Atzerriko begiradak, Aaiundik kanpo

Hogei ekintzailetik gora bota dituzte Mendebaldeko Saharako hiriburutik, horietako bi euskal herritarrak, Marokoko Poliziak Gdeim Izik kanpalekua suntsitu zuen egunaren urteurreneko ekitaldietan.

Kooperatzaileak, sahararrei laguntzen. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marokok ez ditu kanpoko begiradak nahi Aaiunen, Mendebaldeko Saharako hiriburuan. Azaroaren 8an bi urte bete ziren Marokoko militarrek Gdeim Izik kanpalekua suntsitu zutenetik, eta urteurren horretan nazioarteko begiralerik ez egoteaz arduratu da. Guztira, hogei pertsona baino gehiago bota dituzte azken egunotan handik: espainiarrak, norvegiarrak, kataluniarrak, baita euskal herritarrak ere.

«Aaiunen hiru ordu inguru baino ezin izan ginen egon», azaldu du Amancay Villalbak. Donostian jaio eta Gasteizen bizi den ekintzailea da, eta Iñigo Gutierrez eta Adrian Gallerorekin bidaiatu zuen hara, Sahararekin Solidarioak diren Elkarteen Koordinakundeko eta Sahara Thawra-ko ordezkari moduan. Saharako biztanleei babesa agertzea zen haien helburua, eta nazioarteko begirale lana egitea. Ordea, apenas izan zuten denborarik hartu behar zituzten familiarekin egoteko.

Hain zuzen ere, familia saharar baten etxean geratu behar zuten lotan. «Gure bila etorri ziren, eta haien etxera joan ginen segituan. Elkar ezagutzen hasi ginen, hitz egiten, baina segituan heldu zen Polizia». Orduan hasi zen dena. Familiarengana jo zuten poliziek, eta etxean zituzten pertsona atzerritarrak kalera atera behar zutela esan zieten. Kaleko jantziak zituzten hamabost bat polizia zirela azaldu du Villalbak, inolako arrazoirik entzun nahi ez zutela. «Esaten zuten bakarra zen segurtasun arrazoiak zirela-eta bertatik alde egin behar genuela. Baina ez ziguten ez agiririk ez ezer erakutsi».

Kanporatze agindua heldu bitartean hotel batera eramateko eskatu zuten. Hori agindu arren, taxi batean sartu, eta hiriaren kanpoaldean dagoen kontrol leku batera eraman zituzten. «Hori adostutakoaren kontrakoa zela esan genien, eta azalpenak eskatu genizkien. Orduan, tonua gogortu zuten, eta, azkenean, bultzakada artean Agadirrerako bidea hartu genuen taxian».

Babes falta salatu dute

Gertatuaren ostean, egoera salatu behar zutela jabetuta, Rabatera jo zuten. Espainiako kontsularekin eta enbaxadorearekin hitz egiten saiatu ziren. «Kontsularen kantzilerrarekin telefonoz hitz egin genuen, eta gure babesgabetasun egoeraren berri eman genion. Nolabaiteko neurriak har zitzatela ere eskatu genien, baina ez zigun kasurik egin».

Salaketaren berri emateko agiriak aurkeztu zituzten kontsulatuan, eta, horretan zenbiltzala, kontsula agertu zen. «Jakinarazi genion ez geundela batere ados Espainiako Gobernuaren jokabidearekin; salaketa publikoa eskatu genion, Aaiunekin botatako pertsona atzerritar guztiek jasandakoagatik». Ordea, ez zen halakorik gertatu.

Rabateko epaitegietan Marokoko agintarien aurkako salaketa bat jartzeko aukera aztertu zuten, baina kontsulatuan bertan jakinarazi zieten aukera horrek ez zuela egingo aurrera. Dena den, kontsulak jakinarazi zien zein zen Espainiako Gobernuaren adierazpena eskatzeko bidea, eta dagoeneko hasi dituzte horretarako izapideak.

Aaiundik bota zituztenetik egun batzuk pasa direla, orduko tentsioa desagertu da. «Ondo gaude, baina arazoa da zer gertatzen den gero bertan». Hartu behar zituen familia ondo dagoela jakin dute, nahiz eta ekintzaile sahararren etxe guztiekin bezala Poliziak arakatu egin zuen atzerritarrik egon ez zedin. «Kontrola oso handia izan da, eta manifestazioak egiteko aukerak, urriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.