Atzokoekin, 44 lagun hil dira dagoeneko Euskal Herriko errepideetan,
Apirilean bi istripu handi gertatu ziren Gipuzkoan. Apirilaren 8an lau gazte hil ziren Elgoibarren, N-634 errepidean, auto baten eta furgoneta baten artean izandako talka larrian. Auto berean zihoazen lau gazteak hil ziren, eta furgonetakoak zauritu egin ziren. Lau gazteak Eibarkoak ziren, eta ezbeharrak zirrara handia eragin zuen herri hartan. Atzo El Diario Vasco egunkariak argitaratu zituen istripu horri buruz Ertzaintzak egin duen ikerketaren emaitzak. Iturri horien arabera, gazteak zihoazen autoak ibilgailu bat aurreratu zuen hori egitea debekatua dagoen toki batean, eta orduko 103 kilometroko abiaduran zihoan.
Handik astebetera beste istripu latz bat gertatu zen Usurbilen,A-8 autobidean azkarregi zihoan auto bat bidetik irtenda. Lau gizonezko hil ziren, guztiak Zarauzko bizilagunak.
Azken urteotan beherazko joera izan du errepideetan izandako istripuetan hildakoen kopuruak, bereziki azken urteotan. Konparazio baterako, 305 lagun hil ziren 2000. urtean Hego Euskal Herrian, eta 105 iaz. Beraz, bederatzi urte eskasean %60ko jaitsiera izan du istripuetako hildakoen kopuruak. Abiaduraren eta alkoholaren gain egiten diren kontrolek eragin dute horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera. Baita 2006ko uztailaren 1ean indarrean jarri zen puntukako gidabaimenak ere. Edonola ere, gehiegizko abiadurak eragiten ditu istripu larri gehienak, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Iaz, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hildakoak gertatu ziren istripuen %32tan horixe izan zen arrazoi nagu- sia.
Istripuak murrizteko kanpaina
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak kanpaina bati ekingo dio etzi, gehiegizko abiaduragatik gertatzen diren istripuak murrizteko. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 2008an egindako Bide Segurtasunaren Inkestaren arabera, gidarien erdiek aitortu dute inoiz edo behin gainditzen dutela abiadura muga.
5.000 lagunekin egindako inkestaren arabera, herritarren erdiei ongi iruditzen zaie isunak jartzea abiadura muga gainditzen duten gidariei, baina %30ek «gehiegizkotzat» jotzen dituzte.
Aurten hiru kanpaina egingo ditu Ertzaintzak abiadura kontrolatzeko. Astelehenean hasikoduena hilaren 30an amaituko da. Denbora horretan radar finko eta mugikorren bidezko kontrolak areagotuko dituzte. Aurten egindako lehenengo kanpaina martxoaren 25etik apirilaren 4ra egin zuten. 94.094 ibilgailu kontrolatu zituzten, eta 2.024 isun jarri zituzten.
Istripuak eragiten dituen arrazoi bakarra ez da abiadura. EspainiakoRAC elkarteak egindako azterketaren arabera, gidari ugari ibiltzen da autoaren gurpilak «egoera txarrean» dituela. Hain zuzen ere, erakunde horren arabera, gertatzen diren lau istriputik hirutan gurpilak gaizki egoten dira. Hego Euskal Herriko 50.000 gidari inguruk dituzte autoaren gurpilak gaizki, erakunde horrek emandako informazioaren arabera. Istripu horien erditsuetan, hain zuzen ere, gurpilak higatuta zeuden.
Urtekoistripuhandiak
Martxoaren 16an. Mugerren (Lapurdi), pasabidean gelditu zen auto bat harrapatu zuen trenak, eta bertan zihoazen bi pertsonak hil ziren. Apirilaren 6an antzera hil zen beste gidari bat Angelun (Lapurdi).Martxoaren 25ean. A-8 errepidea mantentzeko lanean ari ziren bi langile hil ziren Zaldibarren (Bizkaia), furgoneta batek harrapatuta. Getxon, berriz, emakume bat hil zen, auto batek harrapatuta, egun berean.
Apirilaren 8an. Elgoibarren (Gipuzkoa) istripua izan zuten bi ibilgailuk, elkar jota. Autoe-tako batean zihoazen lau bidaiariak hil ziren, bi egunen buruan.
Apirilaren 17an. Zarauzko lau bizilagun hil ziren Orio parean (Gipuzkoa), A-8 errepidean. Ibilgailu berean zihoazen, eta istripua izan zuten. 21 urteko beste gidari bat ere zauritu zen ezbehar hartan.
Maiatzaren 9an. Lau lagun hil ziren. Iruña Oka inguruan (Araba), poliziengandik ihesi zihoan pertsona batek istripua eragin zuen, eta bi lagun hil ziren. Gasteizen motor gidari bat eta Labion (Nafarroa) auto gidari bat ere hil ziren egun berean, istripuak izanda.
Maiatzaren 14an. Amurrion (Araba) jazo da azken istripua. 5 urteko umea eta haren aita hil dira ezbeharrean.