AEN Autismoaren Espektroko Nahasmenduekin lan egiten dutenen erronketako bat da: ahalik eta goizenen atzematea gaitza. Haur txikienekin jorratu beharreko bide horretan lan egingo dute Nafarroan: autismoa 0 eta 3 urte bitarteko umeetan hautemateko protokoloa sortu du gobernuak. Osasun eta hezkuntza arloetan jarriko du martxan; adingabe eta familia bakoitzak banakako esku hartze plan bat edukitzea da asmoa. Era berean, profesional guztien jarduerak bateratuko dituzte, lan sare bat eratzeko.
Osasun, hezkuntza eta gizarte eskubide arloetako profesionalek landu dute protokoloa. Algoritmo klinikoetan oinarritu da; horren bitartez, nahasmenduak diagnostikatzea ahalbidetzen duten alarma seinaleak goiz atzeman ahalko dituzte.
250 adingabek dute gaitza
Amalia Cuarteto Arreta Goiztiarrerako Zentroko zuzendariak azaldu duenez, arreta osoaren bitartez, denbora eta bitartekoak aurreztuko dituzte, prozedura azkartuko eta zerbitzuen bikoizketa saihestuko delako. «Kontua da eraginkortasuna handitzea, eta, koordinatuak izan beharrean, zerbitzuak osatuak izatea». Nafarroan 250 inguru adingabek dute autismoa diagnostikatua.
0 eta 3 urte bitarteko umeen kasuan, esku hartzeko ardura daukate Arreta Goiztiarrerako Zentroak eta haur eskoletako taldeek, adingabearekin eta haren familiarekin lanean ari diren bestelako zerbitzuekin koordinatuta. 3 eta 6 urte bitarteko umeentzako antzeko protokolo bat sortzeko ere lanean ari dira.
Autismoa txikitatik atzemateko bidean
Protokolo bat sortu du Nafarroako Gobernuak 0 eta 3 urte bitarteko umeetan autismoa detektatzeko. Zerbitzuen jarduerak bateratuko ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu