murrizketak

Atzerritarrei osasun txartela eskuratzeko baldintzak gogortuko dizkie Espainiak

Ministro kontseiluan hezkuntza eta osasun arloko murrizketak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Botiken berrordainketa erkidego guztiek ezarri beharko dutela ziurtatu du eta erkidegoetako telebista publikoei buruzko lege proiektua ere onartu du. Patxi Lopez lehendakariak Legebiltzarrean adierazi du ez duela izan nahi "ongizatea bukatuko duen lehendakaria"; baina Jaurlaritza ez dela "intsumisoa" izango bete beharreko neurriekin. 

2012ko apirilaren 20a
18:47
Entzun

Atzerritarrek "errazagi" eskuratzen dute osasun txartela, Ana Mato Espainiako Osasun ministroaren hitzetan, eta Atzerritarren Legea aldatu egin behar da, erroldatzeko irizpideak gogortzeko, eta osasun txartela horren erraz eskura ez dezaten. Hainbat herrialderekin dituen hitzarmenak "berrikusi" egingo dituela ere esan du Matok. Orain arte, atzerritarrei aski izan zaie erroldatzea, osasun zerbitzu unbertsala jaso ahal izateko. Aurrerantzean, erroldatuta egotea ez da aski izango osasun txartela eskuratzeko, eta erroldatzeko baldintzak gogortu egingo ditu Espainiak, gainera.

Gaurko ministro kontseiluan hezkuntza eta osasun arloko murrizketak onartu ditu Espainiako Gobernuak, aste honetan iragarri dituenak. Hezkuntza eta osasuneko aurrekontuetatik 10.000 milioi euro gutxitzea da mozketen helburua. Asteon iragarritako neurriak baieztatu ditu ministroen kontseiluak, eta atzerritarrei osasun arreta eskuratzeko bideak zorrozteko asmoa ere onartu du. "Aterritarrek osasuna gaizki erabiltzearen ondorioz", 2009an 917 milioi euroko gastua izan zuen Espainiak, Ana Matoren esanetan.

Botiken berrordainketa autonomia erkidego guztiek ezarri beharko dutela ere ziurtatu du Matok; asteazkenean jakinarazi zuen pentsiodunei ere kobratuko dizkietela botikak. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak ere zehaztu ditu asteon ezagutarazitako neurri batzuk. Besteak beste, hamar egun baino gutxiagoko bajak ikastetxe bereko langileek ordezkatu beharko dituztela. Aurrerago, hezkuntza sistema erreformatuko duela ere jakinarazi du.

Erkidegoetako telebista publikoei buruzko lege proiektua ere onartu du ministroen kontseiluak. Haren arabera, defizitaren muga bete beharko dute telebista publikoek ere, eta esku pribatuetan uzteko aukera emango die autonomia erkidegoei.

Lopez: "Ez naiz ni izango ongizatea bukatuko duen lehendakaria"

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du "autogobernuaren ahalmen osoa" erabiliko duela Espainiako Gobernuaren murrizketetatik "ongizatea babesteko". "Ez dut onartuko defizit publikoa jaitsi nahi den aitzakia horrekin osasun eta hezkuntza arloak itotzea", esan du Lopezek gaur Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEren galdera bati erantzunez: "Ez naiz ni izango ongizatea bukatuko duen lehendakaria". Dena dela, adierazi du bete beharreko neurriekiko ez dela "intsumisoa" izango Jaurlaritza.

Lopezek onartu du krisi garaia dela eta administrazio publikoen defizita jaitsi beharra dagoela, baina ez da ados azaldu Espainiaren eta Europako Batasunaren politikekin. "Langabezia hazten eta ekonomia geldotzen baino ez dira ari politika horiekin".

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere mintzatu da Espainiako Gobernuaren murrizketez, eta esan du diru arazoengatik nafarrik ez dela geratuko unibertsitatera joan gabe. Errentaren araberako bekak ematen jarraituko dutela azaldu du. Unibertsitatera joan nahi duenak ia %70 gehiago pagatzea proposatu du Madrilek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.