babes argi eta garbirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.