Atzeratuta, baina martxan

Eztabaida iturri izan da hasieratik Urdulizko ospitalea; atzerapenek kezka eragin dute eskualdean, eta azpikontratazioek haserrea piztu dute langileen artean.

Goieta kalean dago Urdulizko ospitalea, metro geltokitik 450 metrora. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Urduliz
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken 32 urteotan Bizkaian zabaldu den ospitale publiko ohedun bakarra izanik, begi asko izan ditu adi. Uztailean ireki zuten Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea, kanpoko kontsultak, proba funtzionalak eta erradiodiagnostikoa egiteko zerbitzuekin, eta udazkenean abiatu zuten Bularreko Minbizia Bahetzeko Unitatea. 2017aren amaierara arte, ordea, ez ditu eskainiko zerbitzu guztiak. Gehien espero den zerbitzuetako bat da larrialdiena: azaroan ziren martxan jartzekoak, baina atzeratu egin zen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak martxo amaieran abiatu nahi du.

Ospitaleak hamazortzi herritako 175.000 lagun artatzen ditu; egun, beste erietxeetako larrialdietara jo behar dute. Hartara, zerbitzu horietako zama arinduko luke Urdulizkoak. Saioa Zulueta Uribe ESI erakunde sanitario integratutako ELAko ordezkariaren iritziz, «lan zama handia dute zentrootako medikuek».

ESK-ko Jose Martinezek, ordea, badauzka zalantzak: «Gurutzetako larrialdiak [Barakaldo, Bizkaia] muturreko egoeran ari dira lanean; nahiz eta Urdulizko zerbitzua zabaldu, ez da konponduko arazoa. Gainera, Urdulizkoa zabaldutakoan murrizketekin jarraituz gero, larrialdiek kolapsatuta jarraituko dute. Horren arrazoia da Osakidetzaren kudeaketa modua eta murrizketen politika ekonomikoa».

Zuluetak ere ez du uste larrialdi zerbitzua «edozein modutan» zabaldu behar denik: «Oraindik ez dago altzaririk. Gainera, gela bat atontzen ari dira larrialdietan ere erradiologia aparatuak jartzeko, ospitalea eraiki zutenean erradiodiagnostikoa larrialdietatik kanpora ipini baitzuten. Diru gehiago da. Ez dut ulertzen».

Osasun Sailak iragan ekainean iragarri zuenez, larrialdiez gainera, 2016 amaierarako abiatzekoak ziren kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak, eguneko ospitale kirurgikoa, digestio endoskopiak egiteko gelak, eta analisi klinikoetarako laborategia. Sindikatuek diotenez, ordea, lanak atzeratzen ari dira: «Ebakuntza gelak eta eguneko ospitale kirurgikoa egiteko lizitazioa azaroan atera zuten», esan du Zuluetak. Osasun Sailak aurreikusten du laborategi eta endoskopia zerbitzuak ere 2017ko lehen hiruhileko honetan zabaltzea.

Ondoren, pixkanaka abiatuko dituzte mediku eta kirurgia ospitaleratze zerbitzuak, ospitaleratze psikiatrikoak, kirurgia blokea, erreanimazio unitatea eta etxeko ospitaleratzea. Prozesu osoa bukatzeko, beste bi zerbitzu faltako dira: mediku onkologia eta eguneko mediku ospitalea. 2017ko bigarren seihilekorako aurreikusita dauzkate.

«Presaka»

Hain justu, atzerapenek kritika ugari eragin dituzte. SATSE erizainen sindikatuak uste du ospitalea «presaka» abiatu zutela. «Nolabaiteko interes politikoarekin eta gardentasun faltarekin inauguratu zen», adierazi du Encarna de la Maza eledunak. Ildo horretan, «informazio falta» ere salatu du LABek. Uribe ESIrako eta prebentziorako ordezkari Begoña Arazaspik dioenez, ez dakite zehazki zergatik atzeratu diren larrialdi zerbitzuak: «Zuzendaritzari galdetu genion, baina erantzunik ez». BERRIA ere saiatu da erietxeko arduradunekin mintzatzen, baina ez dute iritzia eman nahi izan oraingoz.

Jon Darpon Osasun sailburuaren arabera, dena den, «datuak ikusita, nabaria da ospitalea abiatzeko apustua egokia izan zela». Azaroan egindako adierazpen batzuetan, gogora ekarri zuen kanpo kontsultetan dozena bat espezialitate artatzen dituztela: «Dagoeneko onuragarria izan da eskualdeko gaixoentzat, etxetik gertuago dagoen zerbitzu bat jasotzen baitute, eta kalitate handiko instalazio berrietan. Lehen hilabeteetan, egunero 200 pertsona baino gehiago artatu dira».

«Kudeaketa eredu bera»

Baina, langileen artean, beste gai batek ere hautsak harrotu ditu: garbiketa, sukaldea eta araztegi zerbitzuak azpikontratatzeko hautuak. Osasun Sailak ospitalea zabaltzean eman zuen erabakiaren berri, eta Gabonetan argitaratu zuten deialdia. Osasun zentro eta erietxeetako langileek bi orduko lanuztea egin zuten, SATSE, ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek deituta.

Osasun Sailak urtarrilean eman zuen azalpena, ohar bidez: «Zerbitzuak kanpora aterako dira, Osakidetzako ospitale gehienetan bezala; izan ere, Urdulizko erietxeak gainerako ospitale publikoen kudeaketa eredu berari jarraituko dio. Enpresa pribatuek ere sortzen dituzte lanpostuak eta aberastasuna». Urdulizen 60 milioi euroko inbertsioa egin dutela ere gogoratu zuten: «Ospitalea abiatzeak 500 lanpostu baino gehiago sortuko ditu osasun arretaren arloko kategoria profesional guztietan».

Negoziazio mahaiak

Sindikatuek, berriz, mahai orokorraren akordioa eta Osakidetzaren lan baldintzei buruzko akordioa «apurtzea» leporatu diote Osasun Sailari. ELAk dioenez, «zerbitzu gehiago kanpora ateratzeko debekua berariaz jasota dago bi akordioetan». «Adostutakoa ez badute betetzen, zertarako balio du Negoziazio Mahaiak? Azpikontratazioen bitartez ez da sortuko lanpostu gehiago, eta, gainera, eskasagoak izango dira», erantsi du ESK-k.

Nafarroari so egin dio Jose Martinezek, ospitale publikoko sukalde zerbitzuaren azpikontratazioaren auzia dela eta. Ohartarazi du «milaka salaketa» jaso ostean orain atzera bidea egin nahian dabiltzala, zerbitzuaren kudeaketa publikora itzultzeko. Beraz, «osasun arlo %100 publikoa» eskatu dute sindikatuek. «Azpikontratazioek zerbitzu publikoak garestitzen dituzte, eta prekarizazioa bilatzen dute», esan du SATSEk. «Azpikontratatzea ez da eraginkorra; eta ezinezkoa da, epe luzera, merkeago ateratzea», gaineratu du ELAk.

LABek, berriz, salatu du arratsaldez ospitale «pribatua» dela Urdulizkoa: «Osatek sozietate publikoak bakarrik erabiltzen du zentroa 15:00etatik 22:00etara». Horrenbestez, «pribatizazio prozesua bertan behera uzteko» eskatu du sindikatuak. Osasun arloko zerbitzuen «pribatizazioak» bertan behera uzteko, baina, gizartearen inplikazioa eskatu du ESK-k. Babesik «zabalena» lortu nahi dute laster abiatzekoak diren mobilizazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.