-Madril: bost lehergailu.4:00 inguru zirela jaso zuten Bizkaiko DYAk eta Gara-k deia. 15:00etatik 15:30era Madril inguruko errepideetan bost lehergailu zartatuko zirela zioen ETAren izenean dei egin zuenak. Lehergailuak bideotan zartatu ziren: Madril inguratzen duten M-40, M-45 eta M-50 errepideetan; Madrildik Coruñara (Galizia) doan A-6 errepidean; eta Madrildik Bartzelonarako A-2 errepidean. M-45 eta M-50 errepideetan, bi norabideak banatzeko hesian jarri zituzten lehergailuak, eta beste hiruretan, bide bazterrean.
Bonbak lehertzerako, baina, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak aurkituak zituzten lehergailuak, eta errepideak ixtea lortu zuten. Bonbek, beraz, kalte material txikiak eragin zituzten, eta inor ez zen zauritu. Baina Madril inguruko errepideetan zirkulazio arazo larriak eragin zituen. Deia jaso eta berehala itxi zituzten bideak, eta, jai eguna izanik, auto pilaketa handiak gertatu ziren. Errepideak pixkanaka irekiz eta zirkulazioa normalduz joan zen. 16:10erako bi errepide irekita zeuden, eta gainerakoak 18:00etarako ireki zituzten.
ETAk modu berean jardun zuen iaz, abenduaren 3an, Espainiako Konstituzioaren zubiko irteera operazioa zela eta. Madril inguruko bost gasolina zerbitzugunetan beste hainbeste bonba zartarazi zituen. Hiru egun geroago, Konstituzioaren egunean, beste zazpi lehergailu jarri zituen. Orduko hartan, Avila, Valladolid, Leon, Malaga, Ciudad Real eta Alacanteko hiriburuetan eta Kantabriako Santillana del Mar herrian jarri zituen bonbak. Gehienetan ez zen inor zauritu; Santillana del Marren, baina, hainbat lagun arin zauritu ziren.
-Santander: granada jaurtigailua. Atzo ere ETAk ez zuen leku bakarra aukeratu atentatua egiteko. Santanderren, Parayas aireportuan, granada jaurtigailua jarri zutela esanez deitu zuten Gara-ra, 11:05ean, ETAren izenean. Dei egin zuenak esan zuenez, 12:00ak eta 15:00ak artean lehertzeko prest zeuden.
Ez ziren lehertu, eta aurkitu ere ez zituzten aurkitu. Hasieran, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia aireportutik 200 metrora begiratzen aritu ziren; aurkitu ez, eta miaketa ingurunea 400 metrora zabaldu zuten, eta 500 metrora gero. Ingurunea, 15:30ean ireki zuten, jaurtigailuren bila jarraitu arren. Aireportua hustu eta bertan zeuden bidaiariak aldameneko merkataritza gunera eraman zituzten. Hamar hegalditan izan zuen eragina atentatu saioak. Hiru hegaldi, esaterako, Loiura eta Miarritzera desbideratu zituzten; beste lau bertan behera gelditu ziren; eta gainerakoak oso atzeratuta ibili ziren. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak jaurtigailua aurkitu gabe utzi zuten bertan behera bilaketa, iluntzean. Kantabriako presidente Miguel Angel Revilla beldur da Zaragozan gertatu-takoa errepikatuko ote den. Ekainean, ETAk Zaragozako aireportuan jarritako granada jaurtigailu baten berri eman zuen, baina ez zuten aurkitu. Azkenean, Gara-ra kokagunearen krokisa bidali zuen ETAk.Ez da lehen aldia ETAk Santanderko aireportuaren kontra jotzen duena. 2003ko uztailaren 27an bonba-autoa zartarazi zuen aireportu kanpoko aparkaleku irekian. 30 kilo lehergai zituen, eta kalte material handiak eragin zituen.
-altsasu eta Zumarraga: postetxeetan. 03:00ak zirela, indar txikiko lehergailua zartatu zen Altsasuko postetxean. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak ETAri leporatu zion atentatua, eta, lehen ikerketen arabera, lehergaia kloratita zela jakinarazi zuen. Haren arabera, 500-750 gramo kloratita zituen. Gainera, tenporizadore bat ere bazuela jakinarazi zuen Vicente Ripa Espainiako Gobernuaren ordezkariak.
