17. Korrika. Furgonetatik

Aurrenekoen lekukoarekin

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Korrikak badaki euskaldun eta euskaltzaleen emozioak astintzen.Baina Sakanatik igarotzerakoan, oroitzapen asko gaurkotzen ditu, Aurreneko Korrika eta ondorengo guztiak lotuz, bizi dugunera ekarriz.

Etxarri Aranatzen sortzen da une berezi hori. Eta atzo ere ez zen gutxiagorako izan. Lore sorta eta guzti hartu zuten lekukoa Maider Beltzak eta Aberri Barandikak. Metro batzuk aurrerago, herriko plazan, Pilar Satrustegi zuten zain. Jose Mari Satrustegi (1910-2003) euskaltzain zenaren arreba da, eta berak jasotzen ditu anaiaren izenean.

Urteroko ohitura da Sakanako bizilagunentzat Korrikako lehen edizioko aurreneko kilometroan lekukoa eraman zuenari omenaldia egitea. Gainontzeko korrikalariek txaloz indartu zuten gomuta. Abiadura zertxobait moteldu bazen ere, Korrika ez zen orduan ere gelditu.Azterlan asko argitaratu zituen arren, arrebak zioen Satrustegirentzat euskara ikerketarako gai hutsa baino askoz gehiago zela; euskara bizi eta maitatzen zuela. Azken batean euskalakaria zela. Eta Sakanako gainontzeko euskaldunen pare, bera ere ilusionatu egiten zen Korrika iristen zen aldiro.

Satrustegik pozik ikusiko zituen Etxarri Aranatzetik igarotzerakoan Korrikari segika zihoazen umeak. 1980ko edizio hartan autoak harrapatuta hil zen umearengan ere euskararen etorkizuna ikusiko zuen. Ume hark euskara berak beste maiteko zuela sinetsiko zuen. Gurasoek irakatsiko zioten, jaiotzetik Korrikan parte hartzera eramanez. Horregatik atzo, ordutik urtero bezala, biak omendu zituzten. Horregatik atzo, ordutik beste askok bezala, euskarak Sakanan etorkizuna baduela sinetsi genuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.