Asteartean ikertuko dute Paueko auzitegian Aurore Martin zuberotarraren Espainiaratze eskaera berria. Hain zuzen, bigarren aldiada haren aurkako euroagindua galdatzen duela Espainiako Auzitegi Nazionalak. Amaia Rekarte abokatuak jakinarazi duenez, lehen aldian bezala, 2005 eta 2008 bitartean, Ipar zein Hego Euskal Herriko hainbat herrialdetan, Batasunaren inguruko jarduera politikoak eta publikoak egitea leporatzen diote. Euroagindua «lotsagarritzat» jo du abokatuak.
Auzia aztertu bitartean kartzelatzeko agindua emanik Paueko prokuradoreak, Seysseseko kartzelara (Frantzia) eraman zuten atzo. Hori ere «erabat ulertezina» dela dio Rekartek, ikusiz aitzineko aldian eman bermeak berretsi dituela Martinek prokuradoreari eta orduan auzira arte aske uztea erabaki zuela.
Herenegun agertu ziren jendarmeak Martinen etxera, Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) jendarmeriara joateko manua aurkeztuz. Atzo 08:00etarako deitua izanki, bertara joan eta handik Paueko auzitegira eraman zuten ordu bat geroago.
Askatasunak deiturik, elkartasunez 30 bat lagun bildu ziren atzo goizean berean Donibane Garaziko jendarmeriaren aitzinean. Arratsalde bukaeran berriz Mauleko (Zuberoa) eta Donibane Garaziko herriko etxeen aitzinean egin zituzten elkarretaratzeak, Errepresioa ez da bidea, utzi Euskal Herria bakean lelopean.
Nahiz aurtengo ekainean Paueko auzitegiak errefusatu Martinen Espainiaratzea, berriro ere haren aurkako euroagindua pausatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, orain, baina, Pablo Rafael Ruiz Gutierrez epaileak. «Argitasun faltagatik» zuten ekainean errefusatu euroagindua. Hau da, zehazki leporatuak zatzaizkion ekinbideak zein diren, non eta noiz burutuak izan diren ez zen zehaztua.
Garaian Martini elkartasuna adierazi zieten hainbat eragile sozial eta politikok. Batasunak, ABk, EAk, Segik, LABek, ELBk, SUDek, Anaiarteak, NPA alderdi antikapitalistak, Karl Marxen Lagunak elkarteak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligak eta Komiteak eta Libertat talde okzitaniarrak; horiez gain, laurogei bat hautetsik eregaitzetsi zuten prozedura hau. Aldi honetan ere sostengua adierazi dio Segik, agiri baten bidez.
Batasunaren irakurketa
Eskaera hau une politiko zehatz batean gertatu dela dio Batasunak, hau da, gatazkaren konponbidean, ezker abertzaleak prozesu demokratikoa sustatzeko apustua egiten duen garaian eta zehazkiago Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarezen epaiketaren bezperan. Apustu honi Espainiako Estatuak «errepresioaren bidez» erantzuten diola gaitzetsi du alderdiak.
Militanteak Espainiaratuz Frantziako Estatuak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak «urratzen» dituela ohartarazi du, eta hasitako prozesu demokratiko eta politikoa eraikitzen segituko duela argi utzi du Batasunak.
Aurore Martin preso sartu dute, Espainiaratu edo ez asteartean ikertu arte
Batasuneko mahaikide izateagatik, bigarren aldikoz zuberotarraren aurkako euroagindua eskatu du Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu