Begoña Lasagabaster. NBE Emakumeak erakundeko Politika zuzendaria

«Aurrerapausoak ez zaizkie berdin aplikatu emakume guztiei»

Zazpi urte daramatza EAko diputatu ohiak Nazio Batuen Erakundean. Datuei erreparatuta berretsi du motelegi doazela andreen lorpenak, eta neurri sakonagoak hartzera deitu ditu gobernuak.

UN PHOTO/DEVRA BERKOW.
Maite Asensio Lozano.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan EAko diputatu gisa zeukan aulkia utzi, eta New Yorkera (Amerikako Estatu Batuak) joan zen Begoña Lasagabaster (Irun, Gipuzkoa, 1962) duela zazpi urte. NBE Nazio Batuen Erakundean dihardu, eta, abuztutik, NBE Emakumeak erakundeko Politika zuzendaria da. Mundu osoko andreei begiratzen die: ahalduntze politiko eta ekonomikoa sustatzeaz eta estatuei aholkularitza emateaz gain, indarkeria matxista desagerrarazteko politikak kudeatzeaz arduratzen da bere saila. Lanpetuta eman du martxoa, bat egin baitute Emakumeei Buruzko Pekingo IV. Konferentziaren hogeigarren urteurrenak eta andreen egoera juridiko eta soziala aztertzeko CSW batzordearen 49. bilerak.

Data esanguratsuak pilatu zaizkizue martxoan.

Bai. Urte garrantzitsua izango da aurtengoa: Pekingo Konferentziaren urteurrena izateaz eta CSW batzordearen aldiroko txostena argitaratzeaz gain, garapen iraunkorrerako helburuak ere negoziatu beharko dituzte nazioartean. Nolabait, etorkizunerako agenda unibertsala ezarriko du horrek. Beraz, ondo aztertu behar da egungo egoera, gizarteek hartu beharreko konpromisoak zehaztu ahal izateko.

Egun, zein garrantzi du Pekinen duela hogei urte erdietsitako hitzarmenak?

Oso garrantzitsua izan zen, hamabi jarduera eremu zehazteko plataforma izan zelako. Anbizio handiko helburuak zituen, baina bost urterako ezarri ziren xedeak ez dira hogei urtean bete. Ehun herrialde baino gehiagotatik jasotako txostenetatik ondorioztatu dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean pauso asko eman direla, legeak onartuz batez ere, baina parekidetasunik ez dagoela herrialde batean ere. Aurrerapauso horiek, gainera, ez zaizkie berdin aplikatu emakume guztiei: klaseak, etniak, arrazak eta hirian edo landa eremuan bizitzeak eragin handia dute.

Zein eremutan egin da aurrera gehien, eta zeinetan gutxien?

Esan dudanez, ez dago benetako berdintasuna duen herrialderik; hori da abiapuntua. Aurrerapauso esanguratsuak izan dira nesken eta emakumeen hezkuntzan, batez ere lehen hezkuntzan, gutxiago bigarrenean; aldiz, asko dago hobetzeko unibertsitatean, eta hezkuntzatik enplegurako urratsetan, Latinoamerikan, adibidez. Osasun arloan ere, amen hilkortasunak behera egin du, baina lan izugarria dago egiteko sexu eta osasun eskubideetan. Hau da, gauza batzuetan aurrera egiten dugun arren, beste batzuetan atzera egiten dugu. Eta, gainera, aurrerapauso guztiak ez dira egonkorrak: eskubide galerak ere badaude. Eta, zoritxarrez, ezin ahaztu emakumeen aurkako indarkeria: unibertsala da, herrialde guztietan dago, eta oso zaila da desagerrarazten.

Motelegi ari al dira heltzen lorpenak?

Bai. Emakumeen ordezkaritza politikoa handitzeko ahaleginetan ere zailtasun handiak antzeman ditugu: 1995ean, munduko parlamentarien %11 ziren andreak; egun, %22 dira. Hogei urtean 11 puntu igo da, baina epe horretan erabateko berdintasuna lortu nahi genuen. Hortaz, aurrerapauso bat da, bai, baina txikia. Datuei buelta emanda: eserlekuen %78 gizonenak dira, eta antzera gertatzen da enpresetako administrazio kontseiluetan, sindikatuetan, erabaki guneetan... Neurri sakonagoak behar dira, erritmoa azkartuko dutenak.

Zein da arazoa?

Lehen mailako auzia da lana eta familia bateratzea: emakumeen agendan ageri diren oztopo asko ezabatzea eragozten duen arazo estruktural bat da. Izan ere, zaintzarekin lotutako lanak ez daude aitortuta, eta lanok murriztea edo beste modu batera banatzea ez dago lehentasunen artean. Ez da gai pribatua, publikoa baizik: beraz, ahalegin handiagoa egin behar genuke, hori konponduz beste arazoei ere heldu ahal izateko.

Halere, lan mundua eta bizitza pertsonala uztartzeko kezka hori ez al dago batik bat herrialde aberastuetan?

Ez horietan soilik. Adibidez: garapen bidean dauden herrialde batzuetan neskek ur bila joan behar izateak murriztu egiten die hezkuntza edota osasun zerbitzu egokia jasotzeko gaitasuna. Halakoetan, azpiegitura bat eraikitzeak —ur sarbide bat jartzeak— zama hori arinduko luke, eta mesede argia egingo lieke andreei: ikasteko edo enplegu formala edukitzeko aukera emango lieke. Higieneari lotutako oinarrizko zerbitzuak ez edukitzeak ondorio zuzena du haiengan; adibidez, hilekoa dutenean, sarri ezin dira eskolara edo lanera joan. Berdintasunerako bidean, funtsezkoa da horrelako oztopoak desagerraraztea.

Tokian tokiko egoerak oso bestelakoak direla kontuan hartuta, berdintasun politika globalak egin al daitezke?

Maila guztietan egin daitezke, eta egin behar dira. Bada maila goren bat, andreen konstituziotzat dugun CEDAWk —emakumeen diskriminazio molde guztiak ezabatzeko hitzarmenak— ezarria: lau urtean behin estatuek hartutako neurriak ebaluatzen ditu batzordeak. Badira bestelako hitzarmenak Europan edo Latinoamerikan, eta gero estatuek eta udalek ere egin ditzakete politikak; maila horiek guztiek dute eraginkortasuna. Baina garrantzitsua da esparru global bat edukitzea.

Eta politika global horietan, zein dira ardatz nagusiak?

Berdintasun politiken eraginkortasuna bizkortzeko, lehentasun batzuk ezarri ditugu: estereotipoak eraldatzea, genero berdintasuna ahalbidetuko duen abagune makroekonomikoa lortzea —Europako austeritate neurriek, adibidez, atzerapauso handia ekarri dute andreen eskubideetan—, inbertsioak egitea legeak baliabidez hornitzeko...

Europan ez al da hedatu diskurtso politikoki zuzena? Jendaurrean berdintasunaren kontra agertuko denik ez dago, baina praktikan ez dute genero ikuspegia txertatzen politiketan, ez dago zehar lerrorik.

Egia da badagoela joera hori, baina guk beste pauso bat eman behar dugu, eta sakondu. Gauza batzuk ulertarazteko, oso garrantzitsua da datuak sexuaren arabera bereiztea, edo lege zein egitasmo baten genero inpaktua aztertzea. Hemen, adibidez, boz kanpainan hedabideen jarduna aztertzean azaleratu ziren datuek harridura eragin zuten: andrazko hautagaiei gizonei baino leku txikiagoa eskaintzen zieten, proportzioan zegokiena baino nabarmen gutxiago. Halakoek begiak irekitzen eta errealitateari egokitutako politikak lantzen laguntzen dute.

Orain berdintasunari ikuspegi bikoitzetik begiratzen hasi zaizkio herri batzuetan: giza eskubideenetik eta irabazienetik. Datuak berriro: zuzendaritzan emakume gehiago dituzten enpresek etekin gehiago dauzkate. Andrazkoek erabateko parte hartzea balute lan merkatuan, %5 handituko litzateke AEBetako BPGa, %9 Japoniakoa eta %34 Egiptokoa. Hau da, andreak esparru guztietan egotea ez da soilik haientzat ona, gizarte osoarentzat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.