Polizia operazioa

Atxilotuetatik bost aske utzi dituzte, eta bi espetxeratu

Baltasar Garzon epaileak Jon Duque, Iban Medina, Gorka Jaunarena eta Sergio Iribarren aske uzteko agindu du, eta Ruben Nieto eta Izaskun Villanueva espetxeratzeko. Xabier Balerdi ere aske utzi dute, epailearen aurretik igaro gabe. Duqueri eta Medinari 12.000 euroko bermea ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta Jaunarenari eta Iribarreni 3.000 eurokoa. Izaskun Villanuevak torturak salatu ditu: kolpeak eman dizkiotela, 'boltsa' egin diotela, elektrodoak jartzeko zein pistolarekin tiro egiteko mehatxua egin diotela.

2004ko azaroaren 19a
20:22
Entzun
Astearte goizaldean hasitako polizia operazioan atxilotuetarik lau aske uzteko agindu du Baltasar Garzon epaileak, bermea ezarrita, eta Xabier Balerdi —atzo Ordizian atxilotua— epailearen aurretik pasa ere egin gabe utzi du aske Guardia Zibilak. Espetxeratuak Ruben Nieto eta Izaskun Villanueva dira. Epailearen aurrean akusazio guztiak ukatu ditu Villanuevak, haren abokatuak kazetariei agertu dienez. Torturen ondorioz deklarazio polizialean hainbat gauza onartu dituela esan du, baina gero guztia ukatu du. Villanueva Berriozarren (Nafarroa) atxilotu zuten, astearte goizaldean.

Haren aurretik, Bizkaian atzemandako Ruben Nietok (Bilbon) eta Jon Duquek (Portugaleten) deklaratu dute. Haiek ez dute tratu txarrik salatu.

Espainiako Poliziak astearte goizaldean abiatutako operazioan 19 lagun atxilotu dituzte —16 asteartean, bat asteazkenean, beste bat atzo arratsaldean, eta azkena bart gauean—. Bederatzik atzo deklaratu zuten Auzitegi Nazionalean, eta hiru libre utzi eta sei espetxeratzeko agindua eman zuen Garzonek.

Gaur, berriz, Nieto, Duque, Villanueva, Jaunarena eta Iribarren eraman dituzte Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Aurreneko hiruentzat eta Medinarentzat —bezperatik"atxiloketa judizialean" zuten— espetxea eskatu du fiskalak. Jaunarenari eta Iribarreni, aldiz, hiruna mila euroko bermea jartzeko eskatu du. Epaileak, baina, bi espetxeratu ditu, eta lau aske uzteko agindu, bermeak ezarrita.

'Berria'-ko langile Margari Eizagirre (Zestoan atxilotu zuten) eta Ordizian atzemandako Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz ere gaur ziren deklaratzekoak, baina, azkenean, bihar deklaratuko dute. Beraz, bost eguneko inkomunikazio aldia beteko dute.

Azken bi atxilotuak ordiziarrak dira: Xabier Balerdi atzo arratsaldean harrapatu zuten eta Andoni Cobos bart goizaldean. Cobosek noiz deklara dezakeen argitzeke dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.