Aurrera atera da La Cumbre lehenbailehen Donostiako Udalaren esku gera dadila eskatzen duen mozioa

PPk ez beste udal talde guztiek babestu dute mozioa. Hartan, Espainiako Gobernuari eskatu diote 2022ko Memoria Demokratikoaren Legea bete eta La Cumbre udalaren esku uzteko.

Gaur bozkatu dute mozioa Donostiako udalbatzarrean, La Cumbre udalaren esku utz dezatela eskatzeko. JON URBE / FOKU
Gaur bozkatu dute mozioa Donostiako udalbatzarrean, La Cumbre udalaren esku utz dezatela eskatzeko. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko apirilaren 30a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatu zituzten eraikina, La Cumbre, estatuaren biktimentzako memoria toki bihurtzeko tramitea adostu baino gehiago luzatzen ari da, Espainiako Gobernuak 2022an hitzeman baitzuen urtebeteko epean Donostiako Udalaren esku utziko zuela. Horregatik, Donostiako Udalak mozio baten bidez eskatu dio Espainiako Gobernuari «tramitatu dezala ahalik eta lasterren La Cumbre jauregia udal honi lagatzea». Bigarren puntuaren arabera, udalbatzak erabaki du mozio horren edukia Gipuzkoako Foru Aldundiari, Batzar Nagusiei, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea, ahalik eta lasterren bultzatzeko La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren esku uztea.

Mozioa onartu izana begi onez hartu dute Joxean Lasaren arreba Asun Lasak, Joxi Zabalaren arreba Pili Zabalak, Egiari Zor-eko kide Ainara Fresnedak eta Argituz taldeko kide Jon Moñuxek. Udalbatzan izan dira udal ordezkariek mozioa bozkatu dutenean.

Eneko Goia Donostiako alkateak defendatu du mozioa, gogoratuz 2022ko hitzarmen baten bitartez erabaki zela La Cumbre Donostiako Udalaren esku uztea. Aitortu du hitzarmen hori ez zela lortu nahiko lukeen bidetik; izan ere, Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordio bati esker onartu zen lagapena. Adostu zuten Ezkabako gotorlekua Nafarroako Gobernuaren esku uztea, eta La Cumbre, berriz, Donostiako Udalaren esku. «Baina, behin akordioa eginda, inozokeria izango litzateke akordio hori ez baliatzea».

«Erantzuna ahalik eta azkarren bidaltzeko eskatzen diogu Espainiako Gobernuari. Hortik aurrera, izango da aukera proiektua lantzeko»

ENEKO GOIADonostiako alkatea

2022ko akordio hura egin zenetik, udalak bilera bat egin du Espainiako Gobernuarekin, eta bi aldiz jarri dira harremanetan gai horren harira. Bada, Goiaren arabera, azken erantzuna izan da lanean ari direla hitzarmen proposamena bidaltzeko. «Erantzun hori ahalik eta azkarren bidaltzeko eskatzen dugu». Uste du hori dela garrantzitsuena orain, «eta, hortik aurrera, izango da aukera proiektua lantzeko».

Asun Lasa, Ainara Fresneda, Pili Zabala, Jon Muñox
Asun Lasa, Ainara Fresneda, Pili Zabala eta Jon Moñux gaurko udalbatzarrean. JON URBE / FOKU

Iñigo Garcia PSE-EEko zinegotziak ere babestu du mozioa, eta memoria inklusiboa lantzearen alde egin, baina azpimarratu du prozesua berme guztiekin egin behar dela, eta eskatu helburu alderdikoiak baztertzeko. «Aukera dago toki hori bizikidetza gune bihurtzeko, zeinak bideak eman ditzakeen etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, zer gertatu zen ahaztu gabe».

Arantxa Gonzalez Elkarrekin Donostiako eledunak, mozioa babesteaz gain, udalari eskatu dio ahal duen guztia egin dezala La Cumbre memoria demokratikorako gune izan dadin.

Lantxabe auzo elkarteak bultzatu du ekinaldia, eta La Cumbre eta haren ingurua auzoari irekitzeko eskatu. Auzo elkartearen ekimena eskertu du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko eledunak. Gogora ekarri du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmenean ontzat jo zutela memoria historikoa berreskuratzeko eta estatuaren biktimak gogoratzeko gune bat izatea. Izan ere, La Cumbre ikur bat da estatuaren indarkeriaren biktimentzat, Lasa eta Zabala han torturatu baitzituzten, bahitu ostean. Espainiako justiziak ebatzi zuenez, Enrique Rodriguez Galindo komandantearen agindupean egin zuten hori guztia, eta Julen Elgorriaga gobernadore zibilaren onespenarekin. Ondoren, biktimak Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten, eta han hil, tiro eginda. Hilotzak 1985eko urtarrilaren 20an aurkitu zituzten, Busot udalerriaren inguruko hobi batean, baina ez zituzten identifikatu 1995eko martxora arte. «Estatuaren biktimek ez dute aitortzarik izan urte luzez. Haiek buruan izanda sinatu zen akordio hori».

«Estatuaren biktimek ez dute aitortzarik izan urte luzez. Haiek buruan izanda sinatu zen akordio hori»

JUAN KARLOS IZAGIRREEH Bilduko zinegotzia

Izagirrek, gainera, gogora ekarri du elkarte memorialistek jada ondua dutela La Cumbrerako proposamen bat, eta hura babestu du. Gehitu du «ona» dela leku hori estatuaren biktimak aitortzeko gune izendatzea, «zauri batzuk itxiz joateko».

PPko Jorge Mota izan da mozioaren aurka agertu den bakarra. Salatu du EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak «modu ilunean» egin zutela La Cumbreren inguruko akordioa, Donostiako Udalaren esku hartzerik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.