Aurrerantz egindako pausoa

«Poza» hitza azaldu dute gehienek ETAren azken agiriak eragindako erreakzioa definitzeko. Etorkizunean zer gertatuko den galdetuta, zalantzaz erantzun dute.

Miren Garate.
Donostia
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ezusteko handirik ez du eragin ETAren azken agiriak Euskal Herrian ezagunak diren hainbat pertsonaren artean. Espero zuten iristea. Alabaina, harridurak ez die pozik kendu. Aurrera pausoa izan dela nabarmendu dute, batzuk nahi baino txikiagoa, baina aurrerantz egindakoa. Etorkizunera begira, itxaropena piztu duela diote.

XABIER MENDIGUREN



«Zerbait zehatzagoa eta biribilagoa espero nuen»

«Gauza gehiago eta garbiago esatea nahi nuen. Nazioarteko kontrolaren aukera eman dute, eta hori berez bada ekarpena. Alabaina, ez du esaten entzun nahiko genukeena: hau behin betiko bukatzen dela. Orduan, zalantza hori hor geratzen da, zerbait zehatzagoa eta biribilagoa espero nuen. Bistan da bi parte daudela eta prozesuak askotan neketsuak, luzeak eta konplexuak izaten direla. Hala ere, bada pauso bat, eta orain artekoa ikusita bere balioa ematen diot».

AMAIA ZUBIRIA



«Batzuek oztopoakjarriko dituzte agindutako horiez betetzeko»

«Esperoan bezala geunden, eta naturaltasunez hartu dut agiria. Era berean, zerbait entzuten dudanean, automatikoki pentsatzen dut zer pentsatuko duen arerioak. Oraingoan ere iruditzen zait askok esango dutela hori ez dela behar zen agiria, zerbait definituagoa atera behar zuela. Batzuek oztopoak jarriko dituzte, agindutako hori ez betetzeko. Hau da, aspertu arte esan dute demokrazian dena posible dela, hitzarekin dena lor daitekeela, baina orain ez dute agiri hau onartuko. Horrek pixka bat zapuztu egiten dit hartutako poza. Etorkizunean zer gertatuko den ez dut ideiarik».

JOSE LUIS ALVAREZ



ENPARANTZA, 'TXILLARDEGI'



«Orain Espainiari eta Frantziari dagokie beste pauso bat ematea»

«Oso albiste garrantzitsua iruditu zait. Aspalditik geunden halako erabaki baten zain. ETAk pauso handia eman du, seguru asko ez den arren denen gustukoa. Autodeterminazioa eskatzea guztiz bidezkoa da. Nazioarteko zuzenbideak dio herri guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea; Euskal Herriak ere bai, beraz. Ekintza armatuak eteteko erabakiaren ostean, indar abertzale eta aurrerazaleak elkartzeko momentua da. Horretarako, lehenik eta behin, autodeterminazioa aitortu behar da. ETAk eman du pausoa, orain Espainiari eta Frantziari dagokie beste pauso bat ematea. Gauzak erraztu egin dira, eta indar politikoei dagokie planteamendu berriak egitea. ETA hor zegoen bitartean ezin zela ezer egin esaten zuten, baina dagoeneko ez dago».

PAKO LETEMENDIA, 'ORTZI'



«Gatazkaren eremu historikoa ez da atzokoa, eta konponbideak luze joko du»

«Agiria bat dator Gernikako akordioaren sinatzaileek eskatzen zutenarekin. Oso ontzat jotzen dut. Orain ETAk zer egiten duen edo Espainiako Gobernuak zer egiten duen zain egon beharrean, indarrak hartzeko momentua da. Euskal nazionalismo ezkertiarreko parte garen sektore zabal honetako kideok bide berri bati ekin behar diogu. Lehendik zabalduta dago, baina aurrerantzean zorrotzagoa izango da autodeterminazioa eskatzeko eta inposizio guztiei uko egiteko. Baldintzak oso positiboak dira».

MARTXEL TOLEDO



«Gizartearen esku uzten du prozesu honen konponbidea»

«Pozez jaso dut agiria. ETAk argi eta garbi berriro ere mahai gainean jarri du gizartearen esku uzten duela prozesu honen konponbidea. Uste genuen bezalako agiria da. Ez dakit zenbat aldiz esan duten, azken agirian ere bai, gatazka konpontzeko euskal gizarteko alderdi, sindikatu eta gainerako eragileen artean eman behar direla pausoak. Geroari itxaropen handiz begiratzen diot».

JOSE MARIA ARRATE



«Desiratzen nago 'beste'indarkeria ere amaitzeko»

«Halakoetan ni beti izaten naiz baikorra. Iruditzen zait serio doala kontua, eta jende asko ari da horren alde lanean. Agiri honen ondoren aldaketa handiagoak etorriko direla espero dut, indarkeria behin betiko amaituko dutela esatea. Horrez gain, desiratzen nago beste indarkeria amaitzeko ere, herri honen zati handi bat botoa emateko eskubiderik gabe baitago».

IÑAKI EGAÑA



«Konponbideak luzejo dezake»

«Ikusi beharko da zerbaitetarako balioko duen, momentuz baietz ematen du, bakerako bidean urrats garrantzitsua izan daitekeela. Etorkizunera begira, kausa guztietan gertatzen den bezala, bi parte daude, eta orain ea zer gertatzen den ikusi beharko da. Hala ere, bakearen bidea ez da hiruzpalau hilabetean amaitzen. Gatazkaren eremu historikoa ez da atzokoa, eta konponbideak ere luze jo dezake».

MARIA ANGELES IZTUETA



«Oso ondo landutako agiria iruditzen zait»

«Izugarrizko poza sentitu dut. Gainera, iruditzen zait oso ondo landutako agiria dela. Prozesu demokratiko batean sartu gara, eta herri moduan sekulako lana dugu egiteko, baina bidea irekita daukagu, eta aurrera egingo dugu. Espainiako Gobernuak ere baditu betebehar batzuk, eta bere legeak betetzen hasi beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.