Aurrera atera dituzte Iruñeko Udaleko aurrekontuak

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak nabarmendu dute «aro berri bat» adierazten duela. UPNk salatu du PSNk «txeke zuri bat» sinatu diola EH BIlduri.

Iruñeko Udalean osoko bilkura.
Iruñeko Udalean osoko bilkura, urtarrilean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
Iruñea
2024ko martxoaren 27a
14:10
Entzun

Iruñeko zentsura mozioa onartu zenetik hiru hilabetera, Iruñeko Udalak aurrekontuak onartu ditu. Zentsura mozioaren akordioaren ildotik, hiriko proiektuak finantzatzeko aurrekontuak babestu dituzte EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. «Aro berri batean gaude», nabarmendu du Garbiñe Bueno Ogasun eta Kontratazio Publikoko zinegotziak (EH Bildukoa). PSNko Marina Curielentzat, berriz, «beste ziklo politiko bat ireki da Iruñean». Antzeko hitzak izan dituzte Geroa Baiko Mikel Armendarizek eta Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek.

Alderantziz, abenduko haserrealdia ez da amatatu eskuineko zinegotzien artean, batik bat UPNkoen artean. Maria Etxabarriren esanetan, Pedro Sanchezen inbestidurari bide emateko sozialistek EH Bildurekin sinatutako «txeke zuria» da hau, «Iruñeari egindako traizioaren jarraipena». PSNri eskatu dio «antzezteari uzteko». PPko Carlos Garcia Adaneroren hitzetan, EH Bilduk «ogi apurrak» baizik ez dizkie eman sozialistei, eta horiek amore eman dute abertzaleen aurrean.

Ordubete inguru iraun du eztabaidak. Akordioaren berri martxoaren 4an eman zuten, eta hura gauzatu egin dute gaurko osoko bilkuran. Azken doikuntzak eginda, 267 milioi euro izango ditu. Ehun eurotik lau gizarte gasturako izango dira.

Inbertsioei dagokienez, 29,5 milioi euro daude jasota, baina udal gobernuak espero du maiatzerako beste 35 milioi izatea, lursail batzuen salmentatik lortutako diru sarrerei eta iazko diru soberakinei esker. 29 milioi euro horiek 90 proiektu finantzatzeko erabiliko dira: hala nola Donibaneko haur eskolaren zaharberritzea, Buztintxuriko kiroldegia, Bigarren Zabalguneko Civivox, Txantreako parkea, Pio XII.aren hirigintza proiektuaren amaiera... 

Alderdien argudioak

Hiru urte eman ditu Iruñeko Udalak aurrekonturik gabe. «Beste leku askotan hau ez da aparteko ezer, baina hemen bai», goraipatu du Buenok. Gogora ekarri du UPNren agintaldian hiriak paralisia jasan duela, eta hori atzean uztea lortu dutela lau alderdien arteko akordioari esker. «Hiriaren norabidea aldatzen ari gara».

Alderantziz, Etxebarriak salatu du aurrekontuek ez dutela helburutzat hiriaren onura lortzea. «PSNk esan zuen anbizioz jokatuko zuela, baina haren ekarpenak 1,6 milioi eurorenak dira: ez dira aurrekontuaren %0,6ra ere iristen», kritikatu du.

«Ea haserre egoteari uzten diozuen; hobeto joango zaizue», erantzun dio PSNko Marina Curielek. Haren ustez, horrelako akordioak beharrezkoak dira elkarbizitzen aurrera egiteko. Dena den, ohartarazi du aurrekontuetan udalaren kudeaketa txarraren eragina nabaritu dela eta hori «traba bat» dela.

PPko Carlos Garcia Adanerok PSE-EEko Eneko Anduezaren hitzak ekarri ditu gogora: «Hark esan zuen inolaz ere ez zutela utziko EH Bilduren eskuetan kudeaketa publikoa. Ematen du EAEko herritarrentzat txarra dena ona dela Iruñean». EH Bilduri ohartarazi dio ez dutela onartuko «euro bakar bat» ematea «ETAko hiltzaileak gudari direla esateko».

Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek aurpegiratu dio Adanerori bere diskurtsoa Espainiako Kongresurako gorde zezakeela, ez baitu aurrekontuei buruzko hitz bat bakar bat ere eman. UPNri aholkatu dio bere diskurtsoa baretu beharko lukeela: «Ziurrenik arerioontzat okerrago litzateke, botereari eusteko zailtasun gehiago genituzkeelako, baina luzarora ona litzateke herritarrentzat».

Geroa Baiko Mikel Armendarizek gogora ekarri du UPNk hasieratik lana zaildu diola udal gobernuari. Horren gainetik, nabarmendu du lau alderdiak gai izan direla ados jartzeko, eta sozialistak animatu ditu bide horretatik jarraitzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.