Ekintzaile feminista

Maitena Monroy: «Autodefentsa feminista patriarkatuaren aurkakoa da, ez soilik indarkeriaren aurkakoa»

Emakumeei beren burua defendatzeko legitimitatea ukatu dietela salatu du Monroyk, autodefentsa feministari buruzko liburuan.

MAITENA MONROY
Maitena Monroy, Bilbon, bere liburuarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko azaroaren 26a
05:10
Entzun

Autodefentsa feministaren inguruan Euskal Herriko aditu nagusietako bat da Maitena Monroy (Bilbo, 1972). 30 urtez emandako ikastaroetako ezagutzak eta bizipenak jaso ditu orain liburu batean: Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no (Autodefentsa feminista. Ezetz esaten ikasteaz harago). Ezinbestekotzat jo du teoria feminista izatea autodefentsaren ardatza: «Izu sexualari aurre egiteko modurik onena feminismoa da».

Mundu guztiak ez du berdin ulertzen autodefentsa feminista. Nola definituko zenuke?

Despatriarkalizatzeko tresna politiko bat da, eguneroko matxismoaren aurka nola jardun pentsatzeko.

Ez duzu aipatu defentsa pertsonala.

Nahi duenak egin dezake defentsa pertsonala, baina lehenik landu behar dugu gutako bakoitzaren barruan bizi den patriarkatua. Denak sozializatu gara kultura patriarkal, arrazista eta klasista batean; beraz, barneratuta dauzkagun misoginia eta genero estereotipoak identifikatu behar ditugu. Adibidez, tailerretan asko lantzen dugu autoritatearen gaia: emakumeek badugu eraso bati erantzuteko gaitasuna, baina autoritatea kendu digute; geure burua defendatzeko deslegitimatu gaituzte. Ez soilik eremu fisikoan, baizik eta edozein muga jartzen dugunean, lan arloan edo gure bizitza afektiboan, erresistentzia patriarkala adierazten duten mezuak jasotzen ditugu, gu isilarazteko, hala nola zakarrak garela, edo histerikoak. Horregatik feminismoak izan behar du tresna honen ardatz nagusia. Begirada horrek lagunduko digu genero presioak erregulatzen, agindu horiek politizatzen, eta ulertzen, hain zuzen, ez direla arazo pertsonal bat. Izan ere, andreok jasaten dugun indarkeria gehiena ez da fisikoa.

Autoritatea aipatu duzunez, zenbat emakumek esan dizute ikastaroetan ez diotela erasotzaileari min egin nahi?

Askok. Hainbat gauza adierazten ditu horrek. Lehenik, babesgabetasun erradikala, hau da, norbere buruari ez aitortzea defendatzeko eskubidea. Bigarrenik, emakumeak besteentzat izateko eraikita gaudela, eta horrek esan nahi du besteari gertatzen zaiona garrantzitsuagoa dela. Hirugarrenik, andreak sarri ez direla ohartzen haien bizia arriskuan dagoela; nolabait ere, joera dugu pentsatzeko ez dela hain txarra izango, norberari ez zaiola gertatuko, edo ez duguls uste erasotzailea gertukoa izango denik. Eta ez dugu legitimitaterik sentitzen geure burua defendatzeko, baina gertuko emakume bat salbatzeko, bai: ikastaroetan planteatzen dudanean maite duten emakume bati ari zaizkiola eraso egiten, orduantxe esaten dute begiak aterako lizkioketela erasotzaileari.

Iruditerian dago sexu erasoak kalean eta gauez izango direla. Emakume asko autodefentsa ikastaroetara doaz halakoetan beren burua defendatzen ikasteko, eta gero ohartzen dira harago doala?

Bai, ikastaroen inguruko espektatibak lantzen ditugunean hori agertzen da, baina pozez hartzen dute teoria feministak ikusarazten diena. Autodefentsa ikastaroetako karteletan ere agertzen dira boxeo eskularruak, baina nik beti diot gauza bera: erraza da kolpe bat ematen ikastea; zailena da sinestea mugak jartzeko eskubidea duzula. Horregatik esaten dut autodefentsa feminista patriarkatuaren aurkakoa dela, ez soilik indarkeriaren aurkakoa.

