EAJren EBBko buruarekin bildu ondoren, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak beharrezkotzat jo du krisiak utzitako "zauriak garbitzen hastea", eta hori aurrekontuetan islatu behar dela iritzi dio. Bilbon egin dute bilera, Sabin Etxean.
Mendiaren arabera, "austeritatearen ondorioak jasaten ari direnei laguntzera" bideratu behar dira 2015eko aurrekontuak, eta haren ustetan, negoziazioan "ezinbesteko" parametroak dira suspertze ekonomikoa, enpleguaren sorrera eta "kalitatezko" zerbitzu publikoei eustea. Horrez gain, zerga iruzurraren kontra "gogor borroka egiteko" deia egin dio EAJri.
Ortuzarrek berretsi du aurrekontuak "sozialak eta solidarioak" izango direla, eta ziurtatu du bere alderdiak "tolerantzia zero" izango duela iruzur egiten dutenekin.
Jaurlaritzak onartu du PSErekin harreman "berezia" duela hurrengo urteko kontuen negoziazioari dagokionez; hala ere, "irekita" dago gainerako alderdiekin hitz egitera. Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du akordio batera heltzeko prest dagoela koalizioa, baina salatu du Jaurlaritzak "tranpa dialektikoak" erabiltzen dituela; haren arabera, gobernuak dio gizarte arloan ez duela murrizketarik egingo, baina "duela hainbat urtetik" ezartzen ari dira.
Aurrekontu "sozialak eta solidarioak"
EAJk ere eman ditu bilerari buruzko xehetasunak. Mendiari ziurtatu dio 015eko aurrekontuek "sozialak eta solidarioak" izaten jarraituko dutela, eta bermatu du EAJk "iruzurgilearen kontra zero tolerantziaren politika" izango duela. Jeltzaleen arabera, bi orduko bilera "elkarlan eta zintzotasun giroan" egin dute, eta, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza da "Espainiako Estatuan gizarte laguntzetara baliabide gehien bideratzen duen gobernua".
Datozen egunean, EAJk eta PSEk zerga iruzurraren kontrako borroka bultzatzeko osatutako batzordeak bilera bat egingo du, "orain arte lortutakoaren balantze bat egin, eta gaitz horren kontrako etorkizuneko estrategia are gehiago indartzeko".