LGTBI komunitatearen nazioarteko eguna

«Aurreiritziak» eta «babes falta» salatu ditu Euskal LGTBI+ Behatokiak

Elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean, eta botere judizialaren eta erakundeen jarrera txarretsi dute

LGTBI+ Behatokiaren elkarretaratzea, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 28a
17:30
Entzun

Euskal LGTBI+ Behatokiak elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean, oraindik ere botere judizialean eta beste zenbait erakundetan dauden «aurreiritziak» eta «babes falta» salatzeko. 2021etik aurrera Bilbon gertatutako zenbait gizonezko gayren hilketen inguruan, ikerketa eta Justiziaren erantzuna «eskasak» izan direla irizten diote, eta fiskaltzaren «nagikeria eta interes falta» ere salatu dute. Bilboko Udala ere kritikatu dute, auzi horretan herri akusazio gisa ez aurkezteagatik: «Jakin nahiko genuke ea haren jokabidea berdina izango ote litzatekeen, biktimak gizon edo emakume heterosexualak izan balira».

Ikusi gehiago:Faxismoaren kontra, kalera

LGTBI+ Behatokiaren ustez, «haserre egoteko» arrazoi ugari daude. Eusko Jaurlaritzak LGTBI Legea onartzeko duen «borondate eskasa», Bilboko Udalak «gorroto delituak prebenitzeko udal plangintza eraginkorrik» abian jarri ez izana eta beste «gabezia» batzuk aipatu ditu, horren erakusgarri.

Erakundeak eta alderdiak

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, erakunde gehienek bat egin dute LGTBI eskubideen aldeko aldarriarekin. Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarkideek elkarretaratzea egin dute egoitzaren aurrean, Eskubideen eta aniztasunaren alde lelopean. Vox ez beste alderdi guztietako ordezkariak egon dira han. Nafarroako Gobernuak eskubide horien alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta Maria Txibite lehendakariak «atzerapausorik» ez emateko deia egin du.

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuak «eraso homofoboak» salatu ditu, eta bereziki duela gutxi Villabonan (Gipuzkoa) eta Urtuellan (Bizkaia) gertatutakoak gogorarazi ditu. «Albiste onak» ere nabarmendu ditu Berdinduk, eta horien artean Espainiako Trans Legea onartu izana goraipatu du.

EAJren izenean, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak esan du bere alderdiak «pertsona guztien aniztasuna, askatasuna eta giza eskubideak» aldarrikatzen dituela. EAJk ortzadarraren koloreak ezarri ditu bere sare sozialetan.

EH Bilduk konpromisoa berretsi du «eskuindarrek aldarrikatzen duten gorrotoaren eta eskubideetan atzera egitearen aurka», Bel Pozueta Espainiako Kongresuko diputatuak esan duenez. Batez ere, bi kide ekarri nahi izan dituzte akordura: Mikel Martin gay askapenaren aldeko militantea, joan den martxoaren 2an hila, eta Vicente Vadillo Francis, 1979an Errenterian (Gipuzkoa) Espainiako polizia batek tiroz hildako trabestia. «Kolektibo horrek gaur egun ere pairatzen du indarkeria eta sufrimendua», azaldu du Pozuetak.

«Politika publiko integralak eta sendoak eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu euskal jendartearekin, ikuspegi feministan eta LGTBIn oinarritutako zerbitzuak garatzeko eta babes kolektiboko mekanismoak ezartzeko bideak irekitzeko», esan du Pozuetak. «Eta ez dugu ahaztuko. Lanean jarraituko dugu LGBTIQ+ mugimenduak gure herrian izan duen papera eta historia aitortzeko».

PSE-EEk sare sozialen bidez egin du bat ekainaren 28ko aldarrikapenekin, bereziki «beldurrik eta murrizketarik gabe bizitzeko eta aske izateko» aldarriarekin. Esan duenez, ez du «PPk eta Voxek nahi duten iragan grisera» itzultzerik nahi.

Ahal Dugu-k ere «konpromisoa» berretsi du «zisheteronormatiboak ez diren pertsona guztien eskubideekin», eta mugimendu feministetako eta LGTBI mugimenduko ordezkariekin «lankidetzan» aritzeko borondatea erakutsi du. Eskuin muturretik datozen gorroto diskurtsoez ohartarazi du: «Iragartzen diren lege atzerapenek, hala nola, onartu berri den Trans eta LGTBI Legea indargabetzeak edo sexu bihurketako terapiak ezartzeak, hotzikara ematen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.