«Erraza da kolpe bat ematen ikastea; zailena da sinestea mugak jartzeko eskubidea duzula»

Emakume batzuek galdetzen dizute ea beldurrik gabe bizitzen irakatsiko diezun...

Ez da humanoa beldurrik gabe bizitzea. Baina beldurrak kontestu konkretu bat behar du; ezin da izuan bizi. Kontua da ez dagoela emozio positiborik edo negatiborik: beldurra giza emozio oinarrizko bat da, baina ezin da bizi etengabe beldurrez. Tratu txarrak jasaten dituen emakume bati ez diot esango beldurrik ez izateko, baizik eta aktibatzeko eta segurtasun plan bat lantzeko, arriskuan dagoelako. Hortaz, beldurra identifikatu behar dugu, alerta feminista bat sortzeko. Gauza askok eragin diezagukete beldurra, baina ez genuke bizi behar indarkeria matxista jasateko beldurrez.

Zein beste egoeratarako ematen ditu gakoak autodefentsa feministak?

Aurrekoan, emakume batek esan zidan presio handia duela ama izateko, eta horri aurre egiteko ere erabil daiteke autodefentsa feminista: esan zure inguruan asanblada bat antolatuko duzula zure bizitza pertsonalean funtsezkoa den zerbait erabakitzeko, eta sinatu beharko dutela erantzukidetasun dokumentu bat, zure haurren zaintzaz arduratzeko. Halako egoerek ezinegon handia eragiten digute, baina gehiago kostatzen zaigu hori ikustea, izu sexualaren iruditeria hor dugulako. Eta, gainera, oso mugako egoeretan irudikatzen dugu geure burua: gauez, kale ilun batean, ezezagun batekin... Bortxaketaren kulturak egoera konplikatu horietan kokatzen gaitu emakumeak, zeintzuetan ustez oso zaila baiten norbere burua defendatzea. Kontakizun kulturalean esamolde pila batek andreen gain jartzen dute indarkeriaren kontrola: «Zergatik ez da etxetik joaten?», edo «kontuz ibili». Eta ea: nik mugak jar ditzaket, baina bortizkeriaren gaineko kontrola hura egiten edo betikotzen duenak dauka.

Zergatik da garrantzitsua maitasun erromantikoaz hitz egitea autodefentsarekin lotuta?

Garrantzitsua da maitasunaz hitz egitea, eta afektuez orokorrean. Izan ere, emakumeak bidegurutze afektibo batean jartzen gaitu patriarkatuak: hezi gaituzte besteen ongizate emozionalaz arduratzeko, eta sinetsarazi digute derrigorrez izan behar dugula lotura afektibo bat mundu guztiarekin. Eta horrek arazo asko eragiten dizkigu harremanetan, arlo guztietan, mundu guztiak maita gaitzala nahi dugulako eta hori ezinezkoa delako, edo asko kostatzen zaigulako erlazio horietan mugak jartzea.

«Emakumeak bidegurutze afektibo batean jartzen gaitu patriarkatuak: sinetsarazi digute derrigorrez izan behar dugula lotura afektibo bat mundu guztiarekin».

Esan ohi da berdintasun gehiago lortu ahala indarkeria gutxiago izango dela, baina hori auzitan jarri duzu.

Indarkeria desberdintasunaren adierazpen bat da, baina baita patriarkatuaren erreakzio bat ere, eta horregatik esaten da emakumeen aurkako indarkeria gordindu dela: bortxa ez da inoiz desagertu, genero harremanak eta botere abusua iraunarazteko sistemak daukan bermea delako; eta orain, gainera, bada erreakzio patriarkal bat berdintasunaren arloko aurrerapausoen aurka. Ukaezina baita berdintasunean aurrera egin dela: ni ez naiz bizi nire amonaren gizarte berean, aukera gehiago dauzkat, baina horrek ez du esan nahi nire bizitzan indarkeriarik ez denik. Arazoa ez da emakumeok zer egiten dugun, baizik eta ordena soziala oraindik oso patriarkala dela, nahiz eta berdintasunaren ilusioz mozorrotzen den. Ildo horretan, arazo bat dugu: uste dugu berdintasunean hezten ari garela, eta uste dugu berdintasunean heztea dela eredu androzentrikoari jarraitzea, hau da, mutilei eta neskei mezu berdinak ematea eta maskulinitateari lotutako balioak hobestea: indarra, adorea...

