HEZKUNTZA

Atzera bota dute Nafarroako Unibertsitateak beken deialdiari jarritako helegitea

Magistratuen arabera, unibertsitate pribatuak "ez du zilegitasunik" deialdia inpugnatzeko, ikasleak baitira diru laguntzen onuradunak.

Opus Deiko prelatu eta Nafarroako Unibertsiateko goi kantziler Fernando Okariz (eskuinean), unibertsitate horretako errektore Alfonso Sanchez-Tabernero. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 26a
07:25
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu Nafarroako Unibertsitateak 2016-2017ko beken deialdiari jarritako helegitea.

Administrazioko Auzietarako Salak ondorioztatu du Opus Deiren unibertsitateak "ez duela inongo eskubiderik" diru laguntzak eskatzeko edota deialdiak inpugnatzeko, "ezta ikasleak ordezkatzeko eskumenik ere". Izan ere, epaileen arabera, bekak eskatzeko eskubidea ikasle batzuei dagokie soil-soilik: "Bekak jasotzeko eskubideak izaera pertsonala du; gainera, eskatzaileak bete beharreko baldintza batzuen eta bere familiaren errenta mailaren araberakoa da, ez da ematen unibertsitateko ikasle izate hutsagatik".

UPNren agintaldian, Opus Deiren unibertsitateko ikasleek jasotzen zuten beken diruaren %61, Nafarroako unibertsitateko ikasle guztien %18 soilik izanda. Desoreka hori konpontze aldera (eta unibertsitate publikoko ikasleak lehenesteko), irizpideak aldatu zituen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak.

Deialdian beste irizpide batzuk sartu zituzten. Nagusia: Opusen unibertsitatean laguntza eskuratzeko, aurrez NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan izena eman behar izatea, eta azaldu behar izatea zergatik jo duten pribatura. Bi justifikazio bide aipatu zituzten: NUPen ez dituztela hartu —ez dutelako notarik— edo nahi duten karrera ez daukala NUPek.

Irizpide aldaketa horrek matrikulazioetan galera ekarriko diela argudiatu zuen Nafarroako Unibertsitate pribatuak, baina argudio hori ere atzera bota du Auzitegi Nagusiak: "Helegitea jarri duenak ez du halakorik akreditatu, beka deialdiaren eragin zuzena izanen dela ondorioztatu du soilik; hortaz, ezin zaio legitimaziorik aitortu". Are gehiago: magistratuek gogorarazi diote Opus Deiren unibertsitateari "helegitea jartzen duenaren betebeharra dela inpugnatutako ekintzak era efektiboan eragiten diola frogatzea, era efektibo eta akreditatuan, eta ez soilik hipotesi gisa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.