Aurrerapausoak, baita zalantzak ere

Hil honetan sartuko da indarrean Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma. Eragina izango du Hego Euskal Herrian bizi diren migratzaileengan. Adibidez, aldi berean ikasi eta lan egin ahalko dute. Asiloaren arloan egindako aldaketek dudak sortu dituzte.

Sortarazi elkartearen elektrizitate ikastaroa. SORTARAZI
Sortarazi elkartearen elektrizitate ikastaroa. SORTARAZI
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete honetan sartuko da indarrean Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma; maiatzaren 20an, hain zuzen. Berritasunik handienetako bat da migratzaileek sustraitzeko bost aukera izango dituztela Hego Euskal Herrian. Esate baterako, orain arte hezkuntza bidezko sustraitzea izan dena gizarteari eta heziketari lotutako sustraitzea izango da aurrerantzean. Ikasleek, hezkuntza prozesua egin bitartean, lan egiteko aukera izango dute.

Gaur egun, hezkuntza bidezko sustraitzeak trebatzeko aukera ematen die herritarrei, baina ez lanerako aukera. Gizarteari eta heziketari lotutako sustraitzearekin, berriz, ikasleek beren hezkuntza prozesua eta asteko 30 orduko lan bat uztartu ahalko dituzte. «Baldin eta gutxieneko soldata bermatzen bada, lan egiten den lanaldiaren proportzioan», zehaztu du Karmele De la Vega abokatuak.

Hezkuntza bidezko sustraitzeak urtebeteko epea du. Behin epe hori eta hezkuntza prozesua amaituta, ikasleak laneko kontratu bat lortu behar du, ikasi duen horrekin zerikusia duen sektorean. «Figura berriarekin, ordea, ez da arazorik egongo beste sektore batean lan egiteko», jakinarazi du De la Vegak. Behin formakuntza amaituta lana aurkitzen badu, urte baterako lan eta bizileku baimena emango diote.

«Badakigu langileak aurkitzeko zailtasunak daudela sektore batzuetan; uste dugu bide hau egokia izan daitekeela enpresek etorkizunean profesional onekin lan egiteko aukera izan dezaten»

SERGIO GARCIASortarazi elkarteko formakuntza eta enplegu arduraduna

Sustraitze hori moldatu izana «aldaketa positiboa» da, Sergio Garcia Sortarazi elkarteko formakuntza eta enplegu arduradunaren iritziz. Gizarte inklusioa du helburu Sortarazik, eta, horretarako, besteak beste, enplegu eta formakuntza arloan egiten dute lan. «Horrela, errazagoa izango da enplegu bat aurkitzea, edozein esparrutan lor baitezakete, ikasten ari diren bitartean».

Gizarteari eta heziketari lotutako sustraitzea eskatzeko, migratzaileek frogatu beharko dute bertan bizi izan direla bi urtez, eta ikastaroaren matrikula edota ikastaro bat egingo duten konpromisoa aurkeztu beharko dute. Erreformarekin, beste baldintza bat ere eskatuko diete sustraitze hori eskatzen dutenei: gizarteratzeari buruzko txostena. «Pertsona integratuta dagoela egiaztatzen duen txostena da: elkarteren bateko kide ote den, harremanik ote duen beste herritar batzuekin...». Eusko Jaurlaritzari bidali beharko diote informazio guztia, eta hark helaraziko du txostena.

«Kolapso handiagoa»

Aldaketa horiekin guztiekin eta eskatuko dituzten txostenekin, De la Vegak uste du posible dela bulegoetan «kolapso handiagoa» egotea. Izan ere, Bizkaiko Atzerritarren Bulegoan «kolapsoa» dago egun. Oro har, administrazioek hiru hilabeteko epea dute ebazpenak argitaratzeko. De la Vegak esan duenez, hezkuntza bidezko sustraitzeei buruzko ebazpenak egiteko «bi hilabete eta erdi inguru» behar izaten dituzte; sustraitze sozialei buruzkoak egiteko, berriz, «lau edo bost».

Sustraitzeak ahalik eta lasterren lortu ahal izateko lan egiten du Sortarazik. Migratzaileentzako hainbat ikastaro eskaintzen ditu. Besteak beste, elektrizitatea, alor soziosanitarioa eta estetika. Ikastaro guztietan 80 orduko praktikak egin behar dituzte enpresa batean.

Ikastaro horietan izena emana duten ikasleek posible dute hezkuntza bidezko sustraitzea eskatzea. Hala egin zuen M.B.-k —nahiago du izen-abizenik ez aipatzea—. Duela hamar urte utzi zuen Maroko; 28 urte ditu orain. Euskal Herrira iritsi zenean, hiru hilabete eman zituen kalean lo egiten, Sortarazi elkartera iritsi zen arte. Elkarteak lo egiteko tokia eskaini zion, baita ikastaroetan izena emateko aukera ere.

