Atseden duinaren zain

Fusilatutako hamar pertsona lurperatu dituzte Iruñeko hilerrian.Udalak panteoi bat prestatu du, 1936ko gerrako biktimen gorpuak hartzeko

Fusilatutako senidea aurkitu ez duten pertsonek sartu zituzten gorpuzkiak panteoian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela 78 urte fusilatu zituzten, frankismo garaian. Geroztik, hobi komunetan izan dira; abandonatuta. Izenik ez dute; atzotik, baina, atseden hartzeko toki duinagoa dute. 1936ko gerrako hamar biktima dira, Iruñeko hilerrian lurperatuak. «Panteoi honetan atseden hartuko duzue». Hamarrei mintzatu zaie Olga Alzeaga Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen elkarteko presidentea. «Loreak izango dituzue hemen; balio demokratikoak zituzten pertsona zintzo gisa gogoratuko zaituztegu. Eta, zuen identitatea ezagutzen ez dugunez, gu guztion gurasoak, aitona-amonak eta osaba-izebak izango zarete». Iruñeko hilerrian esan zituen hitzok, atzo, Iruñeko Udalak prestatutako panteoiaren aurrean. Musu bat bidali zien amaitzeko: «Noizbait zuen izen-abizenak ezagutuko ditugulakoan, agur».

Dozenaka pertsona batu ziren atzo Iruñeko hilerrian. Ezohiko hilobiratzea izan da. 2010ean eta 2012an exhumatutako hamar gorpuzki lurperatu zituzten: Añezkarko hilerriaren kanpoaldean aurkitutako pertsona bat, Berriobeitiko hilerriaren kanpoaldean zeuden bi pertsona, Erripako hilerrian aurkitutako bat eta Antxoritzeko hobi komunean ziren sei pertsona. «78 urte itxaron behar izan dute, era duinean hilobiratzeko», azaldu du Alzeagak. «Hamar pertsonaren hezurrak utziko ditugu panteoian, bizitza izan ziren hezurrak, gizarte hobe bat lortzeko ilusioa izan zutenak». Biolin baten musikaz lagunduta, senideak aurkitu ez dituzten lagunek eraman zituzten gorpuzkiak. Panteoiaren alboan utzi zituzten kutxak; banaka, panteoian sartu aurretik.

Espainiako gerrako biktimek justizia eta askatasunaren alde egin zuten, Alzeagaren irudiz. «Hiltzaileak dira zuen bizitza lapurtu zutenak; baina lortu nahi zenituzten eskubideak ere hil zituzten. Isiltasuna nagusituz, gezurrezko eta ahanzturazko gizarte bat sortu zuten». Erreparazioa beharrezkoa dela esan du elkarteko presidenteak. Eta hori eskatzeko, bertaratutako Enrique Maia alkateari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasi mintzatu zaie. Nafarroako Memoria Historikoaren Legea «lehen artikulutik azkenekora» betetzeko eskatu dio kontseilariari. Alkateari, berriz, proiektua osatzea, frankismoan fusilatutako 309 iruindarren izenak ezartzea galdegin dio.

60 gorpurentzako tokia

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak sinatutako hitzarmenaren ondorioz egin dute lurperatzea. Izan ere, sinatutako itunaren bidez, eskatu gabeko 1936ko gerrako eta frankismoaren biktimen gorpuzkiak Iruñeko hilerrian lurperatuko dituzte. Azaroaren 13an sinatu zuten, eta Iruñeko Udalak 60 gorpuzkirentzako tokia duen panteoia prestatu du horretarako. Panteoia errekonozimendurako eta erreparaziorako lehen pausoa dela esan du alkateak: «Bereziki ikasketarako espazioa izango da, errepikatu behar ez den bidea zein den gogoan izan dezagun guk eta etorkizuneko belaunaldiek». Alzeagak egindako eskaria kontuan hartuko duela ere gaineratu du.

Antzera mintzatu da Morras kontseilaria. «Orain arte ez dute jaso merezi duten erreparaziorik; baina hemendik aurrera giza harreman duin eta justua izango dugu haiekin», esan du. Hark ere erreparaziorako pausotzat jo du lurperatzea: «Oinarrian duintasuna eta giza eskubideak dituen behar etiko bat betetzen ari gara».

Lore eskaintzarekin amaitu dute ekitaldia bertaratutako dozenaka senideek. Arrosa bana jarri dute panteoiaren gainean. Baina bidea ez da amaitu haientzat. Alzeaga: «Ilusioa dugu Nafarroako arroiletan pertsona bat bera ere ez egoteko eta gizartearentzat iraganeko hutsegiteak irakaspen izateko». Hamar pertsona daude duintasunez atsedenean; beste asko, berriz, zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.