euskal herria

Atxilotuta eraman dituzte Ruiz Pou eta Pinedo

Hiru hilabeteren ondoren, agertu dira bi gazteak Bakea kaleko balkoi batean. Ertzainak etxera igo, gazteak atxilotu eta furgonetan eraman dituzte. Jendetza gerturatu da babesa erakustera kalejira egin ostean.

Gazteak, balkoian. ARGAZKI PRESS
2014ko urtarrilaren 18a
16:17
Entzun

Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou atxilotu ditu Ertzaintzak eta Zaballa espetxera eraman dituzte. 72 orduren bueltan eramango dituzte Madrilera, Auzitegi Nazionalera. 13:00ak aldera agertu dira Gasteizko etxe bateko belkoiean, eta ertzainek kalea itxi eta atxilotu dituzte. Aurretik Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidea eta Iker Urbina Amaiurreko diputatua ertzainekin hizketan egon dira, eta Pinedoren eta Ruiz Pouren senideak ere igo dira, eta agurtzeko aukera izan dute.

Herri Harresiak deituta kalejira jendetsua egin dute aurretik, eta balkoira agertuko zirela jakiterakoan gereturatu dira herritarrak hara. Tentsio uneak izan dira kalean, gazteen atxiloketa salatzera joan direnak eta ertzainak, aurrez aurre, baina ez da aparteko ezer gertatu. Arrondo EH Bilduko ordezkariak ere kritikatu du gertatutakoa: "Ez da atxiloketetarako garaia. Tokin kanpo daude".

Helburuak beteta

Betetzat jo dituzte helburuak Ruiz Pouk eta Pinedok. Desobedientziarako deia eginez, ez ziren agertu Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta bilatze eta atxilotze agindupean egon dira geroztik. BERRIAra igorritako bideoan jakinarazi zutenez, beren dinamika amaitutzat jo dute Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou gazte auzipetuek, ezkutatu zirela hiru hilabete pasatu ondoren.

12:30ean irten dira kalejiran Los Angeles elizatik herritarrak haiei babesa ematera "mozorro desobedientea" jarrita. "Mozorro desobedientea" jantzita joan dira herritarrak kalejiran. Durangoko Azokan erabili zuten lehen aldiz mozorro hori; han izan ziren Pinedo eta Ruiz Pou, eta ezkutatu egin ziren berriz ere. 26/11 sumarioko epaiketara agertu ez ziren Idoia Iragorri eta Irati Mujika gazteek ere behin baino gehiagotan egin dituzte halako agerraldiak. Mujika joan den astelehenean atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Pinedok eta Ruiz Pouk azaldu zuten ez zirela kalejirara azalduko, istiluak eragozteko, eta halaxe egin dute.

Azkenaldian, hainbat ekitaldi egin dituzte Gasteizen, epaiketen aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde. Atzo arratsaldean, esaterako, bizikleta martxa egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.