Goya markako lau gazta mota dendetatik kendu ditu Eusko Jaurlaritzak, kutsatuta daudelakoan. Osasun Sailak jakinarazi du Bizkaian bi emakume gaixotu zirela abuztu amaieran gazta horiek janda: haurdun daude biak, eta listeriosiaz kutsatu ziren; ondo daude jadanik. Saltokietatik kendu dituzte lau gazta klase horiek, baina aurrez erosita dauzkatenei ez jateko eskatu die Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ere atzeman dituzte gazta horiek.
Europako Batasun osoan egin dute ohar hori bera. Listeriosiaren ondorioz sukar handia sortzen da, eta litekeena da gaixotasun larriagoak eragitea. Atzerriko marka da, eta kanpoko produktuetarako dendetan saltzen dituzte.
Honako marka hauetako gaztak atzeman dituzte kutsatuta: Goya gazta latinoa, El Sabor de Casa gazta freskoa, Nativo kostako gazta eta estilo tradizionaleko gazta latinoa. Osasun Sailak azaldu du inkubazio aldi luzea daukala listeriosiak; hortaz, litekeena da herritar gehiago ere gaixotuta egotea eta oraindik sintomarik ez izatea. Gazta horiek jan eta gaixotu direnei medikutara joateko eskatu die Osasun Sailak.