Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren askatasun eskaeraren gaineko erabakia eman behar zuen gaur Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak. Baina erabakia atzeratu egin du. Bakegileek jakinarazi dutenez, azaroaren 12 arte atzeratu dute askatasun eskaria onartzen duen ala ez argitzeko data.
Larriki eri den Ibon Fernandez Iradi presoaren suspentsio eskaeraren erabakia azaroaren 12ra pusatu dute. Ibonek eta bere familiak pairatzen duten deliberoaren luzatzea gogorki salatzen dugu. #OrainPresoak
— Artisans de la Paix (@Artisans_Paix) October 30, 2019
Bakegileek salatu egin dute "Ibonek eta bere familiak pairatzen duten deliberoaren luzatzea", eta elkarretaratzera deitu dute, 18:30ean, Baionako herriko etxean.
Gaur 70 lagun bildu gira Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Galdegiten dugu Ibon Libratua izaitea! #OrainPresoakpic.twitter.com/Vh9jxgoxt7
— Artisans de la Paix (@Artisans_Paix) October 30, 2019
Maritxu Paulus Basurco abokatuak ez du erabakia gibelatzeari buruz komentario gehiegi egin nahi izan. "Epaileak hamar eguneko epea hartu du. Momentuz ez dugu inolako ondoriorik aterako. Erabakia bera itxoingo dugu", adierazi du iluntzean. Hala ere, egiteko modua zalantzan ezarri zuen abokatuak: "urri osoa eman dugu erabakia itxoiten". Luzapen horrek Fernandez Iradi eta bere familiarentzat "ondorio humanoak" dituela nabarmendu du. Halaber, prozedurak euskal presoarengan sortzen duen "arrangura" ere aipatu du. "Bere osasuna dela eta bizi duen urgentzia ez da justizian partekartua".
Irailaren 25ean aztertu zuten Fernandez Iradiren askatasun eskaera Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegian. Lannemezango (Okzitania) espetxean dago, eta esklerosi anizkoitza du. Aurretik egin du Fernandez Iradik espetxetik irteteko eskaera, baina ukatu egin diote aukera hori. 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Hamasei urte daramatza espetxean.
Muinean, Fernandez Iradiren gaixotasuna espetxearekin bateragarria ote den izan zen eztabaida nagusia auzi saioan. Paulus Basurcok oroitarazi zuen esklerosi anizkoitzak hainbat "eginbehar" eskatzen dituela (tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...), eta kartzelak ez daudela prest hori bermatzeko.
Bide luzea epaitegietan
2014an hasi zuen Fernandez Iradik bide judiziala, frogatzeko espetxea eta gaixotasuna ez direla bateragarriak. Lehen aldian, Kouchner legean oinarritu zen: preso baten osasuna kontuan hartuta, epaileak zigorra eten dezake. Bi medikuk esan zuten Fernandez Iradik espetxetik irten behar zuela, baina prokuradorea aurka agertu zen. Parisko Dei Auzitegiak hirugarren txostena eskatu, eta 2015eko maiatzean ezezkoa eman zuen. Parisko Kasazio Auzitegiak atzera bota zuen. 2016an, prokuradoreak presondegian atxikitzeko eskatu zuen.