Lehergailuaren abisurik ez zen izan, baina gaua izanik ez zuen zauriturik eragin. Kalteak ere ez ziren handiak izan. Eraikinaren pareta batean eta kaleko zoruan izan ziren kalteak. Altsasuko postetxean beste lehergailu bat indargabetu zuten 2000. urteko azaroan, ETAk abisua eman ostean.Zumarragako postetxean, ordu berean, beste bonba bat lehertu zen. Horma belztu baino ez zuen egin. EAEko Herrizaingo Sailaren arabera, han ere tenporizadore bat aurkitu zuten, eta ETAri leporatu diote atentatua.
«Aukerak eta arriskuak»
ETA-REN IRAKURKETA. 'Zutabe' aldizkariaren azken alean, egoera politikoa aztertu du ETAk artikulu luze batean, aukerak eta arriskuak kontuan hartuz
ERREDAKZIOA
A
zken hilabeteetan, ETAren ustez, «aldaketa garrantzitsuak» gertatu dira Euskal Herrian. Orain herria, orain bakea ekarpena kaleratu zenetik, laburbilduz, gatazkari konponbide demokratikoa emateko premiari buruzko eztabaida zabaltzea lortu dela uste du ETAk, Zutabe aldizkarian argitaratutako azterketan. Eztabaida horri, gainera, «oinarri politiko sendoak» jarri zaizkiola nabarmendu du: «Euskal Herriari hitza eta erabakia ematea dela gatazka gainditzeko gakoa».
Ibilbide horretan, besteak beste, honako aldaketa hauek azpimarratu ditu: Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren edukia, EAJk «Ibarretxe plana alboratu eta Konponbidearen Mahaiaren diskurtsora jauzi» egin izana, PP-PSOE itunaren desegitea, Espainia eta Frantziaren erasoen jarraipena («etorkizuneko mehatxu gisa ere uler daitezke»), eta ezker abertzalearen «indarberritzea». Aldaketa horiekin batera, herri ikuspegitik «egiazko aldaketa politikoa» eragin eta «marko demokratikoa» eskuratzeko oinarri sendoak finkatu direla uste du ETAk. Adibidez, «eragile abertzaleen eremuaz haratago», ETAren iritziz, Euskal Herria subjektu gisa gero eta onartuago dago. Halaber, konponketarako «eskema bikoitza» hedatuta dago, eta, geroz eta gehiago, «gatazkaren konponketarako gakoa euskal herritarren hitza eta erabakiaren errespetuan kokatzen da».Gatazkaren konponbidearen inguruan «espekulazio handia dago» une honetan. Baina espekulazio egoera horren erdian, «eragile askoren posizioaren eta egoera beraren heldutasuna nabarmentzeko faktore positiboak dira», ETAren ustez.Anoetako proposamenetik urtebetera, prozesu demokratiko bat egiteko aukera ikusten du ETAk. «Euskal herritarrei hitza eta erabakia emango dien bidea egitea da esku artean dagoen aukera nagusia, herriari hitza ematea ahalbidetzea, inolako muga eta inposiziorik gabe». Prozesuak aurrera egin dezan Frantzia eta Espainiaren jarrera aldaketa beharrezko deritzo: «prozesu demokratikoaren emaitzak eta euskal herritarrek erabakiko dutena errespetatzeko borondate argia erakutsi behar dute». Aukerei bide emateko, euskal eragile guztiek konpromiso sendoak hartzeko garaia iritsi dela dio ETAk. Zeregin horretan, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa «akuilu lan interesgarria» egiten ari dela eta prozesu luze baten «lehen harri sendoa» dela adierazi du.Arriskuei dagokienez, EAJ eta PSOEren aldetik ziklo autonomikoari arnas berria emateko saioa,edozein aldaketaren kontra PP-UPNren jarrera aipatu ditu. «Ohartu behar dugu konponbiderako prozesu bat baskongadizatzeko saiakera (adibidez Alderdien Mahaia EAEko markoaren baitan eratuz) etorkizunik gabeko bidea dela, gatazkaren gakoari (lurraldetasunari) erantzunik emango ez dion heinean».
