Atzeratu egin dute Mikel Martin EHGAMeko kidea jipoitu zuten militarren aurkako epaiketa

Donostiako Epaitegian gaur hastekoa zen epaiketa. Alcala de Henaresko Epaitegian abokaturik gabe deklaratu zuelako baliogabetasuna eskatu zuen akusatuak, eta epaileak epaiketa atzeratu egin du. Gerardo Karrerre Zutikeko kideak salatu duenez, "Martinen eskubideak urratu" egin dira.

2007ko maiatzaren 11
14:33
Entzun
Mikel Martin EHGAM eta Zutik-eko kideari ustez eraso egin ziotelako gaur hastekoa zen Espainiako Armadako lau militarren aurkako epaiketa. Hala ere, Donostiako Lurralde Epaitegiak epaiketa atzeratzea erabaki du. Akusatutako batek prozesuaren baliogabetasuna eskatu zuen, Alcala Henaresko (Espainia) Epaitegian egin zuen deklarazioa abokaturik gabe egin zuela argudiatuz. Epaileak eskaera onartu du eta akusatuak abokatuaren babesaz beste deklarazio bat egin arte atzeratuko da epaiketa.

Gerardo Karrere Zutikeko kideak salatu du Mikel Martinen "eskubideak urratu" egin direla epaileak harturiko erabakiarekin. "Eskubide batzuk babesteko beste batzuk urratu dira, eta gure ustez babestu behar direnak Mikelenak dira, bera izan baita bortxa jasan duena".

Erasoa egin zutelakoan urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte ordainak eskatzen ditu fiskalak bi militarrentzat. Beste bientzat 4.200 euroko kalteordainak ordaintzea galdegiten du, jipoiketa eragotzi ez zutelako. Martinen abokatuek eta herri akusazioek -Zutik alderdiak eta EHGAM mugimenduak- zigor handiagoak eskatuko dituzte: lehen bi militarren aurka hiru urteko espetxe zigorra galdegingo dute eta beste bientzat 7.200 euroko isuna. Halaber, Martinentzat 18.000 euroko kalte ordainak eskatuko dituzte.

2005ko urtarrilaren 13an jasan zuen erasoa Martinek. Donostiako erdiguneko Urbieta kalean, 23:00ak inguruan, lau pertsona ikusi zituen "nahiko jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen". Hurbildu eta irainka hasi zitzaizkion, berak dioenez. Konortea jo arte jipoitu zuten, Ibarretxe Planaren eta ETAren aldekoa ote zen galdetzen zioten bitartean. Fiskalaren idatziak dio EHGAM eta Zutikeko kideak 137 egun behar izan zituela osatzeko.

Donostian Loiolako kuartelean zeuden akusatuak ustezko erasoa egin zuten garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.