Bakartxo Ruiz. Bilduren parlamentuko eleduna

«Ausardia falta erakutsi du PSNk, eta alternatiba izateari utzi egin dio»

Bere ustez, legealdian UPNtik aldentzerik ez du izango PSNk. Hala, lan instituzionala eta beste alderdiekin eta gizarteko eragileekin elkarlana uztartzea funtsezkotzat jo ditu.

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ilusioa eta politika egiteko beste modu bat iragarri ditu Bakartxo Ruiz Bilduren parlamentuko eledunak (Iruñea, 1977). Asteazkenean, kargu hartzerakoan «herritarren ahotsa parlamentura eramateko konpromisoa» azaldu zuen, eta parlamentari gisa daramatzan lehen orduotan aitortu du erronka baduela «herritarren beharrei lotutako politika egiteko». Argi utzi nahi izan du bozeramaile gisa arituko direla bera eta Maiorga Ramirez. «Lan talde bat gara», zehaztu du, Bilduko parlamentari talde osoa gogoan hartuta. Bere ustez, legealdian bi bloke irudikatuko dira: bata, UPNk eta PSNk ordezkatutakoa; bestea, aldaketaren aldeko indarrak.

Nola baloratzen dituzu hauteskundeen emaitzak? Aurreikuspenen gainetik ibili zarete?

Oso pozik gaude. Ia 43.000 boto izateak gure aurreikuspenak gainditu ditu, nahiz eta aldez aurretik ez geneukan pentsatuta zenbat parlamentari izango ginen. Balorazioa oso baikorra da. Nire ustez, kanpainaurrean gertatutako guztia eta jendearen artean sumatzen genuen ilusio hori guztia islatu da emaitzetan. Ilusioz emandako botoak dira.

Nafarroan, eztabaidak bere horretan jarraitzen du estrategikoki komenigarria ote den bi eskaintza abertzale izatea.Zer irakaspen atera behar dira?

Hauteskunde emaitzek aniztasuna islatzen dute. Eremu abertzalean aniztasun hori badago. Errealitatea hori da, eta ez da ez baikorra ez ezkorra. Indar metaketa horretan jarraitu beharko dugu, eta nafar jendarteak batzuei eta besteei eman digun babes eta berme horrek aurrera egiteko bidea erakutsi behar digu.

Zer gogoeta egiten duzuNafarroako mapa politikoaz?

UPN boto gehien jaso dituena izan da, bai, baina egiten dugun beste irakurketa da Nafarroako jendarteak, gero eta gehiago, aldaketa sozial eta politikoa nahi duela.

Joera hori areagotu izana garrantzitsua dela uste duzue?

Bai, zalantzarik gabe. Badago asimetria bat hauteskundeen emaitzaren artean eta erakundeetako errealitatearen artean. Dena den, hauteskundeok gero eta gehiago bermatzen eta islatzen dute aldaketa hori. Jendartean eragina badu, eta aurrerantzean ikusten dira beste aukera batzuk.

Hauteskundeen ondorengo lehen astean Bilduk berehala proposatu zuen kanpotik gobernu alternatibo bat babesteko prest zegoela. PSN agerian geratzea bilatu duzue?

PSNk bere burua utzi du agerian. Gauza ez da Roberto Jimenez edo Yolanda Barcinaren artean aukeratzea, baina era berean, egia da UPN gobernutik eta instituzioetatik kentzea ezinbesteko lehen urratsa dela. Gure emaitzak horren aldeko bozak izango zirela esan genuen.

Aurreko astean bilera erronda bat egin zuen PSNk, eta, gobernu alternatiboaren ardura zuen gain jarri nahian, lau marra gorri jarri dizkizue. Zure ustez, zer adierazten du?

Alde batetik erakusten du ausardia falta. Orain dela lau urte aitzakia beste bat zen. Momentu honetan, egiten dugun balorazioa da PSNk iruzur egin diola nafar jendarteari. Ezin duzu kanpaina bat aldaketan oinarritu, lelo gisa erabili batzen bagara, denok irabaziko dugu, eta ondoren gu aitzakia gisa erabili. Bileran ausardia eskatu genien, eta programaz hitz egiteko ez genuela arazorik.

Urte eta erdi honetan, aldaketa franko eman dira Euskal Herriko politikagintzan; iruditzen zaizu Nafarroan alderdi batzuk horretara guztira egokitzeko denbora behar dutela?

Hor dago koska. Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzen ari da. Garai berriak dira, eta Bildu ziklo horretan protagonista nagusi bat izanen da. Indar batzuk oraindik bere burua kokatzen ari dira. Alderdi batzuei—ez soilik PSNri— ematen du ez zaiela interesatzen ziklo berrian hain azkar hastea, diskurtso politikoa ere berreraiki eta birkokatu behar dutelako.

