Atzerriko zirkulazio isunak ordaintzea bermatzeko araua onartu du Bruselak

Autoen eta gidarien inguruko informazioa trukatzeko sistema sortuko dute Europako Batasuneko herrialdeek

24 herrialdetako isunak ordaintzeko bidea egin nahi du Europako Batasunak. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko estatuetan gidariei jarritako zirkulazio isunak ez ordaintzea zailagoa izango da aurrerantzean. Izan ere, gidarien eta autoen inguruko informazioa trukatzeko sistema elektronikoa sortzea erabaki du Europako Batzordeak, estatukideek isuna dagokion lege hausleari helarazi eta ordaintzera behartu ahal izateko. Europako Batasuneko 24 estatu daude barruan: denak, Erresuma Batua, Irlanda etaDanimarka izan ezik.

Europako Batzordeak onartutako arauaren helburua da Europako Batasunean egindako zirkulazioko arau hausteak ez zigorrik gabe geratzea; besteak beste, honako hauek: gehiegizko abiaduran gidatzea, semaforoa gorriz pasatzea, segurtasun uhalik ez eramatea, alkoholaren edo drogaren eraginpean gidatzea, motorrean burua babesteko kaskorik gabe joatea, debekatutako bide batetik joatea eta sakelako telefonoa eskuan hartuta gidatzea. Gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak ez dira sartuko sistema horretan.

Abenduan adostu eta atzo onartu zuten araua. Orain Europako Parlamentuak eztabaidatuko du. Oraingoz isunak kobratzea bermatzeko ez dute tresna exekutiborik adostu, irizpide bat baino gehiago dituztelako estatuek. Parlamentuak onartzen duenean, indarrean jarriko litzateke araua.

Atzerriko gidarien zigorgabetasuna amaitu nahi du Europako Batzordeak; gidari atzerritarrak, guztien %5 inguru izanda, zirkulazioko arau hausteen %25 inguru eragiten dituzte eta. «Etorkizunean, trukerako informazio sistemari esker, lege haustea egin duzun herrialdeko Poliziak bilatu ahal izango zaitu, eta zure aurkako prozeduraren berri eman», adierazi du Siim Kallas Garraio komisarioak.

Behin arau hauslea identifikatuta dagoela, matrikulazio agiriaren jabeari ohartarazpena igorriko diote. Hor isunaren ñabardurak azalduko zaizkio: isunaren kopurua eta ordaintzeko bideak. Horrekin batera, ados ez badago, helegitea jartzeko modua ere azalduko diote. Alabaina, ohartarazpena borondatezkoa izango da. Estatuak ez du derrigorrez bidali beharko bidalketa gastuak isunaren kopurua baino handiagoak direnean. Arau hausleak isuna ez ordaintzea erabakiko balu, isuna jarri duen estatuari dagokio hurrengo urratsak zehaztea; izan ere, horretan ez dira ados jarri oraingoz estatukideak. Bideetako bat litzateke finantza isunen elkarganako aitortza arautzen duen Europako Batasunaren araudira jotzea, ordaintzea bermatzeko.

Hasierako proposamena atzera bota du Bruselak. Haren arabera, ordaintzen ez den kasuetan arau hauslea bizi den administrazioa behartzea isuna kobratzera. Herrialde askok zalantza dute ea horrek lege oinarririk duen, eta, horregatik, atzera bota dute.

Agiri hau zail dezakeen kontu bat da 2008ko proposamenaren gaineko lege oinarria aldatu egin dela. Europako Parlamentuaren akordioa 24 estatuk onartu beharko dute aho batez. Berez, horren aurkako da Brusela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.