Lander Martinez. Sumarreko Bizkaiko zerrendaburua

«Aulki kopurua baino gauza inportanteagoak daude»

Ordezkari bakarra lortu arren, pozik dago Bizkaiko zerrendaburua, Kongresuan eskuinak gehiengoa lortzea eragotzi dutelako. Sumar «epe luzerako» egitasmoa dela berretsi du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
2019ko azaroan Elkarrekin Podemosek ordezkari bana lortu zuen Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean, baina lau aulkietatik bakarrari eutsi dio orain Sumarrek: Lander Martinezenari, Bizkaian (Gasteiz, 1989). Pozik dago, halere, emaitzekin: helburua betetzat jo du.

Eserleku bakarra berretsi duzue, baina kontuan izanda inkestek hori ere zalantzan jartzen zutela, emaitza poztekoa da?

Hauteskunde bereziak izan dira: PSOEren emaitzek gureak baldintzatu dituzte; asko hazi da, eta horrek eragin digu. Baina Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan oso gutxi falta izan zaigu eserlekua lortzeko; horrek adierazten du ez dela behin betiko aldaketa, eta hor lan egin behar dugula. Eserlekuetan ez da izan gure emaitzarik onena, baina etorkizunera begira badago lan egiteko aukera.

Halere, boto asko galdu dituzue, eta Sumarrek ez du lortu gehitzea. Zer gertatu da?

Abagunea oso berezia izan da: kanpaina oso azkar egin behar izan dugu, guk akordioa lortu genuen hamabost indar politikoren artean bi astean, sozialistak oso indartsu egon dira... Baina helburuei begiratu behar zaie: gobernu progresista bat osatzeko aukera izan nahi genuen, eta lortu dugu. Garrantzitsua zen eskuinaren batuketa ez iristea gehiengora, eta hori gertatu egin da. Nahi genituen eserleku guztiak ez ditugu lortu, baina kopuru hori baino gauza inportanteagoak daude. Duela astebete galdutzat ematen ziren hauteskundeak, eta orain baditugu kartak jokatzeko.

Nola ikusten duzu Madrilgo egoera?

Ea zer gertatzen den asteon atzerriko botoarekin. Baina lehen helburua bete da, eskuinek ez dute gobernua osatuko: [PPko Alberto Nuñez] Feijoo ez da izango gobernuko presidente, ezta [Voxeko Santiago] Abascal presidenteorde ere. Horrek agertoki bat ematen digu, eta gobernatu nahi dugunok lan handia dugu azken lau urteetako gehiengo plurinazional horrekin berriro aliantzak eta akordioak lortzeko, gobernua berreste aldera.

Juntsen jarrera hizpide izanik, Puigdemont atxilotzeko agindu eskaera iritsi da, eta Ponsatiren atxiloketa. Zer adierazten du horrek?

Ziurrenik negoziazio gogorra izango dela. Baina nik ez diet gertaerei aurrea hartu nahi: pixka bat itxaron beharko dugu, ea negoziazioak nola planteatzen diren.

Hauteskundeak errepikatzeko arriskurik bada?

Bai, noski. Ahalegin guztiak egin behar ditugu hori gerta ez dadin, baina ezin da baztertu.

EAEn «ziklo aldaketa» ere aipatu duzu. Nola ikusten duzu?

Argi dago aldaketa gertatzen ari dela: EH Bildu gora doa, eta EAJ, behera. Sozialisten botoak ikusita, badago borondate bat gehiengo aurrerakoiak sortzeko, eta hor gure espazioa giltzarri da, gehiengo hori ez baita inoiz izango alderdi bakar batena. Asko baldintzatuko ditugu etorkizunean sor daitezkeen gehiengoak; argi baitago aldaketak egon daitezkeela gobernuan eta boterean Euskadin.

Sumarrek jarraipena izango du eremu horretan?

Bai. Orain, Sumarrek antolakuntza prozesu bat zabaldu behar du maila guztietan, eta eragileek esan behar dute zer rol hartuko duten epe luzerako prozesuan, hau epe luzerakoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.