Martxoan hautatu zuen Euskaltzaindiak Aurelia Arkotxa (Baigorri, Nafarroa Beherea; 1953) euskaltzain, baina gaur egin du honek sarrera hitzaldia Hendaian (Lapurdi). Euskaltzaindiko 25. domina hartu du, hala. Otsailaren 23an proposatu zuten hura euskaltzain oso izateko hautagai Jean Louis Davantek, Emile Larrek, Txomin Peillenek eta Beñat Oihartzabelek.
Bere esparrutik helduko dio Arkotxak eginkizun berriari: "Ni idazlea naiz, eta sinpleki eta umilki nire alorretik emango diot Euskaltzaindiari".
Hendaiako Herriko Etxean egin du sarrera hitzaldia, herri hartan bizi dela-eta. Bazterrez izenburua jarri dio idatziari. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta domina eman dizkio. Aurretik, Jean Baptiste Sallaberri alkateak ongi-etorria egin dio Arkotxari. Arkotxak hitzaldia egin du ondoren, eta Beñat Oihartzabalen ere bai.
Arkotxa Filologia Hispanikoan lizentziatua da, eta Euskal Filologian doktore. 2003. urteaz geroztik euskaltzain urgazlea da, eta Euskaltzaindiko Literatura Batzordeko kide.
Gabriel Arestiren Maldan behera poemarioari buruzko tesia egin zuen, eta Bordeleko (Frantzia) Unibertsitatean aurkeztu; Imaginaire et poésie dans 'Maldan behera' de Gabriel Aresti (1933-1975) jarri zion izenburu.
Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da, eta Bordeleko eta Baionako fakultatean Literatura eta Literatur Teoria eskolak ematen ditu. Gainera, IKER-CNRSko ikerlari taldeko kidea da. Maiatz aldizkariko sortzaileetako bat da, eta Lapurdun agerkari zientifikoko zuzendaria. Besteak beste, honako liburu hauek ditu plazan: Atari ahantziak, Septentrio (2001ean euskaraz atera zuen, eta 2006an frantsesez), Antoine d'Abbadie, Pensées études et voyages de 1835 Patri Urkizurekin batera eginikoa eta Euskal kritika gaur Mari Jose Olaziregirekin eginikoa.
BERRIA egunkariko kolaboratzailea ere bada Arkotxa.
Euskara
Aurelia Arkotxa, euskaltzain
Gaur egin du sarrera hitzaldia, Hendaiako Herriko Etxean. Idazlea eta irakaslea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu