«Informatu, trebatu eta hezi»: horiek dira gizartean ausazko jokoak lantzeko gakoak. Hala baieztatu dute Emakumea eta ausazko jokoak jardunaldietan egin duten mahai inguru batean. Hiru gai izan dituzte mintzagai: joko horietan dauden genero desberdintasunak; jokatzen duten emakumeen kopurua erregistratzen den baino handiagoa dela; eta etorkizunean nola landu beharko litzatekeen gaia.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Eusko Jaurlaritzak eta Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako ekitaldia izan da. Janire Fragua izan da moderatzailea, eta hauek parte hartzaileak: Irune Suberbiola (Aguimar, Joko Makinen Enpresen Gipuzkoako Elkartea), Laura Macia (Deustuko Unibertsitatea), Aide Baranda (EHU), Pilar Urra (Etorkintza fundazioa) eta Sonia Gonzalez (Emakunde).
Baranda soziologoak azaldu du ausazko jokoetan gizonak eta emakumeak aritzen diren arren modu desberdinean jokatzen dutela, eta hori «sozializazio prozesuen ondorioa» dela. Gizonekoek erabiltzen dituzten jokoetan «arriskua» da faktore garrantzitsua; adibidez, pokerrean. Emakumeek, ordea, «ausan oinarria duten» jokoen alde egiten dute; bingoa eta loteria, erraterako.
Aldi berean, nabarmendu dute jokoaren merkatua gizonendako prestatuago dagoela, baina poliki-poliki emakumeengana moldatzen ari dela. Izan ere, arloko ikerketek bidea ireki diote emakumeei zuzendutako jokoaren publizitateari. Gonzalezek adibide bat eman du: «Kiroletan emakumeak ahalduntzea lortu dugu, eta hori jokoaren publizitaterako arrasto bat izan da. Aurrera goaz, baina, aldi berean, aurrerapen horiek arrisku bihurtzen dira».
Jokatzen duten emakumeen kopuruari buruz solastatzean, mahai inguruko partaide guztiek diote kopuru hori uste den baino handiagoa dela. Barandak erran du horren azalpen posible bat izaten ahal dela «estigma soziala». Hau da, gaiari buruz gutxi solastatzen denez, emakumeak lotsatuta sentitzen dira jokoarekin arazo bat dutela onartzean. Urrak azalpen hori berretsi du, azalduz jokoarekin arazoak dituzten emakumeak laguntza eskatzera joaten direnean «bakarrik eta ezkutuan» joan ohi direla. Gehitu du, gainera, emakumeek tratamenduak hasten dituztenean normalean alde batera uzten dituztela.
Etorkizunekoak
Hemendik aurrera egin beharrekoez mintzatzean, Maciak adierazi du ezinbertzekoa dela gaiaren inguruan informatzea eta heztea. Urrak gehitu du, horrez gain, detekzio goiztiarra ere badela garrantzitsua.