UPN eta PSN gobernu koalizioa osatzear dira.

Ematen du baietz. Egin den egutegi proposamenaren arabera, astebete barru dena eginda egongo da. Esanguratsua da. Negoziazioak kanpora begira adierazitakoa baino aurreratuago daudela ematen du.

Politikoki, interesgarriagoa al da PSN gobernu horretan sartzea?

Herritar gisa interesatuko litzaiguke UPNrekiko alternatiba ahalik eta zabalena eta anitzena osatzea. Beste gauza bat da alderdi bakoitzak bere burua non kokatzen duen, eta une honetan PSNk alternatiba izateari utzi dio. Alternatiba izateari uzteak besteok ere beste posizio batean kokatzen gaitu. Asteazkeneko lehen bozketan oso argi geratu zen Nafarroan politika egiteko bi modu daudela.

Aste honetan nabarmendu duzue PSNren barnean «higadura handia» eragin dutela UPNrekin izandako negoziazioek. Gaur, PSNko lurralde batzordea dago. Uste duzu desadostasun bat islatu daitekeela?

Larragako kasua adierazgarria izan da —Larragan, hautetsi sozialistek Bildurekin hitzartu eta alkatetza lortu zuten—. Beste herri batzuetan ez da horrelako erabakirik hartu, baina ezinegona dago. Gauza bat da batzordeetan irudikatzen dena, eta bestea oinarrizko militanteen artean dagoen sentsazioa. Etxe barruko kontuak etxean gordetzen saiatuko dira, baina badago errealitate bat ezkutatu ezin daitekeena. Nire ustez, azkenean PSNk eskuak lotuta ditu. Nafarroan erabakiak hartzen dira? Neurri batean.

UPNk eta PSNk parlamentuan euren gehiengoa baliatuko dute, eta zirrikiturik ez dizuete utziko beste alderdiei. Alabaina, alternatiba eraikitzeko baldintza hobeak eman daitezke.

Agerian dago bi eredu daudela. Batetik, PSNk eta UPNk irudikatzen dutena —are gehiago gobernu koalizioa osatuko balute—, eta bestetik, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak. Bi eztabaidatan irudikatuko da: bakerako eta normalizaziorako apustuan, eta krisia gainditzeko ereduan. Hor PSNk joko zaila izango du muturreko eskuinetik kanpo beste ezer adierazteko.

Adostasun handiak izan ditzakezue Ezkerra eta Nafarroa Bairekin?

Zalantzarik gabe, eta PSNk bere burua eredu batean edo bestean kokatzen duen adierazi beharko du. Irailetik aurrera, benetako aldaketaren aldeko apustua egiten dugun indarrok elkarlan hori bilatu behar dugu. Gai estrategikoetan erabaki asko baldintzatu ditzakegu.

Gainera, bilera errondak hasiko dituzue gizarte eragile eta sindikatuekin. Zer asmorekin?

Zehazten ari gara, baina gure asmoa da gure planteamenduak aurkeztea eta proposamenak jasotzea. Harreman hori gure jardueraren ardatz nagusietako bat da.

Bake eta normalizazio politikoaren aldeko konpromisoa azaldu duzue. Urrats gehiago egiten diren heinean, zer aldaketa etorriko dira legealdi honetan?

Azken urte eta erdian eman diren aurrerapausoek bide luzea dute oraindik egiteko. Hurrengo hilabeteak giltzarri dira horretarako. Gernikako akordioak, kasu, potentzialitate handia du. Gure konpromisoa da akordio hori instituzioetara eramatea. Lan asko dago egiteko.

Zin egiterakoan, aipatu zenuen herriaren ahotsa parlamentura eraman nahi zenuela. Nola egiteko asmoa duzu?

Gure lana ez dugu mugatu nahi parlamentuko bulego batera egotera edo batzordetan parte hartzera. Lan instituzional hori kaleko lanarekin eta eragileekiko elkarlan horrekin benetan uztartu nahi dugu, eta parlamentuak ematen dituen baliabideak eta komisio horiek erabili, gaiak bertaratzeko.

Asteazkenean lehen eguna zenuen parlamentuan. Harritu al zaitu?

Politikaren urruntasuna eta hoztasuna islatzen dira. Kezka hori dut: nola aritu politikagintzan benetan jendartearen kezka eta behar horietatik aldendu gabe. Benetako erronka da politikagintzan aritzea herritarron ordezkari garela ahaztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.