EAJk ohartarazi du «muturreko» egoeran dagoela Gorroño Gernikan

Itxaso Atutxak ez du baztertu zentsura mozioa jartzea. Andoni Ortuzarrek ere esan du zentsura mozioa aukera bat dela: «Baina seguru badaudela beste aukera batzuk».

GORROÑO AGINTE MAKILA HARTZEN
Jose Mari Gorroño aginte makila hartzen, Gernika-Lumoko Udalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 15a
16:24
Entzun

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du «muturreko egoeran» dagoela Gernika-Lumoko Udala (Bizkaia). Jose Mari Gorroñok gidatutako Guztiontzako Herria (GH) plataformarekin akordioa egin zuen EAJk, aginte makila Gorroñori emateko, baldin eta bi hilabeteko epean Iñaki Gorroño jartzen bazen alkate, hau da, Jose Mari Gorroñoren anaia. Igaro dira sei hilabete, eta Jose Mari Gorroñok ez du asmorik aginte makila uzteko. EAJrekiko gobernu akordioa apurtu du geroztik.

Maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu izan zen garailea Gernika-Lumon, eta sei zinegotzi lortu zituen. GHk ere sei zinegotzi eskuratu zituen, boto gutxiago bilduta, eta EAJk, berriz, bost. Ekainean, berriz, Gorroño buru duen plataformak eta EAJk akordioa egin zuten EH Bildu alkatetzatik aldentzeko.

Atutxak Radio Euskadin esan du ez duela baztertzen zentsura mozio bat aurkeztea Gorroñoren aurka, behin hark «aldebakarrez» EAJrekin zuen akordioa hautsi ostean. Gernikako EAJri eman dio erabakiak hartzeko eskumena, baina zentsura mozio bat balego, alderdiaren batzorde exekutiboaren babesa behar luke. «Gorroño bakarrik dago», esan du Atutxak; «EH Bildura gerturatu da, baina haren erantzuna ere ez da baikorra izan».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak ere bat egin du Atutxarekin, eta Gorroñok akordioak hautsi dituela berretsi du. Zentsura mozioa aukera bat dela esan du. «Baina ziur badaudela beste aukera batzuk», erantsi du, eta horiek aztertu egin beharko direla adierazi du Europa Pressi emandako elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.