Iazko azaroan hitz egin zuen lehen aldiz BERRIArekin, elektrizitate ikastaroa egiten ari zen bitartean. «Momentu horretan, ez nekien praktikak non egingo nituen, ez ezer», gogoratu du. Urte erdi honetan, ikastaroa amaitu du, baita 80 orduko praktikak ere. «Asko aldatu da ordutik dena; orain askoz hobeto nago, pixkanaka-pixkanaka, pazientziaz».

«[Gazteek] gauza asko dituzte gizarteari emateko, bai lan munduan, baita arlo kultural eta politikoan ere, besteak beste»

MOUAAD NEKHLAOUISortarazi elkarteko gizarte integratzailea

Erandioko Electricidad Donate enpresan egin ditu M.B.-k 80 orduko praktikak. «Gauza berriak ikasi ditut, eta lankideak oso jatorrak izan dira». Izan ere, beste praktika batzuk hasi berri ditu bertan. Bekadun praktikak egiten ari da, soldata txiki batekin eta Gizarte Segurantzan izena emanda. Orain, laneko kontratua aurkeztu behar du Atzerritarren Bulegoan, lan eta bizileku baimena eman diezaioten. Hori lortu arte, bekadun praktikak egingo ditu, enpresarekin harremana gal ez dezan. «Asko gustatuko litzaidake bertan lan egitea», aitortu du.

Izan ere, hori da praktiken helburuetako bat, Garciak azaldu duenez. Enpresek ikaslea ezagutu dezatela nahi dute: «Langile falta badute, ikaslearekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten». Nahiz eta praktika oso laburrak izan –bi aste izan ohi dira–, Garciak azaldu du ikaslearen «lan egiteko gogoa» ikusteko denbora ematen duela. Horrez gain, praktikak aukera bat dira ikasleek ikastaroen landutakoa «benetako lanpostu batean ikusteko». Hala egin du M.B.-k: «Ikastaroan ikasitakoa aplikatu dut bertan».

Goizez egiten ditu praktikak M.B.-k. Arratsaldez, berriz, gidabaimena lortzeko ikasten ari da. «Teoriarekin ari naiz; kontu batzuk zailak dira, gazteleraz ez dudalako ondo hitz egiten eta hitz batzuk oso teknikoak direlako». Sortaraziko boluntario bat ari da M.B.-ri laguntzen. Elkarteak emandako babesa eskertu du: «Nik ikasteko eta lan egiteko gogoa dut, baina babesik gabe, ezingo nuke ezer egin».

Enpresen beharra

Garciak azaldu duenez, enpresa txiki edo ertainetan egiten dituzte praktikak ikasleek. Batzuetan, erraza da enpresa horiek topatzea. Beste batzuetan, ordea, ez hainbeste. «Urte konplexua izaten ari da, Lanbide Heziketa duala hasi delako eta bertan derrigorrezko praktikak egin behar dituztelako; hortaz, ikasle askok egin behar dituzte praktikak», azaldu du.

Oro har, esperientzia ona izaten da, bai enpresarentzat, baita ikaslearentzat ere. Rontegui Instalaciones elektrizitate enpresa duela lau urte hasi zen ikasle batzuk praktiketan hartzen. Hiru lagunek egin dituzte praktikak bertan orain arte.

Raul Lopez Marañon gerentearen arabera, ikasleek aukera dute «ikasteko», «esperientzia lortzeko» eta «ogibide bat hurbiletik ezagutzeko», nahiz eta jakin bi aste oso denbora gutxi dela. 80 orduko praktikak egin ostean, bekadun praktikak egiteko aukera izan dute ikasleek, eta gero ere kontratua eskaini izan diete. Hain justu, Lopezen helburua da praktikak egin dituen herritarra «epe luze batez» enpresan geratzea.

Enpresei dei egin die Sortaraziko langileak, ikasleak praktiketan izateko aukera kontuan har dezaten. «Aukera bat da talentua eta gogoa duten pertsonak erakartzeko», nabarmendu du. Eta erantsi du Sortarazik eta ildo horretako zentroek laguntza eskaintzen dutela, ikasleak enpresaren kulturara egoki daitezen. «Gainera, badakigu langileak aurkitzeko zailtasunak daudela sektore batzuetan, eta uste dugu bide hau egokia izan daitekeela enpresek etorkizunean profesional onekin lan egiteko aukera izan dezaten».

