Jende asko dabil hara eta hona Durangoko Azokaren egoitza berrian, Landako eraikinean. Liburu bat begiratu, disko bati begia bota, hurrengoa erosi… Aurreko egunetan baino dezente jende gehiago sumatzen du stand batetik besterako bidean. Goiz partean jendea erruz ibili da, eta eguerdi partean giroa lasaitu bada ere, arratsaldeko lehen orduetan mugimendu handia hasi da berriro sumatzen.
Jendearen gustuei dagokienez, ugari dira Bernardo Atxagaren eta Joseba Sarrionandiaren azken lanen bila joan direnak. Hala, Pamiela argitaletxearen salmenta lekuan Atxagaren 'Soinujolearen semea'mahai gainean jarri eta jarri ari dira, hain justu, ezarri ahala jendeak erosten duelako.Txalapartako standean antzera dabiltza Joseba Sarrionandiaren 'Kolosala izango da' liburuarekin. Datu zehatzik ez dago oraindik, baina aurten liburu salduenetako bat bi horietako bat izango dela ematen du.
Diskoetan, berriz, Ruper Ordorikak Metak diskoetxearekin atera duen 'Kantuok jartzen ditut' lana oso ondo ari da saltze; alegia, jende asko ikusten da disko hori eskuetan duela edo haren berri galdetzen.
Baina azoka bertakoa ez ezik, inguruko giroa ere asko berotu da. Esate baterako, 'Berria' egunkariak karpa bat jarri du Azokaren inguruan akzioak, kamisetak eta beste hainbat gauza erosi nahi dituztenentzat. Halaber, kazeta hori aurrera ateratzeko Euskal Herri guztian lanean ibili diren herrietako batzordeetako kideek bazkaria dute gaur Durangoko Ezkurdia pilotalekuan.
Ibilaldiak ere jarri du salmenta puntua; EHUtik kaleratutako irakasleek, berriz, Azokaren eraikin berriraino eraman dituzte beren aldarrikapenak, eta Landako eraikinean dira pankarta eta guzti.
Hemen Azokari buruzko informazio zehatza.
Durangoko 38. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Atxagaren eta Sarrionandiaren azken lanak liburu salduenak izateko bidean dira Durangon
Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta, jaieguna da gaur Hego Euskal Herrian. Nabari-nabaria da hori Durangoko 38. Euskal Liburu eta Disko Azokan, aurreko egunetan baino askoz ere jende gehiago baitabil. Horrek salmentetan ere badu isla, eta oraindik datu zehatzik ez dagoen arren, Bernardo Atxagaren eta Joseba Sarrionandiaren azken lanak erruz ari dira saltzen. Ruper Ordorikaren diskoa ere arrakasta handia ari da izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu