Gero eta herritar gutxiagok erabiltzen dute garraio publikoa Gipuzkoan. 1996an 21,4 milioi bidaiarik erabili zituzten herrien arteko zerbitzua eskaintzen duten autobusak; 2004an, aldiz, 16,6 milioik. Hau da, ia bost milioi bidaiari gutxiagok (-22,46). Donostian bertan ere, hiriko autobus konpainia bidaiariak galtzen ari da: 1999an baino 1,3 milioi bidaiari gutxiago eta 2003an baino milioi erdi bidaiari gutxiago izan zituen iaz (26 milioi guztira). Trenari dagokionez, Eusko Trenek berak emandako datuen arabera, 800.000 bidaiari baino gehiago galdu zituen 2003tik 2004ra.
Zergatik? «Autoaren edo ibilgailu pribatuen erabileragatik», esan du Koldo Azkoitia Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapen diputatuak. «Mugikortasuna handitu egin da eta ibilgailu pribatuek eremu guztiak irabazi dituzte». Hala dio diputatuak eta hala dio EAEko mugikortasunari buruzko Eusko Jaurlaritzaren 2003ko azterketak: «Gipuzkoako mugikortasun motorizatuaren hazkunde guztia ibilgailu pribatuen bitartez egin da».Azterketa berak Gipuzkoan egunero egiten diren bost minututik gorako bidaiak neurtu zituen. Guztira: 1,9 milioi. Nola? Oinez %46, ibilgailu pribatuan %38, garraio publikoan %10 eta beste garraiobide batzuetan %6. Gipuzkoan garraio publikoak mila biztanleko 48,5 leku eskaintzen ditu orduko: 10,5 trenean eta 38 autobusean.Gipuzkoan garraio publikoaren erabiltzaileek behera egin dute; auto kopuruak, aldiz, gora. 1996an 229.360 ziren (339 auto mila biztanleko); 2003an, aldiz, 276.174 (403 auto mila biztanleko). Eustaten 2001eko datuen arabera, Gipuzkoako familien erdiek auto bat dute, %17,4k bi eta %3,6k bi baino gehiago. Gipuzkoako familien %27k ez dute autorik.
Maiztasuna baino gehiago, azkartasuna helburu
Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz, autobusen kasuan erronka ez da maiztasuna handitzea, bidaiak azkarragoak izatea baizik. Koldo Azkoitia Lurralde Antolamendu eta Sustapen diputatuak Bizkaiaren kasua aipatu du: autobusek maiztasun handia dute, baina azken urtean aurrekoetan baino bidaiari gutxiago izan dituzte.
Azkoitiaren esanetan, «kalitatea» hobetu behar da. Baina zer da kalitatea garraio publikoan? «Distantzia eta denboraren arteko ratioa hobetzea, hau da, garraio publikoak bere funtzioa betetzea: herriak ahalik eta azkarren lotzea. Garraio pribatuarekin lehiatu behar dugu». Nola? Besteak beste, «beharrezkoak» diren geltokiak bakarrik jarrita.Gipuzkoako eskualdeetako garraio publikoaren eskaintza aztertuz gero, ezberdintasun nabarmenak daude batzuen eta besteen artean. Gipuzkoako Foru Aldundia ikerketak egiten ari da eskualde bakoitzean (batzuk bukatzear daude), tokian tokiko eskaerak identifikatu eta erantzun ahal izateko.Hutsuneak atzemateaz gain, garraio publikoa koordinatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusia. Horretarako Diputazioak berak eta Gipuzkoan herri arteko autobus garraioa eskaintzen duten hamaika enpresak sozietate bar sortu dute: Lurraldebus. Zertarako? Zerbitzuak koordinatzeko eta hobetzeko, informazio sistema bateratzeko eta txartel bakarraren bitartez prezioak bateratzeko.Urtebetean indarrean jarri nahi dute txartel bakarra. Txartel bakarrak txartel berarekin enpresa ezberdinetako autobusetan ibiltzea ahalbidetuko du. Oraingoz, autobusetan bakarrik (herri arteko autobusez gain, Donostiakoak ere sartu nahi dituzte). Aurrerago, Eusko Treneko eta Renfeko trenak ere integratu nahi dituzte. Konpainia guztiek txartela baliogabetzeko sistema bera izango dute (kontakturik gabekoa aztertzen ari dira).
Autoak gora, garraio publikoa behera
Gipuzkoan autoan egiten dira eguneroko bidaia gehienak, eta autobusak eta trenak bidaiariak galtzen ari dira etengabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu