Aurten baino aurrekontu murriztuagoa izango du Bizkaiak

Zerga bilketak behera egin du, Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena handitu da eta kupoak gora egin du

Erredakzioa
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Oraindik ez dago zifrarik, baina Juan Maria Aburto Bizkaiko Aldundiko eledunak ohartarazi du 2013ko aurrekontua aurten baino «zertxobait txikiagoa» izango dela. Aburtoren arabera, hiru faktorek eragingo dute murrizketa hori. Batetik, aldundiek Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenean, Bizkaiari dagokion zatia handitu egin da: aurten, hiru ogasunek bildutakoaren %50,48 pagatu dio Jaurlaritzari, eta 2013an, %50,75era igoko da kuota. Gainera, estatuari ordaindu beharreko kupoa ere igo egin da, eta horrekin batera, zerga bilketak behera egin du.

Ondorioz, aurten baino diru gutxiago egongo da gastatzeko eta inbertitzeko. Aurten, Bizkaiaren aurrekontua 7.134 milioi eurokoa izan da, iaz baino %1,7 gutxiago. Aburtok ez du aurreratu nahi izan zein izango den 2013ko gastu publikoaren azken kopurua. Astelehenean onartuko du foru aldundiko kontseiluak aurrekontu proiektua, eta oraindik ere departamendu bakoitza bere aurrekontua lantzen ari da. «Mugimenduak daude oraindik ere».

Gipuzkoak, datorren astean

Gipuzkoako Aldundiak astelehenean aurkeztuko ditu bere aurrekontuak. Larraitz Ugarte aldundiko eledunaren arabera, aurrekontu «proiektu on bat» izango da, eta «gipuzkoarren ongizatea izango du ardatz». Egungo krisi ekonomikoa aintzat hartu eta erantzukizunez jokatzera deitu ditu gainerako alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.