Ez du hala behar?

Neskei eta mutilei erreminta diferenteak eman behar dizkiegu, errealitatea desberdina delako batzuentzat eta besteentzat. Mutilek beren parekoak auzitan jarri behar dituzte, haientzat mingarria izan arren, zeren desberdintasuna mingarria baita. Mutilekin aritzen garenean, sarri min egiten digu haien minak, neurriz gain ahaldunduta egon arren, baina ez digu hainbeste min eragiten nesken desboteretzeak.

Gizonei zergatik kostatzen zaie hainbeste indarkeriari eta beste gizonei aurre egitea?

Bizitzako lehen urteetan identitate soziala osatzen dutenean, fatria eraikitzen dute; eskoletako jolastokietan eta plazetan ikusten dugu: mutilek espazio zentrala hartzen dute; aldiz, emakumeak periferietan sozializatzen gara, eta gero asko kostatzen zaigu espazio zentrala hartzea. Beraz, lehenik, gizonek beren burua aztertu behar dute, ohartzeko indarkeria hau ez dela besteena, baizik eta euren sozializazioaren eta pribilegioen parte. Zeren nola da posible gizonek esatea ez dutela genero gatazkarik ikusten, gure bizitzetako alor guztietan badago? Eta zaila da, noski, feminista gisa posizionatzea edo genero disidentea izatea; emakumeentzat ere hala da. Baina gizonei kostatzen zaie posizionatzea, hala uko egin diezaioketelako erantzukizunak bere gain hartzeari.

«Indarkeria desagerrarazteko, ezinbestekoa da indarkeria desexualizatzea: bortxaketa bat ez da sexu harreman bat»

Azken urteetan asko hitz egin da taldeko bortxaketez. Zeren adierazle dira?

Rita Segatok krudeltasunaren pedagogiaz hitz egiten du: emakume bati min eginez gozatzea. Eta berriro goaz hezkuntzara. Ume eta nerabe gehienek sexualitateari buruzko hitzaldi bat jasotzen dute, nahi gabeko haurdunaldiak saihestera oso enfokatuta, baina sexu heziketarekin lotura handirik ez duena. Beraz, desinformazio patriarkal handia dago sexualitatearen inguruan. Eta gazteek gehien deskargatutako bideoa taldeko bortxaketa batena bada, zeren bidez ari dira sexualitateaz ikasten? Indarkeria desagerrarazteko, ezinbestekoa da indarkeria desexualizatzea: bortxaketa bat ez da sexu harreman bat. Eta tresnak eman behar zaizkie: mutilei argi azaldu emakumeen aurkako indarkeria ageri den bideo bat iritsi ahal zaiola, agian bere lagun onenak bidalita, hori ez dela sexualitatea baizik bortxa, eta geldiarazi egin behar duela, eta adierazi horrelakoak ezin direla onartu, emakumeen aurka bortxa erabiltzen dutelako. Nola da posible bortxaketa baten bideoa telefono batetik bestera zabaltzea? Horrek adierazten du normalizatu egin dutela bortizkeria, grazia egiteraino edo plazera emateraino.

Liburuaren azpititulua da Ezetz esaten ikasteaz harago, eta ez zara ari soilik indarkeria egoerez; besteak beste, zaintzeko derrigortasuna aipatu duzu.

Emakume pila batek beste pertsona askoren biziak sostengatzen dituzte, baina asko kostatzen zaie beren burua zaintzea, presio handia dutelako; ez dago erantzukidetasun sozial, instituzional eta laboralik, eta, beraz, oso zaila da norbere burua lehenestea, zeurekoi izatea aurpegiratuko badizute. Denbora desjabetze bat dago hor: andreek ez dute denbora propiorik. Beraz, zaintzaren alorra erabat aldatu behar da; greba feminista orokorrerako deialdiak argi dioenez, zaintzarik gabe ez dago bizitzarik. Baina zaintzak zaurgarritasun edo mendekotasun garaiez harago ere ulertu behar ditugu; lanera joateko, elikatzeko, denerako dira beharrezkoak. Beraz, denon ardura da zaintza kolektiboki eraikitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.