Estatistikak urte bukaeran iritsiko direla ohartarazi du, baina aurten istripu «larri» asko gertatzen ari diren ustekoa da Pedro Gutierrez (Bilbo, 1973). Stop Accidentes elkartearentzat peritu laguntzaile lanak egiten ditu Gutierrezek, eta nabarmendu du ez dela gehiegizko abiadura izaten istripuen arrazoi bakarra. Ez erlaxatzeko eta «kontuz eta arretaz» gidatzeko eskatu die gidariei.
Azken urteetan istripuz hildakoen kopuruak behera egin du, baina aurtengo urtea trakets doa. Gidariek teoria ikasia dutela ematen du; zerk huts egiten du, orduan?
Badakigu teoria? Edo uste dugu teoria badakigula? Bada estatistika bat esaten duena orduko 65 kilometroko abiaduran joanda oinezko bat harrapatzen bada %85etan hil egingo dela. Baina abiadura hori motela iruditzen zaigu guztioi. Eta orduko 32 kilometroko abiaduran joanda, oinezkoa harrapatuz gero, bitik bat hilko da. Eta denoi iruditzen zaigu orduko 32 kilometroko abiaduran joatea geldirik egotea dela! Ez dugu abiadura magnitudeen sentipena. Ez dugu ulertzen abiadurak zer arrisku dakarren. Joan zaitezke 120ra, nahi baduzu, baina parean arbola bat tokatuz gero, autoa erditik partituko da. Guk beti esaten dugu gidatzea, eskubidea baino, erantzukizuna dela, zeure burua eta besteak errespetatzeko erantzukizuna.
Istripu ugari ikusiko zenituen. Zer aholku emango zenizkieke gidariei?
Aholkuak? Ezer baino gehiago: kontuz eta arretaz ibiltzeko, eta segurtasun falta saihesteko, errutina sentipena gainetik kentzeko. Errutinagatik segurtasuna huts egiten hasten da, eta horrela istripuak gertatzen dira.
Zeintzuk dira istripuak eragiten dituzten arrazoi nagusiak?
Nik desegin nahi dut istripuen arrazoi nagusia beti abiadura dela dioen mito hori. Istripuak arrazoi kate bat izaten dira: abiadura, ibilbide desegokia, nahastea... Istripuak gutxitzeko, arrazoi guztiak landu behar dira, ez bakarra.
Gidarientzat egiten diren kanpainez aparte, zer gehiago egin liteke?
Egiten diren prebentzio kanpainak beharrezkoak dira. Ez da kendu behar; egin behar dena da gehitu. Adibidez, administrazioari esan behar zaio errepide hobeak eraikitzeko; autoak egiten dituztenei esan behar zaie ibilgailuen segurtasuna handitzeko eta potentziari propaganda ez egiteko, gero horrek ere eragiten baitu jendeak bizkor ibili nahi izatea.
Ikusten duzue hobetzeko aukera?
Uste dugu bideko segurtasunean badagoela zer egina. Urrats bat egin, eta bideko segurtasunaren ikuskatzeak egiten hasi behar da. Europaz gaindiko errepide sarean derrigorrezkoak izango dira datorren urtetik aurrera, baina guk uste dugu errepide sare guztian egin behar direla ikuskatze horiek, jakin behar dugulako nola dauden gure errepideak, zein arrisku dituzten, eta zer neurri hartu behar diren gaurkoa [atzokoa] bezalako istripuak ez gertatzeko. Amurrioko errepide zati horrek, adibidez, ematen du ona dela. Baina, azken bi urteetan, sei edo zazpi hil dira han. Errepide zabala da, eta bizkor ibiltzera eramaten du. Nire iritzia da, teknikaria naizen aldetik, elementuren bat jarri behar dela, eta ez soilik radar bat, gidariek ikus dezaten errepide zati hori itxuraz den baino arriskutsuagoa dela.
Zuena bezalako elkarteak laguntza handia izango dira istripuak izan dituztenentzat eta ingurukoentzat...
Istripua izatean, jendeak ez daki zer egin behar duen. Guk laguntza ematen dugu lege kontuetan, arlo teknikoan, psikologikoan... Ez bakarrik istripua izan dutenei. Argitu nahi dut, bide batez, biktimak ez direla istripua izan dutenak bakarrik. Biktimak dira hildakoen senideak, lagunak... Denak. Istripu bat gertatzean, inguru guztiak jasaten ditu ondorioak.
[email protected]
AUTO ISTRIPUAK. «Errepide sare guztian egin behar dira ikuskatzeak, istripu hauek ez izateko»
Aurten errepideetan istripuz hildakoen kopuruak kezka piztu du. Stop Accidentes elkarteko peritu laguntzaileak argi du gidariek ez diotela neurria hartu abiadurak esan nahi duenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu