"Gainezka" egon zen atzo Orio, Kilometroetan. Egun osoko egitaraua zuten prest, eta euria geratu ahala, jende gehiago biltzen joan zen. Oriotik Usurbilera joan da Kilometroen lekukoa.
Goizeko ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan ziren; tartean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Zinta moztuta eta txikota askatuta ekin zioten jaiari. Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehen lehendakariak eta Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzaileak moztu zuten zinta. Antolatzaileek nabarmendu zuten Kilometroak ez direla euskararen jaia, "gehiago" baizik: "Hau euskaraz bizitzeko modu baten, hezkuntza eredu baten, ikastolaren jaia da".
[Youtube]http://youtu.be/KjJuXK_zVEc[/Youtube]
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak LOMCE legearen ezarpenean erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu zuen Uriartek: "Arau hori ez da gure ikasgeletan sartuko". Bestalde, euskal hezkuntza sistema ikastolarik gabe ez dela "ulertzen" azaldu zuen, eta euskara sustatu eta euskal hezkuntza sistema babesteko urratsak egitearen alde agertu zen.
Garitanok, berriz, ikastolen "elkartasun, berrikuntza eta kalitate balioak" nabarmendu zituen, eta ziurtzat jo zuen LOMCE bezalako "erasoen" aurrean Euskal Herriak "aurrera" jarraituko duela. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidente Arantza Manterolak "berezko" hezkuntza eredu bat defendatu zuen, euskararen ofizialtasunean pausoak ematearekin batera. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako herritarrei laguntza eskaini zien.
Ikastolen arteko erronkan, Anoetako herri ikastola izan zen garaile, eta 2.000 euroko saria irabazi zuen. Hogei ikastola lehiatu ziren, 200 bat ikasle.
'Erria txikota!'
Orioko ikastolako eraikinetako bat ordaintzeko erabiliko dute zati bat, baina ez guztia, diru dena ez baitute "adreiluan" jarri nahi. "Hezkuntzan inbertitzeko" ere bildu nahi dute dirua gaurko jaiaren bidez, Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako lehendakariak azaldu duenez.
Erria txikota leloa hautatu zuten festarako. Arrantzarekin lotutako esamoldea da, ontzia lotzen duen txikota askatzekoa. Keinu egin diote Orioren arrantzale izaerari. Metafora gisa ere baliatu dute: batetik, txikota askatzeko gai diren ikasleak hezi nahi dituztela eta ikastolek izan dutela arrantzaleek txikota askatua izan behar duten ausardia; bestetik, elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, ontziaren txikota lehorrean dagoen norbaitek askatu behar baitu, ontzian daudenek ezin eta.