Atzera bota dituzte 'Parot doktrina' dela-eta jarritako helegite gehienak

Konstituzionalak 28 euskal presoren kasuak aztertu ditu, eta hiru baino ez ditu onartu, baldintza zorrotzekin

jokin sagarzazu
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Parot doktrina ezarri dieten 25 euskal presoren babes helegiteak atzera bota ditu Auzitegi Konstituzionalak. 31 helegiteri buruzko erabakia eman zuen atzo —28, euskal presoenak— , eta horietatik hiru baino ez ditu onartu. Hirurak euskal presoak: Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri. Ebazpena jaso bezain pronto aske geratuko dira.

Atzo arratsaldean kaleratutako ohar labur baten bidez eman du bere erabakiaren berri Konstituzionalak. Aske geratu direnenkasuan eta atzera bota dituzten 25 kasuetan, boto partikularrak egon dira. Hori hala, auzitegiak ez ditu ezagutzera eman erabilitako argudioak eta helegitea onartu ez dieten presoen izenak (espedienteen zenbakiak ageri dira soilik). Parot doktrina ez dute Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo, banan-banan aztertu dituztelako aipatutako helegiteak, baina atzera bota dituzten helegiteen kopuruari erreparatuz, eta azken egunetan auzitegitik izan diren filtrazioen arabera, ikuspuntu murriztatzaileena lehenestea erabaki omen du Konstituzionalak. Alegia, oso baldintzak zorrotzak ezarri ditu babes helegiteak onartzeko orduan.

Auzitegiko iturriak aipatuz zenbait komunikabidekzabaldu dutenez, irizpide bera erabili dute onartu dituzten hiru kasuetan.Parot doktrina modu erretroaktiboan ezarri den kasuetan erabaki dute zigorraren luzapena bertan behera uztea. Iturri horien arabera, kondenaren likidazioa epailearen erabaki irmoz onartuta dauzkatenen kasuak baino ez lituzke onartuko Konstituzionalak; hau da, kartzelatik ateratzeko eguna epai irmo batean zehaztuta duten kasuetan bakarrik ezarriko luke atzeraeraginezko izaera, zigorraren likidazioa ez betetzeak eskubideen urraketa ekarriko lukeelako.

Hori izango litzateke Jose Mari Perez Txuri Zarauzko presoaren kasua. 1987an espetxeratu zuten,eta irteera data 2008ko abendurako ezarri zion Madrilgo Auzitegiak, probidentzia baten bidez. Erabaki horren aurkako helegiterik ez zuten aurkeztu, baina Auzitegi Nazionalak, bere kasa, modu erretroaktiboan ezarri zion Parot doktrina, irmoa eta mugiezina zen ebazpen bat atzera botaz.

Egoera berean egongo lirateke Jose Ignacio Gaztañaga arrasatearra eta Juan Mari Igarataundi zestoarra. Gaztañaga 1988ean espetxeratu zuten eta 2006tik egon beharko luke aske. Auzitegi Nazionalak, baina, ebazpen irmoa atzera bota eta 2018ko martxora arte luzatu zion zigorra. Igarataundi, berriz, 1987an atxilotu zuten eta 2009ko apirilerako ezarri zioten irteera data; Auzitegi Nazionalak beste zortzi urtez luzatu zion zigorra.

Hiru euskal preso horien kasua, baina, ez da ohikoena. Zigorraren amaieraren jakinarazpena jaso ondoren, erabaki horren aurka helegiteak aurkezten dituztelako Fiskaltzak zein Estatuaren abokatuak, epaia irmoa egin aurretik. Egoera horretan egongo lirateke Parot doktrina ezarri dieten preso gehienak.

Atzoko erabakiari buruzko balorazioa egiteko agerraldia egingo dute gaur Gernikako Akordioak eta Herrira-k. Atzoko erabakia jakin berritan, komunikabideetara igorritako ohar batean, Aralarrek salatu zuen Parot doktrinaren konstituzionaltasuna bermatzen duela Konstituzionalaren erabakiak. «Parot doktrina moduan ezagutu den jurisprudentziari eredu bezala eta prozedura bezala babesa ematen dio epaitegiak eta oso larria da Konstituzionala puntu honetara heldu izana». Ebazpenak, halaber, «bake prozesuaren aurka» egiten duela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.