Indarkeria bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzak ETAri
Atentatuak gaitzetsi eta armak uzteko eskatu diote ETAri alderdi gehienek
erredakzioa
Benetan bake prozesu bat irekiko bada, ezinbestekoa da ETAk indarkeria ekintzak eta armak uztea. Hala iritzi zioten atzo bai Eusko Jaurlaritzak, bai EAk eta baita EB-Berdeek ere. EAko Rafa Larreinak, baina, ez du uste atzoko atentatuek prozesuaren aldeko lana geldiarazi behar dutenik, alderantziz baizik: «Mota honetako ekintzek, normalizazio politikorako bidea trabatu beharrean, akuilu izan behar dute, bide baketsu eta politikoetatik arazoak konpondu daitezkeela frogatuko duen bidean lanean jarraitzeko akuilu». Ildo horretan, ETAri eskatu zion behingoz konturatu dadila indarkeria ekintzak «iraganeko gauzak» direla.
Eusko Jaurlaritzak prentsa oharra kaleratu zuen atentatuak gaitzetsi eta ETAri indarkeria utz dezala eskatzeko. «Euskal Herriari bakean bizitzen eta nolako etorkizuna nahi duen erabakitzen uzteko» eskatu zion Jaurlaritzak ETAri, eta atentatuen bidez euskal gizarteak eskatzen dionari entzungor egiten ari zaiola ohartarazi zion. Izan ere, Jaurlaritzaren arabera, ETA ez da ohartzen «bere erabaki eta ekintzek herritarrengan, baita ezker abertzaleko kideengan ere, sortzen duten neke eta indignazioaz». EB-Berdeetako Mikel Aranak, berriz, «besteei keinuak exijitzeari uzteko» eta indarkeria bertan behera uzteko eskatu zion ETAri. «Atentatuak bateraezinak dira elkarrizketa eta bake prozesuekin».
PSE-EE: «Konstituzio Eguna ospatzeko modu ankerra»
PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorren arabera, «Konstituzio Eguna ospatzeko ETAren modu ankerra» da atentatuak egitea. «Arreta erakarri nahi zuten, eta ahal den modu txarrenean lortu dute», esan zuen. Haren arabera, ETArekin egin daitekeen gauza bakarra «irteerarik gabeko kale batean uztea da». Hala ere, itxaropentsu agertu zen: «Espero dut laster denok espero duguna ikustea: armak entregatzen dituela iragartzen duen eguna, alegia».
Beste hainbat alderdik, ETAri ez ezik, Batasunari egin zioten deia atentatuen harira. PSNko Carlos Chiviteren arabera, «aukera ona» da Batasunak indarkeria gaitzesten has dadin. «Aukera ona da Batasuneko buruzagientzat beren diskurtsoek sinesgarritasuna izan dezaten urratsak egiteko, eta atentatuak gaitzesteko». Ildo beretik jo zuen CDNko lehendakari Juan Cruz Allik ere. «Batasunaren mezuek argi eta garbi uzten dute ez daukala inolako gaitasunik ETArengan eragiteko; beraz, uste dugu gaurko atentatuak gaitzetsi beharko lituzkeela». Halaber, Espainiako Gobernuari ETAren aurkako borrokarekin tinko jarraitzeko eskatu zion. ETAren aurka jotzeko deia egin zuen Nafarroako Gobernuak ere, eta «anbiguotasunak» baztertzeko eskatu zuen. «ETAren aurka legetik, demokraten batasunetik eta Estatuko Segurtasun Indarrengandik aldenduta borroka daitekeela uste dutenentzako deia da gaurkoa. Nahikoa da hainbeste begiramen, ezkutuko elkarrizketa eta anbiguotasunekin; zuzenbide estatua inposatu eta pertsona horiek behar duten lekura bidaltzeko garaia da».
Alonso: «ETAren kontra borrokan jarraitu behar da»
Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok esan zuenez, PSOEren gobernuak eta polizia indarrek «lanean jarraituko dute ETAko kide guztiak eta haren laguntzaile guztiak justiziaren esku utzi arte». Izan ere, Alonsoren arabera, «orain arteko indar berarekin jarraitu behar da ETAren kontrako borrokan». Modu horretan, Espainiako Gobernuak «terrorismoaren kontrako borrokarekiko konpromiso argia» duela esan zuen.