Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

«Aurrera ez egitea atzera egitea delako»

Euskara «ohiko eta lehentasunezko hizkuntza» izatea jarri du helburutzat EH Bildu koalizioak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«EH Bildu hizkuntza politika berria egitera dator, euskara euskal herritarron hizkuntza normalizatua izan dadin». Hala dio koalizioak Herria da gorputza, hizkuntza bihotza leloarekin hizkuntz politikarako proposatu duen programan. Euskararen normalizazioa bermatzeko proposamen zehatzak egin ditu. «Euskal Herriko herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea» du normalizaziotzat. Euskaldunen nazio hizkuntza eta nortasun ikur nagusi gisa du euskara.

«Aurrera ez egitea atzera egitea» dela sinetsita dago, eta egoerak eskatu egiten duela aurrera uste osoz egitea. Unescoren arabera %33tik beherako erabilera duten hizkuntzek galtzeko arriskua dutela gogorarazi du; euskararenak %13an jo duela goia, eta gaurko gazteek duela hogei urtekoek baino gutxiago erabiltzen dutela. Koalizioaren ustez, horren arrazoietako batzuk dira euskara ez dagoela normalizatua, ezin dela eremu guztietan erabili, eta gazteek erdara errazago erabiltzen dutela euskara baino. Horrek garatu den hizkuntza politikarekin lotura zuzena duela eta, bestelako politika bat proposatu du. Argi du zer lortu nahi duen: «Euskaraz oso-osorik bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu». Hizkuntza politika «berria, lehentasunezkoa eta burujabea gauzatzeko», hemeretzi proposamen jaso ditu, BERRIAk eskuratu duen programan. Hona hemen multzo nagusiak:

Baldintzak sortu

Euskaraz bizitzeko modua emango duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortzeko, «kanpo esku-hartzerik gabeko politika burujabea» bideratu nahi du. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela dio oinarrian; euskara dela «normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa». Oinarri horien gainean, hitz eman du «adostasun sozial eta politikoa» lortzen saiatuko dela euskal hiztunen komunitatean.

Hezkuntza eta irakaskuntza sistemak euskara jakitea bermatu behar duela eta, egungo ereduen sistema gainditu nahi du. Horretarako, «murgiltze eredu bakarra» abiaraziko duela dio, aldaketak «malgua» izan behar duela onartuta. «Euskaldun eleanitzak izatea bermatuko duen eredu bakarra» lortu arte, A ereduan ari direnei Brako bidea egingo zaiela esan du, eta Btik Drakoa. «Irakasle berri guztiak euskaldun eleanitzak izango dira». Administrazio guztian lan hizkuntza euskara izango dela ere adierazi du.

Komunikazioa, kultura

«Euskarazko komunikazio esparruaren iraunkortasuna sustatu eta eraldaketan lagunduko dugu», jaso du EH Bilduk programan. EITBri dagokionez, «euskararen normalizazioaren zerbitzura» jarri nahi duela dio. Baita unibertsitatea eta ikerketa ere. Lan mundua, merkataritza eta berrikuntza sistema euskalduntzea ere sustatuko du koalizioak.

Euskarazko kultur sorkuntza, kontsumoa eta nazioarteratzea sustatuko du, eta euskarazko kultura zabalduko. Aisialdia eta kirola euskalduntzea bultzatuko du.

Euskararen corpusa hedatu eta hizkuntzaren kalitatea zainduko duela ere adierazi du.

Euskarara hurbildu

«Gurasoak euskaraz aritzera bultzatzeko eta familia euskalduntzeko estrategiak landuko ditugu», dio programak. Etorkinen gaia ere jaso du: «Migranteen kulturak eta hizkuntzak aintzat hartuz euskara eta euskal kulturara hurbiltzea sustatuko dugu».

Elkarlana

Euskararen gizarte erakundeekin eta gainerako instituzio eta erakunde publikoekin «koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna» lortzen saiatuko da EH Bildu, eta Hizkuntza Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen Batzordea sortuko du. Euskararen gizarte erakundeen finantzaketa iraunkorra bermatu, eta «euskaldun izateko kontzientzia, euskaraz bizitzeko nahia eta herri gogoa» elikatuko dituela ere agindu du programan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.