Arrazoi politiko hutsak ikusi dizkiete euskal alderdiek atzoko operazioei: egoera berriari oztopoak jartzeko nahia. Bide hori alboratzeko eta arduraz jokatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Bai ezker abertzaleak eta bai EAk ohartarazi dute halako erasoek ez dituztela hartutako bidetik aldenduko.
Espainiako Estatuak, «jazarpena, errepresioa eta tortura» erabilita, Euskal Herrian hasi den «aro politiko berria oztopatzea» du helburu, ezker abertzalearen ustez. «Ezker abertzaleak eta Euskal Herriko sektore zabal batek egindako apustu politikoa baldintzatzeko» egin dituzte atxiloketak, Tasio Erkiziak eta Miren Legurburuk atzoko agerraldian ohartarazi zutenez. Espainiako Estatuak «konponbiderako eskemari beldur» diola uste dute, eta horregatik oztopatu nahi dituela bide horretan egindako urratsak.
Jarreraz aldatzeko eskatu diote, hargatik; arduraz jokatu eta «aukera historikoa» balia dezala. «Egoera politikoari eta aukera historikoari erantzuterakoan etorkizunera begiratuta eta kudeaketa politikorako gaitasunarekin egin zezala eskatu genion Espainiako Gobernuari, baina operazio hau izan da haren erantzun baldarra».
Hala ere erasoek ez dutela ezker abertzalea hartutako bidetik aldenduko ohartarazi dute Erkiziak eta Legorburuk; egindako apustu «irmoari» eutsiko diotela.
«Une politiko esanguratsua»
EA Eusko Alkartasuna ere seguru dago atzoko operazioen helburua «Euskal Herrian hasi den eta atzeraezina den prozesua oztopatzea» dela. «Ezker abertzaleko hainbat erakundetako kideen kontrako polizia operazioa dugu beste behin ere; edozein indarkeriatatik aldendutako bide politikoen aldeko apustua egin duenean eta, beste behin ere, une politiko esanguratsuan gaudenean».
«Agertoki politiko berria» egonkortzearen aldeko apustua berretsi du EAk, eta Gernikako Akordioa ere bai.
Espainiako Gobernuari hitz egin dio EAk ere, «ardura politikoz» joka dezala eta prozesuaren aldeko lanari lot dadila eskatzeko.
Politika egiteko aukera
Gernikako Akordioari eutsi dio Aralarrek atxiloketak salatzeko: «Ez ditu betetzen akordioak Espainiako Estatuari eskatzen dizkion baldintzak». Halako operazioak alboratu, eta politika egin nahi dutenei politika egiten uzteko eskatu du Aralarrek, «hori delako demokrazian sakontzeko bide bakarra». Inkomunikazioa kentzeko ere eskatu du, ohar bidez; atxilotuen «eskubide guztiak bete daitezela bermatzeko ahal diren neurri guztiak hartzeko».
Epelago aritu da EAJ. Alderdiak balorazio ofizialik egin ez badu ere, Josu Erkoreka diputatua mintzatu da gaiari buruz RNE irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean. ETAren azken agiriaren ondoren, «egiten den edozein urrats ondo neurtu» behar dela ohartarazi du.
Atxiloketen zergatiak zalantzan jarrita egin du salaketa: «Espero dut atxiloketak ez zirela egingo gobernuari mezu politiko bat ematea komeni zaiolako soilik, polizia ikerketek egungo egoera delikatua izanik ere halako neurri bat hartzea justifikatzen zutelako baizik».
«Aukera» ez galtzen uzteko eskatu dio Erkiziak estatuari
EAk dio hasitako prozesua oztopatzea dutela helburu atxiloketek, eta Aralarrek Gernikako Akordioa betetzeko eskatu duOperazioaren atzean «mezua igorri nahia» baino zerbait gehiago egotea espero du EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu