Lurralde antolaketa

Aturriren eskuin bazterra berrantolatu nahi dute Baionak eta Elkargoak

Auzokideekin modu parte-hartzailean egin nahi dute berrantolaketaren gogoeta; datozen egunetan hasiko dira inkestak. Baionako Unibertsitaterako eraikin berri bat eraikitzea dago mahai gainean.

Laurence Hardouin, Jean Rene Etxegarai eta Sylvie Durruti Baionako berrantolaketa proiektua aurkezten herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 24a
18:46
Entzun

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Aturriren eskuin bazterreko hirigintzako berrantolaketa proiektuaren berri eman du gaur. Proiektuak auzoaren «izaera propioa» mantentzea du xede, ingurumena kezka nagusitzat ukanda. Modu parte-hartzailean egin nahi dute berrantolaketaren gogoeta.

Henri Grenet zubitik Santizpiritu zubirako hedaduradun lur zatia izan du aipagai Etxegaraik. Hasieran 17 hektarea zirela jakinarazi badu ere, fite zuzendu du bere burua, eta «azkenean eremua 10 hektarea baino pixka bat handiagoa» dela jakinarazi. Elkargoa lur batzuez jabetua da; hala ere, batzuk falta dira oraindik: Eremu bat SNCF enpresarena da, eta harekin negoziazioak amaitzen ari direla ziurtatu du Elkargoko lehendakariak; falta diren gainontzekoak, berriz, Frantziako estatuarenak dira, baina jada adostasun batera iritsi dira, Etxegarairen arabera.

Luzaz aritu da auzoaren historiaz eta auzoko soziologia espezifikoaz. Bertan kokatzen dira, besteak beste, Baionako gaztetxea eta Pausa migranteentzako atseden zentroa. Auzokoekin batera proiektua gogoetatzea da xedea: horretarako inkesta bat abiatuko dute datozen egunetan, kalean zein hiriaren webgunean. Datozen hilabeteetan, berriz, tailer eta hitzaldiak proposatuko dizkiete auzokideei. Guller Guller hirigintza diseinatzaile taldeak 2024 hasierarako egingo du berrantolaketaren lehen plano eredua.

Kezka nagusietarik bat ingurumenarena dela aitortu dute. Bi dira jorratzeko gaiak: klima berotzearen ondorioz espero diren uholde gero eta sarriagoak eta hiriberotasun gunearena.

Oraindik ere, pentsaketa lana egitekoa dute eraiki nahi denari buruz, hala nola etxebizitza eskuragarriak proposatu nahiko lituzkete bertan. Ikasle gehiago jasotzeko beharra ere aipatu du auzapezak, eta, hortaz, unibertsitatea handitzeko nahia. Hala ere, «gogoetatu gabe» atera duen ideia zela azpimarratu du. Alta, 2022ko irailean Gisele Mendi-Bilek Baionako campuseko dekanoak jada eman zion proiektuaren berri Ipar Euskal Herriko Hitza-ri: «Euskal Hirigune Elkargoarekin eraikin berri bat eraikitzeko proiektua bada, Aturri bazterrean, Baionako geltokiaren parean. Baina hori 2027rako pentsatua da. 10.000 metro koadroko eraikina egitea da asmoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.