«Asilo eskatzaileen eskubideak urratzen ari dira; bide hori aurretiaz eragozten diete nolabait»

KARMELE DE LA VEGAAbokatua

Oro har, migratzaileek zailtasun ugari izaten dituzte lan mundura sartzeko. Oztopo administratiboez gain, «diskriminazioari, aurreiritziei eta arrazakeriari» egin behar diete aurre, Mouaad Nekhlaoui Sortaraziko gizarte integratzailearen arabera. «Gizarte pluralago bat eraiki behar dugu, batak bestea errespetatuko duena». Argi utzi du gazteen nahia gizartearen parte izatea dela: «Gauza asko dituzte gizarteari emateko, bai lan munduan, baita arlo kultural eta politikoan ere, besteak beste». Nekhlaouiren ustez, «ezjakintasun handia» dago, eta jendeak ez du ulertzen «pertsonen errealitatea zein den» eta «zenbat zailtasun» dituzten.

Atzerritartasun gaiekin lotutako arauak eta neurriak aldatu arren, Nekhlaouik uste du oraindik ere «oztopo asko» daudela. Besteak beste, laster indarrean sartuko den erreformak hainbat herritar utziko ditu kanpoan: «Legeak langile gisa ikusten ditu pertsonak, baina badira lege honetan sartu ezin diren beste pertsona batzuk, hala nola aniztasun funtzionala dutenak edo une honetan seme-alabak dituzten eta ikasi ezin duten emakumeak».

Horiek horrela, gizarte integratzaileak uste du «migratzaileen egoera administratiboa erregularizatzea» dela bidea. Are, adierazi du horrek «mesede» egingo liokeela gizarteari, enpresa askok langileak behar dituztelako, baina ezin dituztelako dokumentaziorik ez duten pertsonak kontratatu. Hain justu, duela urtebete, Espainiako Kongresuak tramiterako onartu zuen 500.000 migratzaileren egoera administratiboa erregularizatzeko herri ekinaldi legegile bat. Gaur-gaurkoz, negoziazioak Espainiako Kongresuan jarraitzen du.

Heziketarekin zerikusia duen sustraitzea ez da aldatuko den bakarra. Orain arte sustraitze soziala izan dena bitan banatuko da: soziala eta soziolaborala. Azken hori lortzeko, lan kontratu bat aurkeztu beharko dute baimena lortu nahi duten horiek, astean gutxienez 20 ordukoa —orain arte astean 30 ordu ziren—. Soziala lortzeko, berriz, adierazi beharko dute senideekin edo beste pertsona batzuekin lotura dutela, haiekin bizi direla eta haiek bermatuko dituztela migratzaileentzako baliabide ekonomikoak.

Bigarren aukerako sustraitzea deritzon kontzeptua ere berria da. Migratzaileek baimena berritzeko aukera galdu badute, berreskuratzeko aukera emango die sustraitze horrek.

Asiloa eta sustraitzea ezin uztartu

Asiloan egindako aldaketek eragina izango dute sustraitzeren bat eskatu nahi duenarengan. «Sustraitzea eskatuko dutenak ezin dira asilo eskatzaileak izan», adierazi du De la Vegak. Hau da, maiatzaren 20an ezingo dira asilo eskaeraren ebazpenaren zain egon. Bide hori ukatu dutela adieraziko duen ebazpen irmoa izan beharko dute data horretan. Ebazpen hori dutenetik, sei hilabete itxaron beharko dute «egoera irregularrean», sustraitzeren bat eskatu ahal izateko.

Erreforma indarrean sartu eta gero, herritar bati asilo eskaera ukatzen badiote, «kontagailua hutsean» jarriko da, eta bi urte itxaron beharko du sustraitzeren bat eskatu ahal izateko. Hau da, ez dute kontuan hartuko asilo eskaeraren ebazpena itxaron bitartean hemen igarotako denbora. De la Vegak gogoratu du, gainera, asilo eskaera gehienak ukatzen dituztela, «oso zaila» baita jazarpenaren kausak frogatzea.

Negatibotzat jo du hori De la Vegak: «Asilo eskatzaileen eskubideak urratzen ari dira; bide hori aurretiaz eragozten diete nolabait». Abokatuaren ustez, neurri horren helburua da Espainiako Asilo eta Babes Bulegoaren lana arintzea, «kolapsatuta» baitago oraintxe. Jarraibideen zain daude, baina De la Vegak uste du aldaketa horrek «ondorio larriak» izango dituela. «Asilo eskaeraren ebazpena itxaron bitartean, familia batzuk lanean ari dira; orain, erabaki behar dute prozesu horrekin jarraitu edo uko egin, lan egiteari utzi, eta sei hilabetez ezer egin gabe egon, sustraitze bat eskatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.